Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Apirilak 25

Parlamentuak ‘lanaren etorkizunari’ heldu dio Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituneko Lehen Konbertsatorioaren esparruan

Unai Hualdek aukera berdintasuna bermatzeko zailtasunak aitortu ditu, baina Legebiltzarrak eta taldeek gizarte bazterkeria ezabatzeko duten konpromisoa azpimarratu du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur arratsaldean hasiera eman dio Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituneko Lehen Konbertsatorioari. Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak antolatu du bilera, ‘lanaren etorkizunari’ heltzeko, gizarte bazterkeria ezabatzeko ezinbesteko baldintza den aldetik, Legebiltzarrak ezarritako lankidetza eta zabalkunde estrategiari jarraituz.

 

Testuinguru horretan, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Ituna, zeina “berritu, eguneratu eta handitu” egin baitzen 2021eko otsailean, “garatu eta betetzearen alde” Parlamentuak hartutako “konpromisoa” berretsi ondoren, Unai Hualdek azaldu du jada Osoko Bilkuran eta batzordeetan jorratu diren gaien eztabaida beste maila batera jasotzeko borondateari erantzuten diotela honelako ekimenek.

 

“Mahai gainean jarri nahi ditugu ikuspuntu desberdinak, lanaren etorkizunari eta pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren ratioei eragiten dieten beste gai batzuei begira. Ez da erraza aukera berdintasuna bermatzea, baina asmo handiak izan behar ditugu, eta maila sozioekonomikoan jokaleku ahalik eta onena sustatuko duten arauak sortu”.

 

Hori dela eta, lehendakariak gogorarazi du pandemiak azkartu baino ez dituela egin “berrikuntzari eta digitalizazioari lotutako ekoizpen prozesuetako batzuk. Globalizazioa, desazkundea, kapitalismoa eta aldaketa teknologikoak lehendik ere baziren aztergai eta arretagune. Orain lan erreformaren ondoriozko aldaketak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa gehitu zaizkio, besteak beste. Eta kanpoan, badugu gure mugetatik hara hartutako erabakien zuzeneko eragina, Ukrainako inbasio eta gerrarena, esaterako. Denak eragiten die gure gizarteari eta gure ekonomiari”.

 

Horiek horrela, “Estatuko beste erkidego batzuen aldean Nafarroak egoera makroekonomiko ona izan arren”, Unai Hualdek “bertan gozo ez egoteko” eskatu du, eta, horretarako, lanaren inguruan planteatutakoa bezalako “azterketak eta eztabaidak” egin behar direla gehitu du. “Gaur Alessandro Gentileri entzutea da garrantzitsua. Espero eta desio dut aberasgarria izatea guztiontzat”.

 

Ondoren, Alessandro Gentilek, Zaragozako Unibertsitateko Psikologia eta Soziologia Saileko irakasleak, solasaldiari hasiera eman dio baieztatuz, krisi iraunkorreko aro batean, “lanaren etorkizunak kontratu sozial berri bat behar” duela, “lanaren etika berri bat eta enplegua erregulatzeko modu berriak argitu eta definituko dituena”.

 

Baina, gaineratu duenez, “aldaketa hori ez da erabatekoa izango baldin eta lan-munduan eta gure ongizate-sistemarik zabalenean justizia soziala errealitate bihurtzeko erantzukizuna hartzen ez badugu. Horrek esan nahi du bi gauzaren aldeko apustua egitea. Batetik, balioa sortzeko ereduetan humanismo berri baten alde egitea, eta, bestetik, eskubide sozialen sistema bermatu baten alde egitea, bai bakoitzak langile gisa egiten duenaren arabera, bai bakoitza gizabanako eta herritar gisa egiten duenaren arabera".

 

Gentileren hitzaldiaren ondoren “hausnarketarako gune” bat ireki da, Gizarte Entitateen Plataformako kide Jon Echeverriak moderatutako eztabaida bat, non Banu Taldeko, Emauseko Trapuketetako, Gizarte Entitateen Plataformako ordezkariek eta bertaratutako hainbat pertsonak parte hartu duten.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Angel Ansa (Navarra Suma), Nuria Medina, Arantza Biurrun (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu), Mari Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako kontseilaria eta Mikel Irujo, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria.