Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua egokitzeko Ponentzia eratu da
Parte-hartzeari, gardentasunari, transfugismoari eta hizkera inklusiboari dagokionez testua egokitzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, eta Unai Hualde izango da lehendakaria
Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua herritarren parte-hartzeari, gardentasunari, transfuguismoari, hizkera inklusiboari eta hura eguneratzeko egokitzat jotzen duen beste edozein gairi dagokionez egokitzeko Ponentzia eratu da gaur.
Ponentziak Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria aukeratu du presidentetzat, eta Silvia Domenech legelari nagusiak lagunduko dio, idazkari gisa. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira. Txostena egiteko epea sei hilabetekoa izango da, eta epe hori luzatu ahal izango da.
Honako parlamentariek osatzen dure Ponentzia: Marta Álvarez (titularra), Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (titularra), Arantza Biurrun (PSN), Blanca Regúlez (titularra), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz (titularra), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (titularra), Mikel Buil(Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
Gaur lehen orduan ospatu den lehenengo bilkuraren ondoren, erabaki da apirilaren 16ra arteko epea ematea proposamenak aurkezteko. Behin betiko lan-plana taxutze aldera, apirilaren 20an egingo den hurrengo bileran aztertuko dira proposamen horiek.
Podemos-Ahal Duguren eskariz otsailaren 15ean Mahaiak onetsitako Ponentziaren helburua zen Parlamentuaren Erregelamendua egokitzea Nafarroako partaidetza demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean xedatutakoaren arabera, eta 5. artikuluan jasotako eskubideen erabilera atzerapenik gabe bermatzeko, gehienez ere 6 hilabeteko epea ezarri zen.
Halaber, Erregelamendu Batzordeak Lehendakaritzaren proposamena aintzat hartu du, zeinak Ponentziaren egitekoa beste gai batzuetara zabaltzea proposatu duen, hala nola gardentasunari, transfugismoari edo hizkuntza inklusiboari dagozkien gaietara.
Zehazki, Ponentzia arduratuko da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen transposizioa aztertzeaz, bai eta transfugismoaren aurkako neurrien txertaketa aztertzeaz ere, eta testu bateginaren idazketa hizkera inklusiboaren eskakizunetara egokituko du.
Nafarroako Parlamentuari eta bere kideei dagokienez, 5/2018 Foru Legean jasotako gardentasun-printzipioen aplikazioa (ondarearen eta jardueren aitorpena barne) bertako Erregelamenduaren eta gainerako garapen-arauen bidez eginen da. Ganberak gardentasunaren arloan emandako ebazpenek administrazio-bidea agortzen dute, eta ezin da aukerako errekurtsorik aurkeztu Nafarroako Gardentasun Kontseiluan; horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezingo da jarri.
Erregelamenduaren testu bategina 2011ko irailaren 12an onartu zuen Mahaiak eta 2011ko irailaren 15ean Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Testuak zehatz-mehatz arautzen ditu Ganberaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko gai guztiak.
2011koa izan zen Erregelamenduaren azken aldaketa sakona. Berrikiago, 2020ko irailean, erreforma puntual bat onartu zen, kasu honetan interpelazioak (taldeen txandaketa eta taldeen tamainaren araberako kupoa) antolatzeko alde batetik, eta adierazpen instituzionalak aho batez onesteko beharra ezarriz, bestetik.
Erregelamenduaren erreforma, zehaztuz gero, foru lege proposamenen arauen arabera formulatu eta izapidetutako proposamen bat aurkeztuz gauzatu beharko da (nahiz eta Nafarroako Gobernuaren esku-hartzerik gabe), eta Erregelamenduko Batzordeak izanen du irizpena egiteko eskumena. Osoko Bilkurak onartutako testu osoari buruzko azken bozketan, legebiltzarreko kideen gehiengo osoa beharko da.
Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak Ganberako barne bizitza sistematizatzen du. Arau- eta funtzio-autonomiaren adierazpena da, eta Parlamentuko lanen garapen ordenatua bermatzeko hainbat arau ditu, bai eta lehendakariak, mahaiak edo osoko bilkurak arau horiek hausten dituztenei ezar diezazkiekeen zehapenak ere.