Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 16

Herritarren parte-hartzearen eta gardentasunaren arloan eskubideak sustatzeko konpromisoa azpimarratu du Nafarroako Gobernuak

EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak faltan botatzen duen lege berri eta aurreratu bat garatzeko aurreko legegintzaldiko anbizioa, 2020tik geldirik ikusten duena

Javier Remírez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuak "konpromiso argia" duela gardentasunaren eta parte-hartzearen arloan XXI. mendeko herritarren eskubide berriak bultzatzeko.

 

Ildo horretan, lehen lehendakariordeak gogorarazi du legealdi honetan egindako beste jarduera batzuen artean, Nafarroako Gobernu Irekiaren Plana onartu dela, 25 konpromiso zehatz biltzen dituena, hala nola desgaitasuna duten pertsonekiko "espazio inklusiboak" edo gazteen eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko mekanismoak.

 

Herritarren parte-hartzea "beharrezkoa da demokrazia eraikitzeko, eta gure sistema instituzionala aberasten du", adierazi du kontseilariak, legegintzaldi honetan egindako jarduerak "urrats garrantzitsuak" direla iritzita.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) azpimarratu du 2019ko Partaidetza Demokratikoari buruzko Foru Legea "jauzi kualitatiboa" izan zela aurreko araudiarekiko, "mekanismo berritzaileak eta aurreratuak" sartu zituelako demokrazia deliberatiboaren esparruan.

 

"2022aren erdialdean gaude, hau guztia dagoeneko zabalduta egon beharko litzateke", baina legearen arau-garapena 2020ko ekainean eten egin zen pandemiaren ondorioz, eta ordutik "ez dute gai horren berririk izan”, adierazi du Ruizek.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma) uste du "lotsagarria" dela interpelazio hori "parte-hartzean sinesten ez duen eta demokrazian sinesten ez duen Ganbera honetako alderdi politiko bakarrak” aurkeztea.

 

Navarra Sumako bozeramaileak errefusatu egin du interpelazio hori "ETAren izen-mailegatzaileek eta Nafarroako eta Espainiako bizitza demokratikoan parte hartu nahi zutenen hilketa gaitzesten ez dutenek" aurkeztea.

 

Inma Juríok (PSN) Esparzaren hitzaldia gaitzetsi du, "parte-hartze demokratikoa zer den erabat ezagutzen ez duenaren seinale baita eta eztabaida haserrean oinarritutako diskurtso" bihurtzeagatik. Zehaztu duenez, “Navarra Sumaren eleduna bere taldearen aurrean zenbat balio duen erakusten ari da, horretarako herritarrei errespetua galduz eta biktimak Gobernuari min egiteko erabiliz”.

 

Blanca Regúlezek (Geroa Bai) nabarmendu duenez, "ezinbestekoa da atzerapenik gabe" legea erregelamendu bidez garatzea, baina hori egiteko “borondate politikorik ez dagoela” adierazi du.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) nabarmendu du lege horrek "joan-etorri asko" eragin dituela, eta ohartarazi du positiboa litzatekeela herritarrak ohitzea "ohiko kontsultetara, kontsulta arinetara, errazetara". Horretarako, borondate politikoa eskatu dio Gobernuari.

 

Marisa de Simónek (I-E), "herritarren parte-hartzea demokrazia bati eusten dion zutabea" dela esan ondoren, kontu ematearen eta gardentasunaren printzipioak defendatu ditu gai publikoen kudeaketan.