Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 10

Foru Gobernuak Errenta Bermatuaren erreforma berretsi du eta sistemaren indarra nabarmendu

Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzunez, non errentaren tramitazio arinagoa eta errazagoa eskatzen baita

Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk Errenta Bermatuari buruzko Legearen erreforma berretsi du, eta esan du Nafarroak prestazioen eta zerga neurrien sistema zabala duela, "herrialdeko sistema sendoenetakoa, sendoena ez bada, eta ezinbestekoa inor atzean ez uzteko".

 

Podemos-Ahal Duguk gutxieneko diru-sarrerei eta errenta bermatuari buruz egindako interpelazioari erantzunez, kontseilariak adierazi du tresna horiek "giltzarri" direla, eta diru-sarrerak bermatzeko sistemak hainbat prestazio ekonomiko eta zerga-neurri biltzen dituela.

 

Errenta bermatuan guztira 110,6 milioi euroko gastua egin da, bizitzeko gutxieneko diru-sarreran 2020an egindakoa baino % 3 txikiagoa, eta 14 milioi eurotik gorako kenkari fiskalak aplikatu zaizkie pentsiodunei, 2020an baino % 15 gehiago.

 

Aurrekoari gehitu zaizkie toki entitateek larrialdi eta gizarteratze prozesuetarako jasotako laguntzak, kotizaziorik gabeko pentsioetarako osagarriak eta beste zerga-neurri batzuk, guztira 40 milioi euro.

 

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari dagokionez, esan du pobrezia larriaren aurkako borrokan urratsak emateko balio duela; eta, Estatuak enplegurako onetsi behar dituen pizgarriak ezagutu zain, hura Nafarroan errenta bermatuarekin bateragarria izatea balioetsi du.

 

Ildo beretik erantsi du bi prestazioak online eta aurrez aurre tramitatzeko sistema bateratua jarriko dela abian, eta horrek bizkortu eginen dituela, eta burokrazia eta itxaron denborak murriztu; gainera, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerak eta lan erreformaren onespenak errenten birbanaketari begira izanen duten eragin "positiboa" balioetsi du.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) deitoratu egin du enplegurako pizgarrien atzerapena, baina pozik agertu da Errenta Bermatuari buruzko Legearen erreformarekin. Esan du "duela hiru urte" izan behar zuela abian.

 

Hala, uste du errenta bermatuak ahalbidetuko duela haurren pobreziaren aurka borrokatzea, pobrezia larriaren atalasea gainditzea etxe guztietan –horretarako gastu sozial handiagoa behar da– eta "soldata urriak beste neurri birbanatzaile batzuekin konpentsatzea", zeren eta "pobrezia eta prekarietatea baitira pandemia latzena". Horrekin batera, errentaren tramitazio bizkorrago eta errazagoa eskatu du.

 

Navarra Sumaren ustez, Marta Álvarezen esanetan, "badira arrazoi sendoak errenta bermatuaren emaitzekin pozik ez egoteko". Esan du errenta horretara urtero 4.000-5.000 pertsona gehiago biltzen direla, baina inklusiorako eskubidea "gutxi batzuengana" baino ez dela iristen eta, beraz, "kontraprestaziorik gabeko sorospen bat" dela, pertsona gehienek "egun bakar batean ere" lanik egin ez dutenean urte osoan, 2015etik hona "2.000 hartzaile izatetik 14.000 izatera igaro garenean, pobrezia tasa hazten zen bitartean".

 

Aldiz, Nuria Medina sozialistak baieztatu du egungo sistema "konpromiso publiko ezinbestekoa" dela, "premia oinarrizkoenak asetzeko babes-sare bat", gizarteratze neurriekin bateragarriak diren diru-sarrerak bermatzen dituena. Puntu horretan azpimarratu egin du errenta bermatuaren hartzaileen % 30ek lan egiten dutela.

 

Geroa Baiko Isabel Aranburuk adierazi du errenta bermatua gakoa dela pobreziaren aurkako borrokan, 2020an hartzaileen % 30,7k egin zutela lan errenta jaso bitartean eta 2019an % 6k bakarrik egin zutela; beraz, "eredu ona" dela esan du, baina baita "eskubidea" ere, pobrezia borrokatzeko, eta hor ez dutela onartuko "inolako murrizketarik", ezta gizarteratzearen alorrean ere; gizarteratze plan operatiboa eskatu du, enplegurako pizgarriekin batera.

 

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak "Nafarroan pobrezia kronifikatu" eta "desberdintasunak areagotu" egin direla ohartarazi du. Hori dela-eta, haren koalizioak errenta bermatuan aldaketa batzuk egin nahi ditu hura egungo beharretara egokitzeko, langile txiro guztiei laguntzeko eta izapideak bizkortzeko. Bestalde, deitoratu egin du "aski ez den" lan erreforma onetsi dela, nahiz eta "estatistikak apaintzeko" baliatu.

 

I-Eren ustez, Marisa de Simónen hitzetan, "gutxieneko diru-sarreren bermea izateak esan nahi du justizia soziala, kohesio soziala eta etorkizunerako garapena izatea". Krisialdian familia askori "laguntza" eman dien sistemaren balioa nabarmendu du, eta hura hobetzeko erreforma fiskal baten alde egin du.