Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 16

Nafarroako Parlamentuak Óscar Villosladaren ‘Denbora gelditzen denean’ erakusketa inauguratu du

Azaroaren 5era arte ikusgai egonen den erakusketak doluari buruzko bidai bat kontatzen du margolanen eta bideo-artelanen bidez

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Denbora gelditzen denean erakusketa inauguratu du gaur goizean, Óscar Villoslada artistaren formatu handiko 11 margolanek eta bi bideo-artelanek osatzen duten erakusketa.

 

Unai Hualderen esanetan, bildumak “doluari buruzko bidai bat” eskaintzen du, “hazkunde eta gainditze ideiarekin amaituz”, eta hori dela eta, erakusketaren garrantzia azpimarratu du, legegintzaldi honetako lehena izanik, “pertsona guztiok gure bizitzako momenturen batean bizi dugun gai baten inguruko kontzientziazioan eta ikusgaitasunean” lagunduko duelako.

 

Erakusketaren “erabilera terapeutikoa” azpimarratu du Hualdek, “momentu hau bizi duten pertsonen kalteberatasun egoerak emozionalki eta fisikoki eragin dezaketen prozesu zailak ekartzen baitituzte”, eta hori dela eta, baieztatu du “dolua gainditzea osasun afera bat dela, pertsonen bizitzen ongizatearen parte”.

 

Rakel Mateok, Goizargi Elkarteko lehendakariak, eskerrak eman dizkio Villosladari “dolua zerbait kulturala eta soziala” bihurtzeagatik, eta “minari lekua emateak” duen garrantzia azpimarratu du, “horrela, dolua gizartearen parte izaten hasiko delako” eta hori delako, beste batzuen artean, elkartearen helburua.

 

Jarraian, Óscar Villoslada artista plastiko eta diseinatzailea “eskertuta” agertu da bere lanak Parlamentuaren atarian ikusteko aukera emateagatik. “Motibazio bat da istorio berriak sortzeko”, adierazi du.

 

Villosladak azaldu duenez, emozioak kontatzeko gorputzaren adierazpena erabiltzearen ideiatik sortutako erakusketa da. Bere ustez, gizarteak ez du “sentimenduak erabiltzeari buruzko heziketarik”, eta horregatik, bere lanetan “estetikatik haratago” joatea bilatzen du, “jendeari laguntzeko” helburuarekin. Azpimarratu du erakusketa honetan “esperantza” aurkitu daitekeela, izan ere, dolua “bakoitzak bere erritmoarekin egiten duen prozesua da, baina azkenean, gainditu egiten da”.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren atarian burutu da eta bertaratu diren parlamentariak izan dira Maiorga Ramírez, Bigarren Idazkaria, Ángel Ansa (Navarra Suma), Carlos Mena, Aránzazu Biurrun (PSN), María Solana, Koldo Martínez (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

11 margolanek eta bi bideo-artelanek osatzen dute Denbora gelditzen denean erakusketa. Parlamentuaren atarian egonen da ikusgai azaroaren 5era arte, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Erakusketarekin batera, artea eta psikologia batzen dituen ekimen bat burutuko da, doluari buruzko hitzaldi bat, hain zuzen. Hitzaldia urriaren 29an izanen da 18:00ean Legebiltzarraren egoitzan.