Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 25

Foru Exekutiboak adierazi du Zientzia Plan berri bat lantzen ari dela I+G+Bren bidez lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa bultzatzeko

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak diru-laguntzen eredu “eraginkor” bat eskatu duen

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak azaldu duenez, Foru Exekutiboa Zientzia Plan berri bat lantzen ari da, "emandako pausoak sendotzeko eta Zientzia Legea eta bere alderdi guztiak garatuz I+G+b sistema hobetzeko".

 

Kontrolerako Osoko Bilkuran Navarra Sumak aurkeztu duen interpelazioari erantzunez, Irujok ziurtatu du “Gobernuak badakiela I+G garapen ekonomikorako, lehiakortasunerako eta gizarte-ongizaterako oinarrizko zutabea” dela, eta lanean ari dela I+Gko inbertsioa bultzatzeko.

 

Irujoren hitzetan, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuak "elkarrekin" ari dira lanean "inbertsioa gizartearen mesedetan bultzatzeko", eta hori horrela, "urtero handitu da I+Grako aurrekontu-esleipena, bai departamentuentzat, bai enpresentzat".

 

Kontseilariak adierazi duenez, 2015ean Nafarroako Gobernuaren I+G deialdi publikoek 7,8 milioi euro batu zituzten, eta 2021ean 28 milioi euro izanen dira. "Hobetzeko esparruak egon daitezke, baina bost urtetan orain arte ezagutzen ez zen egonkortasuna eman diogu sistemari, eta azken hamarkada guztian zehar baino diru gehiago jarri dugu", berretsi du.

 

Elena Llorentek (Navarra Suma) adierazi duenez, 2009an, krisi ekonomikoan, Nafarroa Espainiaren buruan zegoen I+G+b inbertsioan, BPGren % 2,2ra iritsiz. 2017an berriz ehuneko hori % 1,7ra jaitsi zela eta EAEk Nafarroa gainditu zuela esan du. Hurrengo urtean, Nafarroak beste postu bat galdu zuen eta inbertsioa% 1,65era jaitsi zen.

 

"I+G+b arloan inbertsioa sistematikoki galdu dugu, batez ere urte oparoetan, eta hori oso garesti atera dakiguke", zehaztu du Llorentek, eta azken bost urteetan I+G+b partidetan 36,5 milioi euro gauzatzeari utzi diotela gaineratu du.

 

Llorentek kritikatu duenez, Irujok "ez du ezer berririk aurkeztu, inbertsioen exekuzioa hobetzeko aldaketa proposamenik ez du aurkeztu, bere estrategia kontinuista dela baieztatu besterik ez du egin", eta diru-laguntza eredu "eraginkorra" eskatu du.

 

Javier Lecumberrik (PSN) nabarmendu duenez, I+G+b arloan 28 milioi euroko inbertsioa egin da aurten, "Nafarroarentzat funtsezkoak diren proiektu estrategikoekin, Nafarroarako nahi dugun eredua sendotzeko, 2008ko krisiaren ondoren inbertsioek nolabaiteko geldialdia jasan zuten hamarkada baten ondoren".

 

Ildo beretik, Mikel Asiainek (Geroa Bai) adierazi duenez, "argi dago gaur inoiz baino gehiago behar dugula berrikuntza, lankidetza, digitalizazioa eta sormena", eta "aurreko legegintzaldian hasitako lanarekin jarraitzearen eta legealdi honetan indartzearen alde" egin du.

 

Laura Aznalek (EH Bildu) esan duenez, "Nafarroan I+G+b arloan egiten den inbertsio ahalegina oso garrantzitsua da", baina horrek "kontrolatutako eta fiskalizatutako eremua izan behar du, deialdietako eskaerak errealitate berritzaileari hel daitezen".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, "agerikoa da azken urteotan Nafarroan berrikuntza-sistema bat finkatu dugula, aurrekaririk ez duena, plan zientifiko batean eta zientzia eta teknologiari buruzko lege batean oinarritzen dena, eta finantziazioa esponentzialki handitzen ari dena".

 

Azkenik, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) onartu du I+G "funtsezkoa" dela "garapen ekonomiko, sozial eta jasangarrirako", baina "laguntza eredu eraginkorra" eskatu du, "funts publikoek itzulera bat izan dezaten eta gizartera itzultzea bermatuko duena".