Justiziako kontseilariak Nafarroako Parlamentura eraman du Elizak Foru Komunitatean 1900. urtetik immatrikulatutako ondasunen zerrenda
2.952 ondasun dira, gehienbat landa finkak eta hiri finkak, eta haietatik 1.034 erregistratu dira Hipoteka Legearen 1998ko erreformaren ondoren
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur jaso du modu formalean, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosen eskuetatik, Elizak 1900. urteaz geroztik Foru Komunitatean immatrikulatutako ondasunen ohar soilen zerrenda. Guztira 2.952 ondasun zenbatu dira 1900etik 2021era bitarteko aldirako, eta horietatik 1.034 Hipoteka Legea aldatu eta gero erregistratu dira, 1998tik aurrera.
Legebiltzarrak 2019ko martxoaren 7an eta 2021eko martxoaren 18an onetsitako erabakietan agindu zuena bete eta osatu egin duen ikerlanaren arabera, 2.952 dira Nafarroan Elizak immatrikulatutako ondasunak, eta horietatik 1.034 immatrikulatu dira 1998tik aurrera, 1946ko Hipoteka Legearen erreformaren babesean. Immatrikulazio kopururik handiena, gehienbat landa eta hiri finkena (% 33 tenpluak dira), 1931n —legea egin aurretik—, 1981ean eta 2002-2006 bitartean egin zen.
2.952 ondasun horietatik 1.918 dira Eliza Katolikoak bere deituren pean 1998 aurretik immatrikulatu zituenak Hipoteka Legearen 206. artikuluarekin bat etorriz. Halaber zenbaketan sartu dira, Parlamentuak eskatu duen bezala, Iruñeko 3. eta 8. jabetza-erregistroetan 1998tik 2008ra bitartean egindako inskripzioak eta Nafarroan 2008tik 2015era bitartean egindakoak.
Gainerako 1.034 ohar soilak, berriz, 1998tik aurrera, Hipoteka Legea aldatu eta gero, Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunenak dira. Izan ere, aldatutako legeak bide eman zuen erregistratu gabeko ondasunak eta kultu tokiak inskribatzeko apezpikuaren ziurtagiri bat beste baldintzarik gabe; gainera, idazpenaren titularrak ez zuen ondare eskualdaketen gaineko zerga ordaindu beharrik, ezta inskripzioa aditzera eman beharrik ere.
1998tik 2007ra bitartean immatrikulatutako ondasunen ohar soilak 2008ko apirilean eskuratu zituen Nafarroako Parlamentuak, Elena Torres lehendakari zela. Espainiako Gobernuak iragan otsailean aditzera emandako zerrendaren parte dira.
Dokumentazioa jaso ondoren, Unai Hualdek poza agertu du “Parlamentuaren gehiengo zabalak, hain zuzen ere talde guztiek Navarra Sumak izan ezik, agindutakoa bete egin delako. Eskertu egiten dut kontseilariaren ahalegina. Lan hau mugarri bat da, ondasunen jabe eginez Nafarroako gizartearen zati handi bat amorrarazi duen Elizaren jokabide horren aurkako borrokan. Zerrenda hau NUKFi bidaliko zaio toki entitateen eskura jar dezan”.
Eduardo Santosek azpimarratu du, bestalde, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa dela “bideak jartzea udalerri batek ere ez diezaion berea denagatik borrokatzeari utzi arrazoi ekonomikoengatik edo zailtasun juridikoengatik”.
Horretarako, kontseilariak iragarri du Lurralde Kohesiorako eta Landa Garapeneko departamentuak negoziatzen ari direla Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretan partida bat ezar dadin NUPekiko hitzarmen bat sinatzeko. Horrela unibertsitateak eginen luke, “modu zehatz eta akademikoan, erreklamatzen diren herri ondasunen zerrenda, ohar soiletan dagoen informazioa ez baita aski”.
Azterlan horretan oinarrituta, Gobernuaren eta toki entitateen arteko lankidetzarako bide egokiak irekiko lirateke, hartara, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bitartez,, “herri lurren eta beste herri ondasun batzuen defentsa bermatzeko toki entitateei”.
Parlamentuko lehendakariari dokumentazioa euskarri fisikoan eta digitalean eman ondoren, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria Batzordearen aurrean agertuko da (09:15), Elizak immatrikulatutako ondasunei buruz Nafarroako Gobernuak eskatu dituen datuak aurkezteko.
Archivos adjuntos