Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 29

2020ko ekainaren 29ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, EKAINAK 29– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, ekainak 29–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Foru Lege proiektua, Nafarroako 2019ko Kontu Orokorrei buruzkoa. Nafarroako Gobernuak igorri du.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Foru Lege proposamena, Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriei buruzkoa. EH-Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

INTERPELAZIOAK:

- Interpelazioa, Sorkuntza industrien eta industria digitalen arloko politika orokorrari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Garate andreak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa (ABEN) Euroeskualdeko gainontzeko gobernuei proposa diezaien bi ardatz berri sartzea ABEN Euroeskualdearen 2021-XXXX plan estrategikoaren garapenean. Navarra Suma talde parlamentarioko Isabel Olave Ballarena andreak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Nasuvinsak eta Ten Brike Desarrollos SLk Superser-en lurzatia zena salerosteko sinatutako kontratuari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du.

- 5Gren ezarpenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Tokiko produktuen sustapena dela-eta Nafarroako Gobernuak lortutako akordioaren irismenari eta helburuei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

- Martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan jasotako helburuak bermatze aldera Gobernuak aurreikusi dituen neurriei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

 

IDATZIZKO GALDERAK:

- Tuterako sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Ana Isabel Ansa Ascunce andreak aurkeztu du.

- Castejongo Trenasa enpresari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legeari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Osasun Departamentuko in vitro ugalketako prozesuei buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Erregimen frankistarekin zerikusia izandako pertsonek jasotako sari, izendapen, ohorezko titulu eta gainerako goraipamenak berrikusi eta baliogabetzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Foru Jauregiko Lehendakarien Aretoan frankismoan zehar eta 1979 baino lehen izendatutako Foru Diputazioko lehendakarien erretratuak egoteari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Garraioaren Eskualdeko Batzordea deitzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Mendigorrian D eredua eskaintzeko aukerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK. AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari buruzko txostena, Kontuen Ganberak egina, eta Nafarroako Gobernuari helaraztea erabaki du (Nafarroako Gobernua).

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordainsari aldakorrei buruzko fiskalizazio-txostena (2018-2019), Kontuen Ganberak egina.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Nafarroako Parlamentuaren Iritzi Publikoko Barometroaren 2020ko ediziorako ekarpenak. Mahaiak erabaki du Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren proposamenak NUPeko katedrara bidaltzea, galde-sorta egin dezan, uztailaren 20an Mahaira behin betiko onartzeko berriz bidali aurretik.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi baitu konpromiso osoa duela herri palestinarrak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

1. puntua aho batez onetsi da. 2 eta 3 puntuak PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren abstentzioekin onetsi dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"- Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi du konpromiso osoa duela Palestinako herriak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelekin dituzten harreman diplomatikoak berehala berrikusteko eskatzen die Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari.

 

- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen die ezen, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, berehala ezar dezatela Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa honen erantzule diren gizabanakoen aurkako zigor politiko eta ekonomikoen esparru bat".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen baitie, ezen, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelekin dituen harreman diplomatikoak berehala hauts ditzatela. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

1. eta 3. puntuak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin onetsi dira. 2. puntua, berriz, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"- Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi du konpromiso osoa duela Palestinako herriak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelgo Gobernuak horixe iragarri baitu uztailaren 1erako, Israelekin dituzten harreman diplomatikoak berehala hausteko eskatzen die Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari.

 

- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen die ezen, anexio hori gauzatzen bada, berehala ezar dezatela zigor ekonomiko eta ekonomikoen esparru bat, bere garaian Hegoafrikako Apartheidarekin zegoenaren parekoa".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten baitu terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea. Navarra Suma eta PSN talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi dira 1, 2 eta 4. puntuak. 3. puntua, berriz, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin eta EH Bilduren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten du terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea.

 

2.- Indar demokratikoek beren konpromisoa berresten dute ETA talde terroristaren legatuaren gizarte-porrota lortzeko, bai eta haren izuaren, totalitarismoaren eta minaren estigma irudikatu zuen guztiarena ere.

 

3.- ETA talde kriminalaren biktima errugabeei hainbesteko mina egiten dieten terroristekiko babes ekintza horiek eragozteko eta haien egileak zigortzeko beharrezkoak diren lege-ekintza guztiak eskatzen eta babesten ditu.

 

4.- Tomas Caballeroren senitartekoei eta terrorismoaren biktima guztiei Nafarroako Parlamentuaren babesa eta elkartasuna berrestea, hain arbuiagarriak diren ekintzek –eta horixe da hiltzaileei publikoki babesa erakustea– berriz ere kolpatu baitituzte.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu Trenasak gutxienez sei hilabetez 113 kontratu etetea, eta, hori egin duela baieztatuz gero, inbertitutako kapital publikoa berreskuratzeko eskatzen baitio Gobernuari. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

1. eta 2. puntuak EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin onetsi dira. 3. puntua, berriz, aho batez onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du TRENASAko zuzendaritzak gutxienez sei hilabetez 113 kontraturen etendura aplikatzeko egindako proposamena, eta aldezten du ez dagoela horretarako antolamendu-arrazoirik, ez arrazoi ekonomikorik, ez eta produkziokorik ere.

 

- Nafarroako Parlamentuak, espediente hori aplikatzen bada –halakorik nahi ez badu ere–, Nafarroako Gobernua premiatzen du egokitzat jotzen dituen ekintza guztiak egin ditzan enpresa horretan inbertitutako kapital publikoa berreskuratzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuak animoa eta indarra emateko mezua helarazten die langile guztiei eta haien familiei, eta, era berean, babesa helarazten die beren eskubideak eta lanpostuak aldezteko deitzen diren mobilizazio guztiei”.