Gazteriak Bizikidetzaren Plan Estrategikoan “eragile aktibo” izan behar duela defendatu du Foru Gobernuak
Geroa Bairen interpelazio bati erantzun dio, zeinak gazteak memoria historikora hurbiltzen jarraitzearen alde egiten duen, balio demokratikoetan heztea dakarrelako
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, Foru Gobernua diseinatzen ari den Bizikidetzaren Plan Estrategikoan gazteriak “eragile aktibo” izan behar duela defendatu du.
Geroa Baik Osoko bilkuran egindako interpelazio bati erantzun dio Ana Ollok, eta adierazi du Bizikidetza Plana arlo honetan Gobernua burutzen ari den “proiekturik garrantzitsuena” dela, “giza eskubideekiko errespetuan eta bakean oinarritutako bizikidetza batekiko konpromisoa” berresten baitu.
Ana Ollok adierazi duenez, "gazteak bizikidetza bultzatu eta sustatu behar duten eragileetako bat izan behar dira, besteak beste, sektore zaurgarria delako, are gehiago pandemia garai hauetan. Errespetuaren eta tolerantziaren alde lan egiteak aukera-berdintasunean lan egitea ere badakar, eta, jakina, krisian egonda, berdintasun hori zailagoa da gazteentzat".
Kontseilariak esan du gazteriak ere eragile aktiboa izan behar duela "indarkeriaren biktima guztientzako memoria" izateko, eta "gorrotoa, intolerantzia eta abusuak deslegitimatzeko eta desagerrarazteko ekintzak" proiektatzearen alde egin du.
Ana Ollok esan du "pena handia" ematen diola Navarra Sumak "parte hartzeko eta bere ideiekin Bizikidetza Plan honetan ekarpenak egiteko aukera” baztertu izanak.
Jabi Arakamak (Geroa Bai) adierazi duenez, "memoria historikoan, indarkerietan, terrorismoan eta eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren inguruan egiten ari den lan izugarria gazteei hurbiltzeko erronka dugu. Balio demokratikoetan hezten jarraitu behar dugu ", adierazi du.
Angel Ansak (Navarra Suma) honako hau adierazi die kontseilariari eta Geroa Baiko bozeramaileari: "benetako bizikidetzaz hitz egin nahi baduzue, benetako bizikidetzaz hitz egingo dugu: gazteen zati handi baten jokabidea normalizatu duzue, erregearen figurari lepoa mozten diotenena, etakideen pankartak plaza edo institutuetan jartzen dituztenena preso politikoak deituz, gure bozeramailearen argazkiari tiro egitera deitzen dutenena, horiek guztiak gazteen bizikidetza sustatzeko ekitaldiak dira, zalantzarik gabe".
Horren ostean, kritikatu egin du Navarra Sumak Bizikidetza Planetik "bere burua baztertzen" duela zabaltzea, eta azpimarratu du "printzipio batzuk dauzkagula eta ez diegula inoiz uko egingo boterearen truke".
Carlos Menak (PSN) ohartarazi duenez, "terrorismoa bezalako drama bat etengabe erabiltzeak mina eta arbuioa besterik ez du eragiten, are gehiago gazte gehienek egoera horiek bizi izan ez dituztenean. Horregatik, ziur gaude Bizikidetza Plana idaztean hasitako bidea funtsezkoa dela, erkidego honetan gertatu denaren kontakizun legitimoa osatzen lagunduko baitu".
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) adierazi duenez, "elkarbizitza sustatzeko, hezkuntzan memoria lantzen dugunean adibidez, memoria osoa landu behar da, ez bakarrik errealitatearen zati baten memoria, baizik eta memoria osoa, horrek bizikidetzan eragin zuzena baitu. Elkarbizitza egin eta eraiki egiten da, desberdinen artean hitz egin eta akordioak lortu, hori ere elkarbizitza eraikitzea da", berretsi du.
Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) "bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko dinamikak" garatzearen alde egin du, eta hori "gazteen iritziak jasoz eta gazteekin aniztasun kulturala, soziala edo erlijiosoa edo memoria bezalako gaiak lantzeko espazioak eta proiektuak sortuz egiten da".
Azkenik, Marisa de Simonek (I-E) adierazi duenez, "gazteen iritziak ez ditugu entzuten eta ez dute hartzen diren erabakietan parte hartzen. Desberdintasun-egoerak gertatzen dira, gazte-bidegabekeria, parte-hartze politiko txikia eta eskasa. Arazoak hor daude, langabezia, unibertsitate-heziketa jasotzeko zailtasunak, lan-desberdintasuna, sexuagatiko diskriminazioa", adierazi du, eta gazteei errebelde izan daitezen esan die.