Estatuko Gobernua premiatzen da 2021eko apirilaren 30eko 20/2011 Legearen 54. artikulua alda dezan
Atal berri bat sartzeko, abizenak emateko baimena emanen duena aurreikusitako baldintzak bete beharrik gabe genero indarkeriaren edo indarkeria bikarioaren biktimen kasuan, premia arrazoiak tarteko
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “2021eko apirilaren 30ean indarrean sartu zen 20/2011 Legearen 54. artikulua, zeinetan ezartzen baitira abizenak aldatzeko eskaera egiteko bete behar diren baldintzak, alda dezan eta beste apartatu bat sar dezan, xedatuko duena genero indarkeriaren biktimen edota bere gurasoek eraildako haien seme-alaben kasuan, abizenak aldatzeko baimena ematen ahalko dela oro har aurreikusitako baldintzak bete beharrik gabe, eta kasu horietan baimentzen ahalko dela, premia edo segurtasun arrazoiak tarteko, nortasun osoa aldatzea ere, oro har aurreikusitako baldintzak bete beharrik gabe, erregelamendu bidez zehazten den prozedurari jarraikiz”.
Zioen azalpenean, Nafarroako Alderdi Sozialista eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak 20/2011 Legearen 54. artikulura jotzen du, 2021eko apirilaren 30etik indarrean dagoena, atal berri bat gehitu dadin “hildako edo eraildako pertsonen” kasua aurreikusiko duena.
Artikulu horretan ezartzen dira abizenak aldatzeko eskaera egiteko bete behar diren baldintzak. Hala, 5. apartatuan xedatzen da genero indarkeriaren biktimen kasuan, haiei edo haien ondorengoei abizenak aldatzeko baimena ematen ahalko dela oro har aurreikusitako baldintzak bete beharrik gabe, eta kasu horietan baimentzen ahalko dela, premia edo segurtasun arrazoiak tarteko, nortasun osoa aldatzea ere, oro har aurreikusitako baldintzak bete beharrik gabe.
Ekimen honen oinarrian dago abuztuan Bartzelonan aita batek eraildako semearen amaren eskaera, zenbait lege-aldaketa egin daitezen eskatu baitu, indarkeria bikarioaren biktimei abizenak aldatzeko premiazko prozedura baliatzea ahalbidetuko dutenak, ezin izan baitzuen halakorik egin haurraren hileta baino lehen.
Ebazpenak azaltzen du 2021ean bakarrik, 5 haur erail dituztela Espainian indarkeria bikarioaren ondorioz; 2013az geroztik, berriz, 42 izan dira eraildako haurrak.
Indarkeria bikarioa da seme-alabak erabiltzea haiek manipulatu eta amaren aurkako jarrera har dezaten, amari era horretan min emateko, ama gaizki sentiarazteko, gorrotoa eta beldurra sorrarazteko eta, ondorioz, haien arteko harremana hausteko.
Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Isabel Olave, Ángel Ansa, Marta Álvarez, José Suárez, Pedro González, Elena Llorente (Navarra Suma), Nuria Medina, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama, (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (120. NPAO, 2021-10-26koa)