Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Urtarrilak 13

Kultura Batzordea bisitan joan da Nafarroako Liburutegi eta Filmotekara

Eduki digitalaren aldeko apustua, Nafarroako Liburutegiaren erronka nagusia 150. urteurrenean eta pandemiak sortutako testuinguruan

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan egon da gaur Nafarroako Liburutegi eta Filmotekan, zeina 2011ko martxoan inauguratu baitzuten, Nafarroako ondare bibliografikoa eta ikus-entzunezkoa kontserbatu eta zabaltzeko, eta milioi bat liburuki baino gehiago bildu eta erabilera publikoko espazio zabalak eskaintzeko gai baita.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Javier García (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Asun Maestro Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak, Amaia Ibáñez Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoko buruak, Fernando Ross Liburutegien Sarearen atalburuak, Anabel Olaso Nafarroako Liburutegiaren atalburuak, Clara Flamarique Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoko buruak eta Alberto Cañada Nafarroako Filmotekako programazioaren arduradunak.

 

Bisitaldiaren helburua izan da, proposamena egin duen taldeko (Geroa Bai) eledun Ana Ansak azaldu duenez, “Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren instalazioak, jarduerak eta etorkizuneko proiektuak ezagutzea” eta “Territorio libro – Territorio libre/Liburu eremua – Eremu librea” oroipenezko erakusketa bisitatzea.

 

Ondoren, Liburutegi Zerbitzuko zuzendari Asun Maestrok azpimarratu du urte berezia izanen dela hau, zeren eta Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena eta Liburutegi Sarearen 70. urteurrena ospatuko baitira. Era berean, 10 urte betetzen dira Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren eraikina jendearentzat ireki zenetik. Zuzkidurak 25 milioi euro inguruko kostua izan zuen, eta 2011ko martxoaren 1ean ireki zen, San Frantziskoko Liburutegian eta gainerako kokalekuetan gordetzen ziren funts, liburu eta dokumentuak bildu eta lekualdatu ondoren.

 

Hala ere, azken urte hau “inflexio-puntua” izan da; izan ere, COVIDaren pandemiak sortutako egoera dela-eta, “Egungo garaiekin konektatu eta egokitu” behar izan da. Egokitzapen hori Nafarroako Liburutegiak eman duen “jauzi digital” garrantzitsuan berresten da, administrazio elektronikoari dagokionez ez ezik, eduki digitala sortzearen, marka-irudiaren diseinua sortzearen, streaming bidezko hitzaldi eta mintzaldien eta abarren aldeko apustuari dagokionez ere.

 

Erronka, Maestrok zehaztu duenez, honako hau da: “topaketarako, azterketarako, irakurketarako, kontsultarako eta jarduerarako leku hori mantentzea eta zaintzea, gaur egungo testuinguruan, ezinbestez, neurri handi batean modu birtualean”.

 

Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Territorio libro – Territorio libre/Liburu eremua – Eremu librea erakusketan. Erakusketa horrek Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena eta Liburutegien Sarearen 70. urteurrena gogoratzeko egin da.

 

Komisario gisa Jaione Vicente duen erakusketa horrek bisita kronologiko eta bisual bat eskaintzen dio bisitariari Nafarroako irakurketa publikoaren historian zehar. Irakurketa publikoa, izan ere, etorkizunari begira dago gaur egun, eta hazten jarraitzen du. Patio nagusitik, proiekzio-aretoko atondotik eta eraikineko erakusketa-aretotik hedatzen da erakusketa, eta denboraren tunela dela dirudi, eta azalpen-panelak eta -kuboak konbinatzen ditu, gaztelaniazko eta euskarazko testuekin, ikus-entzunezko proiekzioekin eta liburutegien foru-erakundeen iragana, oraina eta etorkizuna laburbiltzen dituzten instalazio interaktiboekin.

 

Parlamentuko ordezkaritzak, jarraian, Foru Komunitateko Filmoteka bisitatu du, eraikin berean kokatua, eta Nafarroako ondare filmografikoa kontserbatzeko, inbentariatzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren zerbitzu eta ekipamendu guztiez hornitu da, bai eta kultura zinematografikoaren sustapenean parte hartzeko beharrezkoak direnez ere.