Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Azaroak 18

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasun Mentalari eta COVID-19ari buruzko Estrategia eta Ekintza Plana taxutu eta bete ditzan O-NOZen

Osoko bilkuran onetsia. 2021eko azaroaren 18an

1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Osasun Mentaleko Estrategia eta Osasun Mentalari eta COVID-19ari buruzko Ekintza Plana taxutu ditzan.

 

2.- Foru Gobernuari eskatzen zaio osasun mentala gizatiartzeko eta duintzeko estrategia bat zertu dezan, langile soziosanitarioei horri buruzko prestakuntza ematea jasoko duena, arreta hobetzeko xedez, gaixoa eta haren familia pairatzen ari direnaren ulermenaz.

 

3.- Nafarroako Gobernua premiatzen da Oinarrizko Laguntza Psikologikoa gara dezan, PsicAp proiektua osorik ezarrita.

 

4.- Foru Gobernua premiatzen da Haur eta Gazteen Osasun Mentala sendotu dezan, prebentzio eta detekzio goiztiarreko estrategiak ezar ditzan eta Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko profesionalen arteko komunikazio-guneak sor ditzan.

 

5.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio osasun mentalean aditua den gaixoaren figura sor dezan, bere gaixotasuna ezagutzeaz gain beste batzuei gaixotasuna ulertzen eta horri aurre egiten lagundu baitiezaieke.

 

6.- Foru Gobernuari ohartarazten zaio lehentasunezkoa dela suizidioaren prebentzioa eta arazo horren ikusarazpena. Suizidioa prebenitzeko planak egin beharra dago, Osasunaren Mundu Erakundea eskatzen ari denarekin bat.

 

7.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio populazio-arrazionaltasunaren arabera egituratu dezan Osasun Mentala, halako moduan non sareak eta zerbitzuak gainjartzea ekidinen baita, baliabideak eskualdeen eta sektoreen arabera paratuko baitira eta Osasun Mentaleko sareko baliabide guztien koordinazio eta sinergiarako mekanismoak ezarriko baitira.

 

8.- Foru Gobernuari eskatzen zaio itunpeko zentroen gaineko kontrola areagotu dezan, ratioei, langileen prestakuntzari eta instalazioei dagokienez.

 

9.- Beste eskakizun bat da Osasun Mentaleko sarearen erabiltzaileen eta haien familien kexak jasotzeko sistema bat sortzekoa, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barruan babestuta senti daitezen saiatzeko.

 

10.- Nafarroako Gobernua premiatzen da gaixotasun mental larria (eskizofrenia, nahasmendu bipolarra...) ikusgai egin dezan; hartara, sentsibilizazio-kanpainak eginen dira, baita Hezkuntzan ere, horiek zer diren herritarrei jakinarazteko, estigmatizazioa ekiditearren.

 

11.- Lortu nahi da Foru Gobernuak dementzia nahiz bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak artatzeko estrategia eguneratu dezan; hartara, Dementzien Diziplina Anitzeko Unitatean sartuko da, neurologiarekin eta psikiatriarekin lankidetzan.

 

12.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio gaixotasun mentala eta adikzio-arazoak (patologia duala) dauzkaten pertsonei zuzendutako baliabideak gara ditzan; hartara, osasun mentaleko profesionalen eta erkidego terapeutikoen arteko lankidetza ezarriko da.

 

PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren baiezko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.