Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez babestu egiten baititu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko urtarrilaren 14an
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baititu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak eta elkarretaratzeak. PSNren talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek; UPNk eta PPNk, berriz, ez dute bozketan parte hartu.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak babestu egiten ditu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak eta elkarretaratzeak; izan ere, eskuinak era arriskutsuan ari dira politika horiek auzitan jartzen eta Andaluziako gobernua lortzeko negoziaziorako objektu gisa baliatzen.
2.- Nafarroako Parlamentuak indarkeria horren adierazpide guztiak arbuiatzen ditu, bere konpromisoa helarazten die biktimei, eta erasotzaileekiko tolerantziarik batere ez duela izanen adierazten du.
3.- Nafarroako Parlamentuak emakumeen berdintasunaren eta segurtasunaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
4.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du emakumeen eskubideak, askatasuna eta segurtasuna auzitan jartzea dakarren akordio politiko inplizitu edo esplizitu oro.