Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Azaroak 8

‘Viaje a la Ciudad del Infinito’ erakusketa inauguratu da, Vicente Ferrer Fundazioak 50 urtetan zehar Indian egindako lana erakusten duena

Pablo Lasaosaren argazkien bidez Fundazioak Indian pobrezia murrizteko egiten duen lana azaltzen du bildumak, eta azaroaren 30era arte ikusgai egonen da

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Viaje a la Ciudad del Infinito erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Vicente Ferrer Fundazioari buruzko informazioa eta Indiako komunitate behartsuenen bizi baldintzak hobetzeko egiten duen lana biltzen du bildumak, fundazioaren 50. urteurrenarekin bat eginez.

 

Lehendakariaren hitzetan, erakusketak “komunitate burujabeak sortzeko garapen integraleko eredua asmatu duen GKE baten lana islatzen du. Eraldaketa sozialerako lan hau aitzindari izan da, izan ere, aurrerapauso izugarriak eman dira osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan edo gizarteratzean milaka pertsonaren kolaborazio solidarioari esker”.

 

Unai Hualdek India bezalako herrialde bateko pertsona kaltetuenen alde Vicente Ferrer Fundazioak egiten duen lan “bikaina” goraipatu du, “berdintasun printzipioaren bidez eta duintasunez isilpeko iraultza” eginez. Pobreziaren aurkako 50 urteko lanak mugarri bat ezarri du, baita garapen jasangarriaren arloan ere, non, NBEren aurretik ere kokatzen diren”.

 

Testuinguru horretan, Lehendakariak Nafarroaren “elkartasuna” nabarmendu du, baita ikastetxeek egindako lana, izan ere, “askotan saritu izan dituzte hauen garapenerako proiektuak”. Amaitzeko, bere esker ona adierazi die “pobrezia eta gizarte bazterkeria nagusitzen diren gizarteak indartzeko eta ahalduntzeko lanean diharduten guztiei. Parlamentuko Lehendakari gisa, Vicente Ferrer Fundazioaren lana zabaltzen laguntzea ohore bat dela besterik ezin dut esan”.

 

Jarraian, Anna Ferrer Vicente Ferrer Fundazioko Lehendakaria, “emozioak jota” azaldu da “urte berezia bizitzen ari delako, Indian egiten duten lana lehen egunetik bizi duelako. Fundazioaren kasuan, ospatze hitzak esan nahi du pentsatzen eta Vicente Ferrerren filosofia sustraitzen jarraitzea. Lanean ospatzen dugu, garapenaren arlo garrantzitsu guztiei ekiten”.

 

Ferrerrek oroitu du 1969an “dirurik gabe, elkarterik eta ekiporik gabe” lau pertsona Indiara iritsi zirela, “Vicente, ni eta bertako bi boluntario. Pobrezia izugarria zen, jendea ez zen bere bizitzaren jabe. Ezerezaren erdian, Vicentek konbentzitu gintuen pertsona horiek bizitza duin bat izatea posible zela, eginbehar hori esklusiboki gobernuen esku utzi gabe. Sinesgaitza da, gaur egun berdinak sentitzen dira eta hori guztia pertsona baten determinaziotik abiatuta lortu da. Eskerrik asko”.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren atarian ospatu da eta bertan izan dira Nafarroako Gobernuko Lehendakari María Chivite, Parlamentuko Mahaiko kide diren Inma Jurío, Yolanda Ibáñez, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez, baita talde parlamentarioetako ordezkariak ere.

 

Viaje a la Ciudad del Infinito 22 argazkik eta 2,5 metroko altuera eta 3 metroko zabalera duten 5 panelek osatzen dute. Hauen bidez Fundazioak Indiako pobreziaren aurka egiten duen lana erakutsi nahi da, bai hezkuntza inklusiboa sustatzen, emakumeak ahalduntzen, kirolaren bidezko gizarte kohesioarekin, edo idorteak arintzeko azpiegiturak garatzen. Legebiltzarraren atarian ikusgai egonen da azaroaren 30era arte, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Ohikoa denez, erakusketa hau KulturAtrio programaren baitan antolatzen da, 2016ko otsailetik Parlamentuak ateak ireki dizkie artistei, kultura babesteko asmoz.

 

Vicente Ferrer fundazioa garapenerako GKE bat da, zeina Indiako eremu behartsu eta behartuenetako bat, Andhra Pradesh, eta planetako komunitate baztertuenetako bat, dalit edo ukiezinak, aldatzeko prozesuarekin konprometituta dagoen. Egun bere lana 3.110 herritara iristen da bi milioi eta erdi pertsonari laguntza emanez.

 

Fundazioak Nafarroan 2.000 bazkide inguru ditu, bere sortzaile Vicente Ferrerrek 55 urte baino gehiagoaz lan egin zuen Indian kaltetuenen alde. Garapena ulertzeko zuen moduak “eredu” gisa balio izan du Nazioarteko kooperazioan.

 

Bere pentsatzeko eta jarduteko moduarekin, Vicente Ferrer milaka pertsonaren kontzientziak astintzeko gai izan zen pertsonen arteko desberdintasunak ezabatzeko borrokan, bere konpromiso eta grina helaraziz.