Nafarroako Gobernua eremu euskalduneko eta eremu mistoko zenbait zerbitzuetako lanpostuetan profil elebiduna ezar dezan premiatzen zuen mozioa bazter utzi dute
Aipatzen da ezen, legeak aitortzen badu ere, ez udal euskaldunetako osasun-etxeetan ez liburutegietan ez dela zerbitzu horiek euskaraz emango direnik bermatzen
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “eremu euskaldunean osasun etxeetako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jar diezaien. Lehentasunez, pediatra, mediku eta jendaurrean lan egiten duten langileei. Baita Emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuek ere V3 jakite maila izatea. Bai eta urgentziazko zerbitzuetako langileen hizkuntza profilak zehatz ditzan, eta profil elebiduna ez duten liburuzainen lanpostuei profil elebiduna jar diezaien. Profil hori C1 mailakoa izatea”.
Puntu honen zati bat aparte bozkatu da, aipatzen zuena beharrezkoa dela “euskal eremuan profil elebiduna ez duten osasun-zerbitzuetan profil hori ezartzea”. Idatz-zati horretan, I-Ek eta SNk ez dute bozkatu eta bazter geratu da.
Bazter utzitako mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “eremu mistoan zenbait lanposturi profil elebiduna para diezaion; batez ere liburuzain bat baino gehiago dauden liburutegietan. Era berean plaza elebidunen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela berma dezan. Dagoeneko lanpostu finkoa duten liburuzainen kasuan, horiendako euskalduntze plan bat diseina dezan. Liburuzian guztiei, oro har, euskara ikasteko erraztasunak eman diezazkien.”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, defendatzen zen “gainerako osasun arloetan, urratsal ematen has dadin: paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak…”.
Azkenik, eskatzen zen “Liburutegien Sareko udalekin eginak dauzkan hitzarmenetan hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak ezar ditzan: liburu eta materialak hornitzea, paisaia linguistikoa, informazio-orriak, aplikazio informatikoa…”.
Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten mozioak aipatzen zuen ezen, legeak “herritarrek Administrazio Publikoarekin dituen harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea dutela aitortzen badu ere, ez udal euskaldunetako osasun-etxeetan ez liburutegietan ez da bermatzen” zerbitzu horiek euskaraz emango direnik. Egitate horrek, “herritarren eskubide linguistikoak urratzeaz gain, euskararen normalizaziari kalte egiten dio”, eta hortaz, UEMAren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eskakizunekin bat egiten dute.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 19. zk., 2014-01-31koa)