Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da aurrekontuaren % 0,5 bideratu dezan Garapenerako Laguntza Ofizialera

GGKEen Koordinakundearekin elkarrizketa iraunkor eta produktiboa izan dezan eskatzen zaio, Nafarroako Lankidetzarako III. Plan Zuzendaria adosteko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita aurrerabidea egin dezan 2030 Agendako 17.2 helburuan ezarritakoaren betetzeari dagokionez, programa-akordioan ezarritakoa betez eta legegintzaldi hau amaitu baino lehen aurrekontuaren % 0,5 bideratuz garapenerako laguntza ofizialera.

 

Bigarren atalean Exekutiboari eskatzen zaio “sektoreko entitateekin (GGKEen Koordinakundea) eta parlamentua osatzen duten talde politiko guztiekin adostasunetara irits dadin garapenerako laguntza ofizialera bideratutako aurrekontuaren ehunekoa zehazteko irizpideen inguruan”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “zorrotz bete ditzan Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua arautzen duen irailaren 21eko 213/2011 Foru Dekretua eta haren funtzionamendurako erregelamendua, eta gutxienez ere urtean bitan dei dezan”.

 

Azkenik, Exekutiboari eskatzen zaio “GGKEen Koordinakundearekin elkarrizketa iraunkor eta produktiboa izan dezan, Nafarroako Lankidetzarako III. Plan Zuzendariaren prestaketan parte-hartze zabala eta adostasuna egon daitezen”.

 

Onetsitako ebazpenak beste puntu bat zuen, baztertu egin dena, Gobernua premiatzen zuena “Zerbitzu Zuzendaritza egitura bat sor zezan, Garapenerako Laguntza politikak era esklusiboan kudeatuko zituena”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen du Garapenerako Laguntza politikak “ez diola erantzuten 2030 Agendako norabideari ezta programa akordioan zehaztutako helburuei”, zeren eta Garapen Jasangarriaren aldeko Mundu Aliantzari bideratutako aurrekontu-saila “ez da aurrekontuen %0,3ra iristen, legegintzaldirako aurreikusten zen %0,5etik oso urrun dago”.

 

Zentzu horretan, salatzen da “erkidegoan garapenerako laguntza ofizialeko funtsak herrialde garatuen mesedetan jardutera bideratzen direla,”, baita “sektoreko entitateekin komunikazio falta ere”. Izan ere, “entitate horiek Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilurako deialdia egitea eskatu behar izan dute, eta hori Eskubide Sozialetako lehendakariordearen errua” dela diote.

 

2030 Agendako 17.2 artikuluak ezartzen duena bete ez dela argudiatzen da, hala dioena: “zaintzea herrialde garatuek garapenerako laguntza ofiziala dela-eta hartuak dituzten konpromisoak zentzuz bete ditzatela, horren barne dela herrialde garatu ugarik hartutako konpromiso hau: nazioko diru-sarrera gordinen % 0,7 garapenerako laguntza ofizialera bideratzea”.

 

Nazio Batuen Erakundeak onetsita eta 2016ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak aitortzen du pobrezia bere forma eta dimentsio guztietan munduak duen erronkarik handiena dela eta ezinbesteko baldintza dela garapen jasangarrirako. 17 helburu eta 169 helmuga ditu, horien bitartez Milurtekoaren Garapenaren Helburuak berreskuratzeko, beste batzuen artean, “pertsona guztien giza eskubideak, eta generoen arteko berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea lortu ahal izateko”.