Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Apirilak 25

Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua Esako urtegiaren inguruko lurren ezegonkortasun arazoak behin betiko konpontze aldera neurri premiazkoak eta eraginkorrak har ditzaten premiatzen dituen ebazpena onetsi dute

UPNk, SNk eta PPNk urtegia handitzeko obren moratoria bat ezartzea bazter arbuiatu dute haien iritziz teknikariak baitira erabaki behar dutenak

Parlamentuko Osoko Bilkurak, PPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen diren “azterlan eta ebaluazio bat egitera, independentzia eta zorroztasun teknikoa ziurtatuta, Esako urtegiaren inguruan gertatzen ari diren lur-mugimenduei buruz, horien arrazoiei buruz eta Nafarroan eta Aragoin ukitutako herrietako etxebizitzetan, azpiegituretan eta lurretan gertatzen ari diren edo gerta litezkeen ondorio negatiboei buruz, bai eta inguruaren egonkortasuna ziurtatze aldera garatu beharreko konponbide teknikoei buruz ere”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, aho batez, premiatzen den “mazelen irristatzeak kaltetutako bizilagunei laguntzeko eta haiekin komunikatzeko modu bat aurreikustera, segurtasun-neurri egokiak hartzeko, izandako kalteak baloratzeko eta kasuko kalte-ordainak ahal den azkarren eta prozedura konbentzional batez ordaintzeko, kaltetutakoek ez ditzaten urteak eta urteak eman behar izan bulegoz bulego eta epaitegiz epaitegi”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, premiatzen da “neurri egokiak urgentziaz zehaztera eta hartzera, bi hilabeteko gehieneko epean, Esako urtegiko eta inguruko lurrak behin betikoz egonkortzeko, halako moduan non presaren, pertsonen, etxebizitzen eta gainontzeko azpiegituren segurtasuna ziurtatuko den”. Idatz-zati horretan ere, lehendabizikoan bezala, guztiek haren alde bozkatu dute, PPNk izan ezik, kontra bozkatu baitu.

Azkenik, premiatzen da “ahal den informazio guztia ematera hartutako neurri orori buruz eta horien emaitzei buruz, erakunde publiko eta pribatu interesdun guztiei eta, bereziki, Nafarroan eta Aragoin zuzenean kaltetutako herrietako bizilagunei”. Idatz-zati horrek guztien babesa jaso du.

Mozioak beste idatz-zati bat ere bazuen, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin bazter geratu dena, zertarako eta premiatzeko “moratoria bat ezartzera Esako urtegia handitzeko obrei dagokienez, ziurtasun osoz jakin arte zein den lurra irristatzearen arrazoia eta lurrak behin betikoz egonkortzea lortu arte”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpena babesten da Esako urtegiaren eskuineko mazelan abendutik hona “negu honetan gertatutako euri-metaketa handiaren ondorioz” gertatzen ari ziren mugimenduetan eta, horren karietara, oroitarazten du “2001etik aurrera mazelen ainguratze eta sendotze obretan hainbat aldaketa” egin direla, zeinak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren bertsioak dioenaren aurka, berezia ez den eta “oraindik konpontzeke dagoen ezegonkortasun” arazo baten berri ematen duen.

Hortaz, proposatu duen taldearen aburuz “arrazoizkoa da pentsatzea” mazela euriteak hasi baino “lehenago” hasi zela irristatzen eta ainguratze eta sendotze lanak burutzeko egindako 10 milioi euroko inbertsioa “neguko prezipitazioak direla-eta egindako azterlanen aurretik aurreikusita zegoela eta aurrekontua lehenagotik egina zegoela”.


www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2013-04-09koa)