Noiz argitaratua Ostirala, 2013.eko Otsailak 8

Osasun-arreta jarraituari eta larrialdikoari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, osasun-arreta jarraituari eta larrialdikoari buruzko Foru Legea onetsi du gaur. Ondorioz, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua indargabetzen da, zeinaren bidez arautzen baitira landa eremuetako oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroen, arreta jarraituko eta larrialdiko arretako guneen eta arreta jarraituko eta larrialdiko arretako modalitateen ordutegia eta funtzionamendua.

SN, Bildu, Aralar-Nabai, I-E parlamentu-taldeek eta atxiki gabeko bi parlamentariek bultzatutako legearen xedea da “osasun-arreta jarraituari eta larrialdikoari dagokionez Nafarroako landa eremuen beharrak ebaluatzea, hartara, ordezko plan bat gauzatu ahal izateko, zeina Nafarroako Gobernuak Parlamentuari helarazi beharko dion urte beteko epean”.

Bitartean, 131/2012 Foru Dekretua indarrean sartu aurretiko araudia izango da aplikatuko dena. Arau horri jarraiki ebatziko dira 131/2012 Foru Dekretuaren pean hasi diren eta behin-betiko ebazpena jaso ez duten administrazio-prozedurak.

Zioen azalpenean, ekimenaren titularrek diotenez 131/2012 Foru Dekretuak “arriskuan jartzen du landa eremuetan bizi diren pertsonen eta Nafarroako bide-sareko erabiltzaileen segurtasuna, ustez kostuak aurrezteko justifikazio bakarrarekin, zeina, bestalde, ez baita erreala”.

Ildo horretan, proposatu duten taldeek azpimarratzen dutenez dekretu hori “ekitate printzipioen aurka doa herritar guztiek osasun-sisteman sarbidea berdintasunez izateko baldintzei dagokienez”, “okertu” egiten du prestazio-maila eta ez ditu indarrean dagoen ereduaren gabeziak betetzen, “landa eremuko populazioarentzako larrialdi-sistema eraisten” baizik.

Osasun-arreta jarraituari eta larrialdikoari buruzko Foru legearen artikulu bakarrak honakoa dio:

“1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Nafarroako landa eremuetako populazioaren beharrizanei buruzko ebaluazio bat eginen du, osasun-arretari eta osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoaren ereduaren inefizientziei dagokienez, eta oinarrizko osasun-laguntzako osasun-etxeen eta osasun-laguntza jarraitu eta larrialdikoaren modalitateen funtzionamenduari buruzko plan bat taxutuko du osasun arloko profesionalen, toki entitateen eta arlo horrekin zerikusia duten eragile sozialen parte-hartzearekin, eta ahal den adostasunik handiena bilatuko du.

2. Nafarroako Gobernuak gehienez ere urtebeteko epean igorriko du aipatu plan hori Nafarroako Parlamentura, eztabaidatu eta onesteko.

Xedapen indargabetzailea.
Indargabeturik gelditzen da abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroen, arreta jarraituko eta larrialdiko arretako guneen eta arreta jarraituko eta larrialdiko arretako modalitateen ordutegia eta funtzionamendua.

Xedapen iragankorra.
1. Foru Lege hau dagokion plana onetsi bitartean eta aldatu edo indargabetu ezean, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua indarrean sartu zeneko araudia aplikatuko da.

2. Dagokionean, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuaren arabera hasi diren eta behin-betiko ebazpena jaso ez duten administrazio-prozedurak 131/2012 Foru Dekretua indarrean sartu aurretik indarrean zegoen araudiari jarraiki ebatziko dira.

Azken xedapena.
Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 10. zk., 2013-01-25ekoa)