Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten du uztailaren 6tik 7rako gauean Iruñean izandako sexu erasoa
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko uztailaren 18an
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten du uztailaren 6tik 7rako gauean Iruñean izandako sexu erasoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Navarra Suma, berriz, abstenitu egin da.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
- Erabat errefusatzen du Iruñean salatutako sexu erasoa eta erabateko babesa eta elkartasuna agertzen dizkie emakumeari eta bere inguruneari, bai eta bere eskubideak eta intimitatearekiko erabateko errespetua ere.
Halaber, berresten du errefusatu egiten duela Nafarroan gerta daitekeen eraso, indarkeria nahiz jarrera sexista oro, eta konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten, segurtasuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.
- Adierazten du beharrezkoa dela egungo kultur ereduaren aldaketa ahalbidetzea eta babestea; izan ere, egungo ereduan erasotzailea babesten da eta emakumea errudunesten da. Halaber, gizonei konpromiso bat eskatzen die eraso eta indarkeria ororekin amaitzeko eta gure gizartean egiazko berdintasuna lortzeko lan egiteko.
- Herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta erreklamatzen du emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela.
- Berresten du sexu erasoen aurkako borrokarekiko konpromisoa eta apustu egiten du emakumeentzako hiri aske baten alde, non askatasunez bizi daitekeen.
- Halako gertaeren informazio-trataeran arduraz eta zuhurtasunez jokatzeko dei egiten du”.