Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urriak 9

Estatuko Gobernua premiatzen da azken lan erreforma indargabetu dezan

Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Gobernua enpresentzako laguntza ekonomikoak eta onura fiskalak baldintzatuko dituen foru lege proiektu bat aurkez zezan premiatzen zuen atala

Eskubide Sozialetako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (Podemos-Ahal Dugu ez da egon), zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “azken lan erreforma indargabetu dezan”.

 

Mozioak bigarren atal bat zuen, Navarra Sumaren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin baztertu egin dena, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “hiru hilabeteko epean foru lege proiektu bat aurkez dezan, zeinaren bidez enpresentzako laguntza ekonomikoak eta onura fiskalak jasotzeko baldintza gisa jarriko baita kontratazioen portzentaje jakin bat Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez egitea”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak mahaigaineratzen du “pandemiak Nafarroan enplegua suntsitzea eta lan-prekarizazioa ekarri duela, gehien kaltetutako sektoreak egoiliar atzerritarrak, gazteak eta emakumeak izanik”, eta egoera honi buelta emateko neurriak eskatzen ditu, esaterako, “Estatuko gobernuak lan erreforma indargabetzea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enpresen eta langileen arteko bitartekaritza lana egitea kontratazioen alorrean”.

 

Helburu horrekin, sustatzaileak Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako 2019-2023 programa-akordioa aipatzen du, Nafarroako Gobernua konprometitzen baitu “legegintzaldian zehar foru lege proiektu bat taxutzea, beren lan-kontratuen portzentaje bat egiteko NEZ erabili beharra ezar dadin enpresen onura fiskalen baldintza gisa”.

 

Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Alberto Bonilla, Jorge Esparza, Isabel García Malo, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Nuria Medina, Carlos Mena (PSN), Isabel Aramburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (101. NPAO, 2020-09-25ekoa)