Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 23

Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko tributu-karga benetan lortutako irabaziari egokitzen zaio, Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin bat etorriz

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur, Navarra Sumaren abstentzioarekin, onetsi du Nafarroako Toki Ogasunen Aldaketari buruzko Foru Legea. Testu horren xedea da babes-klausula bat gehitzea, hartara, Konstituzio Auzitegiaren iragan urriaren 26ko epaia aintzat harturik, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren bidezko tributazioa “ahalmen ekonomikoaren printzipioaren aurkakoa” izan dadin eragozteko.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetu da foru legea, eta gehiengo osoa behar izan da hura onesteko. Tributu-karga “benetan lortutako balio-gehikuntzara” egokitzea du helburu, Konstituzio Auzitegiak eskatu duen bezala, honako hau ebatzi baitu: “zerga-oinarria zenbatesteko egungo sistema objektiboa eta nahitaezkoa mantentzeak urratzen du zergapetzeko irizpide gisa ahalmen ekonomikoa erabiltzearen printzipioa (Espainiako Konstituzioaren 31.1 art.), higiezinen merkatuaren eta krisi ekonomikoaren errealitatearekin zerikusirik ez duelako”.

 

Horrela, behin adierazita Konstituzioaren aurkakoak eta deusezak direla 107.1 artikulua (bigarren paragrafoa), 107.2 artikulua eta 107.4 artikulua, ohartarazten da zenbatespen metodoa konstituzionala izateko beharrezkoa litzatekeela “edo zerga-oinarria zenbatesteko metodo bakarra ez izatea, edo balizko gehikuntzak kargatzea, hau da, hala aurreikusi edo pentsatzekoa denez, denboraren poderioz gertatzen direnak”.

 

Beraz, zerga-oinarria zehazteko sistema objektiboa aukerako formula bilakatzen da, eta, 2021eko urriaren 26tik aurrerako zerga-egitateetarako, “aplikatzekoa izanen da baldin eta subjektu pasiboak ez badu baliatzen tributu-karga benetan lortutako balio-gehikuntzara egokitzeko eskubidea”.

 

Hiri-lurren balio-gehikuntza zergapetzeko “legegintzako aukera politikoa” ezbaian jarri gabe, Espainiako Konstituzioaren interpretatzaile nagusia den goi-auzitegiak uste du testu berria egokituta dagoela eta behar bezalako “segurtasun juridikoa” ematen diola zenbatespen sistemari, zeren eta lehengo taxueran “ez baitzuen kontuan hartzen zergak kargatzen duen eta zergadunak frogatzen duen ahalmen ekonomikoa”.

 

Hori guztia aintzat hartuta, eta “epaiak aipatzen ez badu ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea”, komenigarritzat jo da Konstituzio Auzitegiaren 72 Epaiak ezbaian jarritako arauak egokitzea.

 

Artikulu bakarrak aldatu egiten du Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, eta indarra hartuko du NAOn argitaratu eta biharamunean. Honako hau dio:

 

Bat. 172.4. artikulua, hirugarren paragrafoa.

 

“Balio-gehikuntzarik ez dela izan frogatzeko, lurraren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealak izanen dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, eragiketa horiek dokumentatzen dituzten tituluetan ageri direnak (eragiketa horiek kargatzen dituzten gastuak edo tributuak kontuan hartu gabe ondorio horietarako), edo, bestela, udalak edo higiezinaren eskualdaketa kargatzen duen zerga kudeatzeaz arduratzen den Zerga Administrazioak egiaztatutakoak, haiek baino handiagoak badira.”

 

Bi. 175.2 artikulua, paragrafo bat gehitzea amaieran.

 

“Aurreko paragrafoan aipatzen den eguneratzearen ondorioz, udalak onetsitako koefizienteren bat legezko gehieneko koefiziente berria baino handiagoa bada, berria aplikatuko da zuzenean, udalak gehiegizkoa zuzentzeko onesten dituen koefiziente berriek indarra hartu arte.”

 

Hiru. 175.6 artikulua.

 

“6. Nahitaezko desjabetzeen kasuan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da prezio-justuaren barruan lurraren balioari dagokion zatiaren gainean, salbu eta 3. apartatuan zehaztutako balioa txikiagoa bada, kasu horretan lehentasuna horrek izanen baitu prezio-justuaren aurretik.”

 

Lau. 175. artikulua, 7. apartatua gehitzea.

 

“7. Subjektu pasiboak eskatuta, egiaztatzen bada 172.4 artikuluan xedatutakoaren arabera zenbatetsitako balio-gehikuntzaren zenbatekoa txikiagoa dela aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera zenbatetsitako zerga-oinarriaren zenbatekoa baino, balio-gehikuntza horren zenbatekoa hartuko da zerga-oinarritzat.”