Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Martxoak 4

‘Foru hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak’ jardunaldiei hasiera eman die Parlamentuko lehendakariak

2021eko ebazpen batek ezarritakoari jarraituz, jardunaldiak 13/1982 Legearen eguneratzea aztertuko duen ponentziaren oinarri izango dira eta bertan landutako edukiak liburu batean jasoko dira

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman die hasiera gaur Lorafnaren berrogeigarren urteurrena dela eta NUPeko I-Communitas-Institute for Advances Social Research Ikerketa Institutuarekin elkarlanean antolatutako jardunaldiei. Erreforma-proposamenak egiteko baliatu nahi da efemeridea, testuinguru historikoari lotutako balantze zorrotz batetik eta araua bultzatu zuten aurrekari juridikoetatik abiatuta.

 

Azterketa politikorako mintegi bat izanen da, operadore juridikoei eta gaian adituak direnei irekia, 22 ponentziaz eta Ganberan ordezkaritza duten taldeek izendatutako sei adituk eskainiko duten baloraziorako mahai politiko batez osatua. Bigarren zatia martxoaren 18an izanen da, ostiralarekin.

 

Lehendakariak irekiera-hitzaldian gogorarazi duenez, azaroaren 4an Komunitatearen egoerari buruzko Eztabaidaren baitan onartutako ebazpen baten edukiari erantzuten diote jardunaldiek. Ebazpen horretan Legebiltzarrari agindu zitzaion, batetik, “autogobernuari buruzko saio batzuk egin zitzala akademia- eta unibertsitate-arloko adituekin, eta ponentzia bat sor zezala Lorafnaren eguneraketa aztertzeko”, bestetik.

 

Esparru horretan, “Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Legean ezarritako eskumenak erabat garatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzeko asmoarekin” eta Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek izenpetutako programa akordioan oinarrituta, Unai Hualdek gogorarazi du “Osoko Bilkurak transferitu gabeko eskumenen negoziazioa eskatu zuela azaroan. Gehiengo zabal baten bidez egin zuen, Geroa Baik eskatuta eta PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien babesarekin”.

 

Horregatik guztiagatik, eta “jardunaldi hauetatik ateratzen diren hausnarketak autogobernua indartzeko garrantzitsuak izan daitezkeela” iritzita, lehendakariak bere egin du Lorafnari buruzko saioetarako bidea eman duen ebazpenaren edukia, eta “pozik” agertu da azken urteotan Estatuarekin batera hasitako konpromisoagatik, “Nafarroak bere gain har ditzan trafikoari buruzko transferentzia historikoak, oraindik egiteke daudenak. Hau hitz-emandakoa betetzea baino ez da, hau da, duela 40 urte adostutako autogobernu-maila betetzea. Zoritxarrez, oraindik albiste da. Lan handia dugu aurretik gure oinarrizko arauan aitortutakoa betetzeko”.

 

Hori dela eta, lehendakariaren hitzetan, aukera ona da “testuinguru politikoa, aurrekari juridikoak eta gure oinarrizko arau instituzionala egiteko prozesua hobeto ezagutzeko. Horretarako lekuko zuzenak ditugu, hala nola Juan Cruz Alli, Nafarroako lehendakari eta foru parlamentari ohia eta irakaslea da, eta, oro har, lehen mailako hizlari talde oso anitza izanen dugu”.

 

Amaitzeko, Roldan Jimenoren, NUPeko I-Communitas Institutuaren batzorde antolatzailearen eta talde parlamentarioen inplikazioa eskertu ondoren, Unai Hualdek dei egin du gaurtik hilaren 18ra bitartean Lorafnaren doktrina-azterketari buruz hausnartzeko. “Herritarren parte-hartzea garrantzitsua” dela nabarmenduz, bertaratu edo Parlamentuaren webgunearen bidez entzuteko, galdetzeko eta parte hartzeko gonbita egin du berriz ere.

 

“Legealdi honetan Foru Legebiltzarraren, Kontuen Ganberaren eta lehen udal demokratikoen osaketaren 40 urteak ospatu ditugu. Orain Lorafnaren txanda da. Gaiak merezi du, eta horren erakusle da jardunaldi hauek etorkizuneko ponentziaren lanaren oinarri izango direla. Hitzaldien edukia bideotekan argitaratu eta liburu batean argitaratuko da”, amaitu du Lehendakariak.

 

Irekieraren ondoren, Roldán Jimeno izan da, NUPeko idazkari nagusia eta Jardunaldietako zuzendari-koordinatzailea, jardunaldiak kokatu eta testuingurua azaltzearen arduraduna. Jardunaldiok helburu bikoitzarekin antolatu dira: “batetik, Lorafnaren 40 urteak ospatzea, zorroztasun akademikoari lotutako azterketa historiko eta juridiko baten bidez, eta, bestetik, 13/1982 Legeak, trantsizio garai eta garai historiko bakoitzean izan zituen gorabeherak aztertzea”.

 

Jarraian, Jorge Urdánozek (NUP) hartu du hitza. Zuzenbidearen Filosofian doktore eta parlamentari ohiak jardunaldia inauguratu du Espainiako trantsizioaren testuinguru politiko eta soziala eta honek Nafarroako Zuzenbidean izandako eraginari buruzko hitzaldiarekin.

 

Urdánozen hitzetan, demokraziarako trantsizio prozesuaren jatorria, alde batetik, “garaiko tentsio sozialak bultzatuta deskonposatzen ari ziren eta hauteskunde-prozesu bat ekarri zuten Gorte frankistetan aurki dezakegu, eta, bestetik Konstituzioaren onarpenean”.

 

Trantsizioaren eraginetan sakonduz, “denbora luzez mitifikatu den prozesua” dela uste du Urdánozek. “Bere argiak izan zituen, eta ondo dago haiekin tematzea, baina bere itzalak ere izan zituen, eta ikasteko eta aurrera egiteko kontuan hartu behar dira. Oinarrizko eskubideak urratzen dituen hauteskunde sistema bati buruz ari naiz, frankistek erabakitakoa eta PSOE-PPk berretsitakoa. Esaterako, sistema horrek berdintasun sufragioa urratzeaz gain, ez zuen aukerarik eman Estatu forma erabakitzeko, hau da, Monarkia edo Errepublika hautatzeko. Eta, batez ere, memoria-politikari dagokionez gabezia izugarriak izan ditu”.

 

Mikel Bueno ikerlari doktoreak (NUP) berretsi du Lorafna “haustura demokratikoaren aldekoen eta erreforma politikoaren aldekoen arteko tesien arteko liskarraren emaitza” izan zela. “Azken hauen garaipenak Foru hobekuntza ekarri zuen, gatazka politiko eta sozialen garai oso gogor baten ondoren, non PSOEren jarrera aldaketak funtsezko papera izan zuen tesi erreformisten garaipenerako”.

 

Horri dagokionez, eta “bi sektoreen iraupena ikusita, bat euskal lau probintzien batasunaren aldekoa eta bestea status quoa eustearen aldekoa”, Buenok uste du herritarrei hitza eman beharko litzaiekeela beren iritzia eman dezaten, 1982an egin ezin izan zutena.

 

Bestalde, Imanol Satrustegi Historia Garaikideko irakasleak (NUP) dio “trantsizioaren aldaketa politikoaren prozesua ez zutela eliteek zuzendu eta ez zela Espainiako gizartearen heldutasun politikoaren ondorio izan. Frankismoaren aurkako langile eta oposizio mugimenduek behetik egindako presio sozialaren emaitza izan zen, eliteak diktadura totalitario bat monarkia konstituzional bihurtzera behartu zituztenak”.

 

Bere ikuspuntutik, “2008ko krisira arte gozatu genituen eskubide sozial eta zerbitzu publiko asko urte haietako borrokaren ondorio izan ziren. Garai hartako militanteek iraultzan sinesten zuten, eraldaketa sozial sakon batean. Gaur egun orduan baino bultzada sozial gutxiago sumatzen da”.

 

Goizeko saioa osatzeko, Fernando Mikelarenak (Zaragozako Unibertsitatea) Foru berrezarpena eta eskubide historikoari buruz hitz eginen du, Amaia Alvarezek (NUP) indarkeria aztertuko du, politikaren eta zuzenbidearen baldintzatzaile gisa; eta Miguel José Izu jurista eta idazleak Foru Hobekuntzaren erreformak aztertuko ditu.

 

Arratsaldeko saioa (16:30Juan Cruz Alli Arangurenen (NUP) ponentzia batekin hasiko da, Foru Hobekuntzaren prestaketaren prozesua eta Nafarroako autogobernuari buruzko eztabaida ideologikoak izenburupean; ondoren, Foru Hobekuntzaren doktrina-eztabaidak, erreferendumik eza eta Autonomia-estatutu bereziaren izaera duen ala ez ponentzia eskainiko du Juana Goizuetak (EHU). Erreferendumik gabeko akordio politiko bat: Hobekuntza historiaren, zuzenbidearen eta politikaren artean ponentzia eskainiko dute Álvaro Baraibar eta Juan Mª Sánchez Prietok (NUP). Amaitzeko, Roldan JimenoForu Hobekuntzaren hitzaurrea, Nafarroako trantsizioen zuzenbidearen interpretazio historizista gisa hitzaldia eskainiko du.

 

Bigarren saioa, martxoak 18

 

09:00etan hasita, Foru Hobekuntzaren xedapen orokorrak aztertuko ditu Francisco Javier Enérizek (NUP). Ondoren, Silvia Doménech Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak Nafarroako Parlamentuari buruz hitz eginen du. Joseba Asiainek, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Nafarroako Gobernua eta Gobernuko lehendakariari buruz hitzaldia eskainiko du. Eskumenen gaia Francisco José Negro Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendariak landuko du.

 

Atseden baten ostean, 12:00etan Fernando de la Huchak (NUP) Estatuko Administrazioarekiko harremanak eta Hitzarmen ekonomikoa ponentzia eskainiko du. Aritz Romeok (NUP) Toki administrazioari buruz hitz eginen du. Jarraian, Justizia Administrazioa Nafarroan hitzaldia eskainiko du Esther Erice Nafarroako Auzitegi Nagusiko magistratuak.

 

Arratsaldeko saioa Juan Cruz Alli Turrillasek (UNED) hasiko du, Hitzarmen eta lankidetza akordioak komunitate autonomoekin ponentziarekin. Ondoren, José Antonio Razquin Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoak Foru Hobekuntza epaitegietan: jurisprudentziaren balorazio bat hitzaldia eginen du. Foru Hobekuntza eta Europako eskualdeen estatutuari buruz hitz eginen du Alicia Chicharrok. Cristina Zocok (NUP) Konstituzioaren erreforma eta Foru Hobekuntzaren erreformari buruz eskainiko du hitzaldia.

 

Jardunaldiak amaitzeko 19:00etan mahai politikoa eginen da, Foru Hobekuntzaren 40 urteen balantzea eta hura erreformatzeko aukera eztabaidatzeko. Sei hizlari egonen dira, egungo Foru Parlamentuan ordezkatutako talde parlamentario bakoitzak eta parlamentarien elkarteak izendatuak. Hizlariak Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Aladino Colín (PSN), Goio Monreal (Geroa Bai), Patxi Zabaleta (EH Bildu), Ricardo Feliu (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuin (IE) izanen dira.

 

Amaiera ekitaldia 20:00etan izanen da, Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakariaren parte hartzearekin.