Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urriak 21

Nafarroako Parlamentuak bere gogobetetzea azaltzen baitu Kataluniako Gobernua eta erakundeak erabili dituzten politikari nazionalisten aurkako prozesu judizialaren funtzionamendu zuzenarengatik

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko urriaren 21ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere gogobetetzea azaltzen baitu Kataluniako Gobernua eta erakundeak erabili dituzten politikari nazionalisten aurkako prozesu judizialaren funtzionamendu zuzenarengatik. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Aldeko botoa eman dute Navarra Suma eta PSNk (4. puntuan izan ezik, abstenitu egin baita), eta aurkako botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Gogobetetzea adieraztea prozesu judizialaren funtzionamendu zuzenarengatik, horrek egiaztatzen baitu zuzenbideko estatu demokratikoaren funtzionamendu egokia.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du, halaber, demokrazia batean ezinezkoa dela politikari jakin batzuk –politikari nazionalistak, kasu honetan– legeak betetzetik salbuestea.

 

3.- Zigorturiko politikariek demokraziarekiko mespretxu izugarria erakutsi dute, konstituzio-legezkotasunari kolpe bat emateko baliatu baitute; hain zuzen, delitu horien erantzule direnetako batzuk boterera irits zitezen ahalbidetu zuen legezkotasun berberari.

 

4.- Nafarroako erakundeetako ordezkaeriei eskatzea modu argi eta irmoan ager dezaten epai horrekiko errespetua eta men-egitea, Estatuaren botere demokratiko baten adierazpena den aldetik, eta egoera lotsagarriak saihestea, hala nola 2017ko urrian gertaturikoa, Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta zenbait gobernukidek beren babesa adierazi zietenean orain sedizioagatik, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzeagatik eta bestelako delitu larriengatik zigortuak izan direnei.

 

5.- Lege demokratikoak eta epaiak mespretxatzen dituzten talde independentistek antolatu eta eragindako sabotaje eta kaleko indarkeria-ekintza guztiak arbuiatu eta gaitzestea.

 

6.- Arbuioa eta harridura agertzea Kataluniako Generalitateko lehendakariaren jarrera dela-eta, autobien-mozketak bezalako sabotaje ekintzak babestu baititu eta beraietan parte hartu baitu, eta uko egin baitio Kataluniako milaka herritarren interesak aldeztu eta babesteari, ikusten dutelarik nola beren autoak erretzen dituzten, irainak edo erasoak pairatzen dituzten eta beren eskubide oinarrizkoenak galarazten diren talde independentistek eragindako iskanbila eta txikizioak direla-eta.

 

7.- Segurtasun kidego eta indarrak babestea ordena zibikoaren eta herritarren askatasunen alde egiten duten lan nekaezinagatik, lan hori gero eta baldintza gogor eta onartezinagoetan egiten baitute.

 

8.- Espainiako Gobernuari babesa agertzea Kataluniako herri guztietako kaleetan konstituzio-ordena, bizikidetza baketsua eta herritar guztien askatasuna lehenbailehen berreskuratzeko hartzen dituen neurri guztietan”.