Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Ekainak 4

2018ko ekainaren 4ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, EKAINAK 4, FALTZESKO UDALETXEAN EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, ekainak 4–, 10:00etan, Faltzesko Udaletxean, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

MOZIOAK:

- Honako mozio hau erretiratu da: Nafarroako Gobernua premiatzen da erakunde sindikalekin eta enpresa-erakundeekin adostu dezan 2016tik 2019ra bitarteko enplegu plana. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Iruñeko eta Orkoiengo udalekiko akordio bat susta dezan PA-30 errepidearen gainean pasabide bat eraikitzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Egoitza Santuarekiko akordioak sala ditzan, hezkuntza-sistema laiko bat ahalbidetzeko. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da bertan behera utz dezan Etxauzia frantziar elkarteari 80.000 euro oparitzeko aurreikuspena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Nafarroako Gobernuko lehendakariaren agerraldi-eskaera erretiratu da. Agerraldiaren xedea zen azaltzea zein den Gobernuaren jarrera EAJk Nafarroako errealitate instituzionalean berriz esku sartzearen aurrean, Euskal Estatutu berriaren proiektuaren bitartez. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariaren agerraldia, Tuterako Torre Monreal ikastetxearen egoera azal dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren agerraldia, suhiltzaileen erreskate-talde berriaren proposamena azal dezan. Geroa Bai talde parlamentarioko Patxi Leuza García jaunak aurkeztu du. .

- Kontuen Ganberako lehendakariaren agerraldia, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza funts publikoekin finantzatutako ikastetxe pribatuetan (2012-2016) fiskalizazio-txostena aurkez dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariaren agerraldia, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza funts publikoekin finantzatutako ikastetxe pribatuetan (2012-2016) fiskalizazio-txostena aurkez dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Kontuen Ganberako lehendakariaren agerraldia, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza funts publikoekin finantzatutako ikastetxe pribatuetan (2012-2016) fiskalizazio-txostena aurkez dezan. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Administrazio Erroko funtzionarioen ordezkaritza batekin, azal dezan ea komenigarria den beste epe bat abiaraztea Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek eskubide pasiboen gaineko hautua egin dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Oinarrizko osasun-laguntzako pediatrekin, prestazio horrek egun dauzkan gabeziak direla-eta egiten dituzten proposamenak azal ditzaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

- Eremu Elektromagnetikoengatik Kaltetutakoen Nafarroako Elkartearen ordezkaritza batekin, elektro-hipersentiberatasunaren arrazoiak eta ondorioak azal ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Idazkia, zeinaren bidez eskatu baita Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak erantzun dezan Osoko Bilkuran kontzientzia-eragozpenaren eta intsumisioaren Nafarroako mugimendu antimilitarista dela-eta Nafarroako Gobernuak garatuko dituen ekimenei buruzko galdera. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren idazkia, zeinaren bidez jakinarazi baitu Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak erantzunen duela suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako deialdietan euskara merezimendu gisa ez baloratzeko arrazoiari buruzko galdera.

- TRIMAN MINERALS SAU enpresaren egoerari eta SODENAk emandako laguntza ekonomikoaren jarraipenari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Idazkia, zeinaren bidez eskatu baita Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak erantzun ditzan nahitaezko soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozleei eta intsumisoei buruzko galdera (9-18/PES-00116) eta nahitaezko soldadutza dela-eta Armadarekin lankidetzan aritu ez ziren udaletako kargudun publikoen aurkako prozedura penal eta zibilei buruzkoa (9-18/PES-00117). EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Idazkia, zeinaren bidez eskatu baita Iruñeko Ospitaleguneko burutzari buruzko galdera osatzea. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza funts publikoekin finantzatutako ikastetxe pribatuetan (2012-2016) fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Berako, Vianako, Altsasuko eta Baztango udalek beren herrietako ikastolei egindako ekarpenak fiskalizazio-txostena.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio- eta legezkotasun-txostena egin dezan Nafarroako Gobernuak Ilundain-Haritz Berri Fundazioarekin 2005ean eta 2011n eta Dianova Elkartearekin 2013an sinatutako kontratuak direla eta. Geroa Bai talde parlamentarioko Koldo Martínez Unionabarrenetxea jaunak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio- eta legezkotasun-txostena egin dezan elkarbizitzako neurri judizialak dituzten adingabe arau-hausleentzako eremu zabaleko egoitza-arretako programa kudeatze aldera Eskubide Sozialetako kontseilaria denak publizitaterik eta lehia publikorik gabeko prozedura negoziatuaren bidez 2016an sinatutako kontratuari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio- eta legezkotasun-txostena egin dezan Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariak 2005ean eta Gizarte Gaietako kontseilariak 2011n Ilundain-Haritz Berri Fundazioarekin eta Gizarte Politiketako kontseilariak Dianova Elkartearekin 2013an sinatutako kontratuak direla eta. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren kontrako 1385-2014 konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoari buruzkoa.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Turkiako Errepublikari eskatzen baitio Taner Kiliç aske utz dezan eta auzipetutako giza eskubideen defendatzaileen aurkako karguak erretira ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute Unión del Pueblo Navarrok, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak, eta Nafarroako Alderdi Popularra abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Turkiako Errepublikaren Espainiako Enbaxadari eskatzen dio bere herriko agintariak premia ditzan:

 

- Taner Kiliç berehala eta baldintzarik gabe aske utz dezan.

 

- Auzipetutako giza eskubideen hamaika defendatzaileen aurkako kargu guztiak erretira ditzan: Taner Kiliç, ldil Eser, Günal Kurşun, Veli Acu, Özlem Dalkiran, Nalan Erkem, Ali Gharavi, Peter Steudtner, Ilknur Üstün, Nejat Taştan eta Şeyhmus Özbekli.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio ekintza diplomatikoak areagotu ditzan arestian aipatutako helburuak lortze aldera”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baitu Nikaraguako Gobernu sandinistaren errepresioa. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute Unión del Pueblo Navarrok, Geroa Baik, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak, eta EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra abstenitu egin dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du errepresio bidegabe hori, biktimentzako eta haien senitartekoentzako justizia exigitzen du eta Ortega lehendakariaren gobernu sandinista premiatzen du bere herritarren giza eskubideak errespeta ditzan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak ospatu egiten baitu PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioa eta mozioak jasotako babesa, Alderdi Popularra Espainiako Gobernutik irtetea ahalbidetu baitute. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak, eta aurkako botoa, berriz, Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Ospatu egiten ditu PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioa eta mozioak jasotako babesa, Alderdi Popularra Espainiako Gobernutik irtetea ahalbidetu baitute.

 

2. Gobernu zentralak berriari eskatzen dio politika sozialak abiaraz ditzan eta herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunen murrizketei amaiera eman diezaien.

 

3. Gobernu zentral berria premiatzen du lehenbailehen ekin diezaion RTVE berritzeari, hedabide politikoki manipulatua bihurtu baitu PPk, bere plantillak –batez ere, emakumeek– defendatu behar izan dutena.

 

4. Espainiako Gobernua premiatzen jarraituko du, Nafarroaren autogobernua errespeta dezan”.

 

Adierazpen instituzionalak hirugarren puntu bat ere bazeukan, baina baztertu egin da Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoarekin. Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman dute, eta Izquierda-Ezkerra abstenitu egin dira. Honako hau zioen: “3. Pedro Sánchezen Gobernu berriari exigitzen dio Alderdi Popularrak agintean egon den bitartean abian jarritako lege-aldaketa guztiak berehala indargabetu ditzan eta egun espetxean dauden preso politiko guztiak berehala aska ditzan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua ez baitator bat Auzitegi Nazionalaren lehen sekzioak Altsasu kasuan emandako epaiarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, eta Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurka bozkatu dute. Nafarroako Alderdi Sozialistak laugarren puntuaren alde eta lehenengo, bigarren, hirugarren eta bosgarren puntuen aurka bozkatu du.

 

“1. Nafarroako Parlamentua ez dator bat Altsasuko herrian 2016ko urriaren 15ean izandako gertakari triste eta tamalgarriak –sekula ere gertatu behar ez zirenak– ikertu eta epaitu dituen prozesu judizialean Auzitegi Nazionalaren lehen sekzioak emandako epaiarekin, hain dira neurrigabeak ezarritako zigorrak. Neurrigabetasun hori prozesu judizial osoan zehar eman da, gertakariak terrorismo-delitu gisa kalifikatu zirenez geroztik eta Auzitegi Nazionalak ikertu, epaitu eta zigortu dituenetik. Parlamentu hau beti azaldu da irmo horren aurka. Arbuioa azaldu dugu orobat enkausatutako pertsonetatik hiruri prebentziozko espetxealdia aplikatu zaielako, uste baitugu ez dagoela horretarako lege-arrazoirik. Hori dela-eta, kondenatutako pertsonak espetxean ez sartzea eskatzen dugu, harik eta bide judizial guztiak agortu arte.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du orain arte izandako jarrera; halatan, gertakariak Nafarroako Probintzia Auzitegiak ikertu, epaitu eta, kasua bada, kondenatu behar zituela uste dugu, ezen ez Auzitegi Nazionalak; izan ere, auzitegi horrek bere gain hartu zuen eskumena, eta Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen, gertakariak izaera terroristako ustezko delitu gisa kalifikatu zirelako, baina kalifikazio hori azkenik baztertu egin du auzigai dugun honako epai honek.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, presio politikoak eta mediatikoak eragin dute gertakariekiko erabat neurrigabeak diren zigorrak ezartzea. Presio horren eraginez, gertakari horiek izaera terroristako ustezko delitu gisa kalifikatu dituzte, eta egoera exageratu eta neurriz kanpokora heldu gara, zigorraren neurri hori normalean ez baita aplikatzen gisa bereko egoeratan Estatuko beste leku batzuetan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere prestutasuna adierazten du Nafarroako udalerri guztietan bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiteko eta Altsasuko bizilagunei bide beretik lan egiteko deia luzatzen die, eta 2016ko urritik gaur arte kasuaren trataera mediatikoaren aurrean erakutsi duten gizabidezko jarrera aitortu die.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bere borondatea adierazi du kasu honetan JUSTIZIA egin dadin, eta herritarrei Altsasu Gurasoak Kolektiboak datorren ekainaren 16an Iruñean antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die.

 

 

- Mahaiak erabaki du txosten bat eskatzea Legebiltzarraren Zerbitzu Juridikoei, jakiteko ea Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioari atxikitako eta talde horretako eledun Carlos Couso Chamarrok aurkeztutako idazkiak bete beharreko baldintza legal eta formalak betetzen ote dituen Mahaiak izapidetu dezan. Idazkiaren bidez, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren izenaren aldaketa jakinarazi du: Podemos-Ahal Duguren ordez, Orain Bai-Ahora Sí.

 

Bestalde, Mahaiak txostena eskatu dio Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari, jakiteko ea zer ondorio ekonomiko izanen lukeen talde parlamentario baten izena aldatzeak.

 

Erabakia hartzeko, Mahaiak aintzat hartu ditu Couso Chamarro jaunak aurkeztutako idazki hori, bai eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil Garcíak, Ainhoa Aznárez Igarzak y María Teresa Sáez Barraok aurkeztutako idazkia ere. Idazki honetan, aipatutako idazkia dela-eta, “ez baitu islatzen taldearen baitan behar bezala hartutako inolako akordiorik horretarako eginiko bilera bidez, eta ez baitzaigu halako erabakirik jakinarazi”, Nafarroako Parlamentuaren Zerbitzu Juridikoen 1985eko martxoaren 16ko txosten bat helarazi diote Mahaiari, zeinean “auzigai dugun honen berdin-berdina den kasu batean ondorioztatzen baita talde parlamentarioko kide guztien adostasuna behar dela taldearen izena aldatzeko”, bai eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren 1985eko martxoaren 20ko erabakia ere, talde parlamentarioko kide guztien adostasuna exigitzen duena taldearen izena aldatzeko.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Parlamentua pertsonatu eginen dela eta alegazioak aurkeztuko dituela legearen konstituziokotasunaren defentsan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen abenduaren 27ko 19/2017 Foru Legearen xedapen iragankor bakarreko 4. apartatuaren aurka Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. eta 3. Auzitegiek aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko arazoetan, Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 eta 24.1 artikuluak eta 149.1.6 artikulua ustez urratzeagatik, hurrenez hurren.