Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da lan egin dezan alokairuen iraunkortasun-indizea errealitate bat izan dadin

Higiezin bakoitzak bere ezaugarrien arabera izan beharko lukeen gehieneko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko eta, gainera, kontratuak berritzeko gehiegizko gehikuntzak saihesteko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behar diren aldez aurreko lanei eki diezaien, lortze aldera Alokairuen Iraunkortasun-Indizea (ISA) errealitate bat izatea 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera”.

 

Ildo horretan, ezartzen da, alde batetik, “zuzeneko zergetan (PFEZ) lehentasuna eta penalizazioa jartzea etxebizitzen alokairuari, haien errentak ISAtik behera edo gora egiten duenean”.

 

Era berean, “lehentasuna eta penalizazioa jartzea kontratu berrien errentak mantentzeari edo handitzeari, etxebizitza beraren aurreko kontratuekin alderatuta”.

 

Bestalde, “etxebizitzak ISAtik gora alokatzea debekatzea, jabeen elkartearen bidez zaharberritzeko dirulaguntzak eskuratu badituzte”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “bateragarri egin ditzan alokairuen iraunkortasun-indizeari loturiko neurri fiskalak eta etxebizitza hutsengatiko jarduketa eta penalizazio fiskalak. Horretarako, Nafarroako Gobernua berriz ere premiatzen da etxebizitza hutsen errolda burutu dezan”. EH Bilduren eskariz gehitu da atal hau, Podemos-Ahal Duguk gehitzeko zuzenketa onartu ostean.

 

Hala ere, ez da onartu bigarren zuzenketa bat, “alokairuen iraunkortasun-indizeari dagozkion baldintzak eta betebeharrak edozein modalitatetako zaharberritze-dirulaguntzak jaso dituzten etxebizitzen kasuei zabaltzeko” asmoa zuena.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak alokairuko etxebizitzen prezioen igoera deitoratzen du, “azken bost urteetan igoera % 46koa” izan baita, eta “familia askorentzat zenbateko horri aurre egitea ezinezkoa” dela gehitzen du, izan ere, “etxebizitzaren alokairua hilabeteko 1.000 eurora hurbiltzen da, eta batzuetan hortik gora egiten du”.

 

Gauzak horrela, eta "pandemiarekin batera sortutako krisi ekonomikoak" eragindako "igoera geldiezin" horren ondoriozko zailtasun ekonomikoak arintzeko, gogora ekarri da "foru itun" bat dagoela, besteak beste, alokairuen iraunkortasun indizea sortzearekin lotuta.

 

Azaldutakoaren arabera, higiezin bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, izan beharko lukeen gehieneko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko sortutako tresna da, eta, gainera, kontratuak berritzeko gehiegizko gehikuntzak saihesten ditu.

 

Horregatik, PSOE eta Unidos Podemosen arteko koalizio-gobernuak oinarri duen akordio programatikoa alde batera utzita, non etxebizitzaren arloko politikei erreferentzia esplizitua egiten zaien, proposamena egin duenak María Chiviteren "inbestidura-itunera" jotzen du, Estatuko ekimenen eragina alde batera utzi gabe, alokairuen iraunkortasun-indizea sortzea eskatzeko.