Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Maiatzak 19

3.937.887 euroko kreditu berezi bat onetsi da Microsoften lizentziak eskuratzeko

"Ekonomia, egokitasuna eta estrategia" arloetako arrazoiak tarteko, Administrazioak uko egin dio lizentzien erabilera-kontratua berritzeari eta lizentziak erostearen alde egin du

Gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi du Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako Microsoft lizentziak jabetzan eskuratzeko 3.937.887,01 euroko kreditu berezia ematen duen Foru Lege proiektua.


Kreditu berezi hori Itzulketa epaiaren betearazpenagatik kontu-sailean aurreikusitako diru-sarrera handiagoekin finantzatuko da (2.308.866,59 euro), bai eta ondotik zehazten diren gastuen aurrekontuko kontu-sailetan dagoen kreditu erabilgarriarekin ere, zenbateko hauekin: Nafarroan telebista zabaltzeko zerbitzua (984.186 euro) eta Erabilera orokorreko eta korporatiboko software lizentziak (644.834,42 euro).


Zioen azalpenean zehaztu bezala, erabilera-kontratua amaitu aurretik egindako auditoriaren emaitza dela-eta gomendagarria da “epe ertainean eta luzean lizentziak eskuratzea, ekonomia, egokitasuna eta estrategia arloetako zioengatik”. Auditoriaren arabera, “Administrazioaren benetako beharretarako erantzun onena da, are gehiago kontuan hartuta urte hauetan Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak irabazi duen esperientzia.”


Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Horrekin guztiarekin, 2016ko aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez dela ikusita, bidezkoa da lege hau onestea, kasu honetan irakurketa bakarrean.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektua (54. NPAO, 2016-04-19koa)