Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Azaroak 13

Parlamentuko lehendakariak Parlamenta Sarearen Administratzaileen IX. Batzarra inauguratu du

Unai Hualdek Parlamentu autonomikoetako agiritegi, liburutegi eta dokumentazio zerbitzuak elkarlanean aritzeak eta informazioa trukatzeak duen garrantzia nabarmendu du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek Parlamenta Sarearen Administratzaileen IX. Batzarrari hasiera eman dio gaur. Parlamentu autonomikoetako agiritegi, liburutegi eta dokumentazio zerbitzuek elkarlanean aritzeko eta informazioa elkarri helarazteko erabiltzen duten sarea da, Parlamentuetako Lehendakarien Konferentziaren (Coprepa) baitan.

 

Unai Hualderen esanetan, Parlamentu autonomikoetako dokumentazio zerbitzuen arteko elkarlan sareak “ezinbesteko garrantzia dauka parlamentu jardueran, baita herritarrei eskainitako zerbitzurako tresnak hobetzen ere, emaitzek gardentasuna bermatzen baitute”.

 

Testuinguru horretan, “arlo desberdinetan” Parlamentu autonomikoek Parlamenta Sarearen bidez egiten duten lana nabarmendu ostean, Lehendakariak teknologiaren garrantzia azpimarratu du, “trukea, komunikazioa eta herritarrei eskainitako zerbitzuak ahalbidetzen baititu”.

 

Ildo horretan, Unai Hualdek bere egin du Nafarroako Parlamentuan Administrazio Elektronikoa ezartzearen erronka, legegintzaldi honetan zehar “errealitate bihurtuko den esperantzarekin”. “Gardentasunean eta komunikazioan sakontzeko ezinbestekoa da garai berrietara egokitzea. Dokumentazio eta agiritegien lana oinarrizkoa da berez, eta informazio guzti hori herritarrei hurbiltzeko aukera, are gehiago”.

 

Lehendakariak amaitzeko Parlamenta Sarearen bilatzailea goraipatu du, “ezezagun xamarra izan arren, beste parlamentuetako jarduera jarraitzeko egokia da eta. Gure Legebiltzarraren liburutegiari gainerako 17 parlamentuetako liburutegiak gehitzen badizkiogu, zaindu eta sustatu beharreko altxor bat daukagu. Lehendakaritza honen konpromisoa da”.

 

Jarraian, Jordi Masias i Muntada Agtic-eko buruak inaugurazio ponentziari ekin dio, Espainian Administrazio Elektronikoa ezartzearen errealitatean oinarrituta. Gaur eta bihar artean Nafarroako Parlamentuan ospatuko diren hitzaldietan lehena izan da.