Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 23

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina

Osoko bilkuran onetsia. 2020ko abenduaren 23an

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi du gaur. PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk alde bozkatu dute, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak abstentzioa eta Navarra Sumak aurkako botoa eman du.

 

Hona hemen zerga- eta tributu-neurriei buruzko lege proiektuan jaso diren neurri nagusiak:

 

PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

 

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, kooperatibetako bazkide langileek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateetatik jasotzen dituzten prestazioen salbuespena deklaratzen da (prestazio horien zerga-tratamendua ezintasun iraunkor absolutuagatiko edo baliaezintasun handiagatiko Gizarte Segurantzaren edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen prestazioen tratamenduarekin parekatzen da).

 

Bizitzeko gutxieneko errenta ere salbuetsi egiten da, errenta bermatuak bezalako tratamendua izan dezan; baita bekak, garraiorako, mantenurako eta alojamendurako laguntzak eta familia eta lana bateratzeko laguntzak ere.

 

Lan etekinen alorrean, gauzazko zenbait ordainsari halakotzat hartu behar direla zehazten da, baina salbuetsita daudela deklaratzen da. Horrek ez dakar tributazioaren aldaketarik, kalifikazioa bakarrik aldatzen baita.

 

Jarduera ekonomikoen etekinei dagokienez, zenbatespen objektiboaren araubidearen ordez, datorren urtarrilaren 1etik aurrera zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea jarriko da enpresa- eta lanbide-jardueren etekinak zehazteko.

 

Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako jardueretan, zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea aplikatuko da baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada 300.000 euro baino handiagoa izan. Eta baliokidetasun-errekargua edo BEZaren araubide erraztua aplikatzen duten gainerako jardueretan, gehieneko zenbateko hori 150.000 euro izanen da.

 

Diru-sarreretatik gastuak kenduko dira, baina ez dira kengarriak izanen hornidurak, amortizazioak eta garraioko elementuen edo nekazaritzako makineriaren errentamendu- edo lagapen-gastuak.

 

Etekin garbitik haren % 10 kendu ahalko da arau orokor gisa, % 35 nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantzako jardueretan, eta % 45 salgaiak errepidez garraiatzeko jardueretan. Gainera, salmenta eta diru-sarreren eta erosketa eta gastuen erregistro-liburua eraman beharko da.

 

Uko egiteko eta errebokatzeko araubidea zuzeneko zenbatespen erraztuan bezala izanen da.

 

Familia-enpresa eskualdatzeari dagokionez, 2020-01-01etik aurrerako ondorioekin, eskuratzaileak enpresa 5 urtez mantentzearen baldintza ez da urratutzat joko eskuratzailea hiltzen bada (orain arte bezala) eta beste kasu honetan ere: baliaezintasun erabatekoa edo handia onartzen zaionean.

 

Nazioarteko zerga gardentasunaren alorrean, ezartzen da bazkideari egotziko zaizkiola atzerriko filial kontrolatuak lortutako eta banatu gabeko errenta mota batzuk: atzerriko establezimendu iraunkorrek lortutako errentak, finantza-errentamenduko eragiketetatik ateratako errentak edo aseguru-jarduera, banka-jarduera eta bestelako finantza-jardueretatik ateratakoak.

 

Gizarte-aurreikuspeneko planetarako enpresa ekarpen eta kontribuzioengatiko zerga-oinarriaren murrizketarako gehieneko mugei dagokienez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera 2.000 eurora jaitsiko da muga orokorra, eta 5.000 eurora 50 urte baino gehiago dutenentzako muga. Eta 5.000 eurora igoko da partaideei egotzitako enpresa-kontribuzioetarako ezarritako muga bereki eta independentea.

 

Kooperatibei dagokienez, betebehar hau ezartzen da: kooperatibek ekarpen sozialak eskualdatzearen edo itzultzearen ondoriozko errentei buruzko informazioa eman behar dute.

 

Informazio-betebehar berriak, diru birtualak edukitzeari eta haiekin egindako eragiketei buruzkoak:

 

-Diru birtualen titularrek daukaten saldoari buruzko informazioa eman beharra: diru birtualen jabeei horrelako dirua gordetzeko zerbitzua ematen dieten entitateen aitorpena:

 

Behartuta egonen dira Espainian egoitza duten pertsonak eta entitateak eta atzerrian egoitza duten pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrak, hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen badituzte pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko, eta diru birtualak edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko.

 

Eman beharreko informazio hori diru birtual guztiei dagokie, eta barnean biltzen ditu diru birtual bakoitzean eta, kasua bada, legezko dirutan dauden saldoak, bai eta saldo horien titularren, baimendunen edo onuradunen identifikazio-datuak ere.

 

-Diru birtualekin egindako eragiketei buruzko informazioa eman beharra: eskuratzea, eskualdatzea, trukatzea, transferitzea, kobrantzak eta ordainketak egitea.

 

Aurreko betebeharra duten subjektuei dagokie, eta honako hauei ere bai: diru birtualen eta legezko diruaren arteko truke-zerbitzuak edo zenbait diru birtualen artekoak ematen dituztenei eta horrelako eragiketetan, edozein modutan, artekari aritzen direnei.

 

Betebehar bera dute diru birtual berrien hasierako eskaintzak (ICO) egiten dituztenek, beste diru birtual batzuen edo legezko diruaren truke entregatutakoei dagokienez.

 

2021erako, zuzeneko zenbatespen berezian aplikatu beharreko etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa % 50 izanen da (% 45aren ordez) salgaien errepide-garraioaren jardueretan, eta % 20 (% 10aren ordez) ostalaritza eta jatetxe jardueretan.

 

Zuzeneko zenbatespen bereziaren araubideari uko egiteko epe berezia 2021eko martxoaren 31ra artekoa izanen da.

 

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

 

Zehazten denez, egoitza Espainiako lurraldean duen entitate batek egoitza aldatzen duenean, titular gisa dituen elementuei erantsitako gainbalioei lotutako errenta integratu beharko du, gainbalio hori gauzatu ez bada ere, Espainiako lurraldean zergapetu daitezen. Orain arte, egoitza Europar Batasuneko beste estatu batera edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari atxikitako beste herrialde batera aldatzen bazen, zergadunak eska zezakeen irteerako zergaren ordainketa geroratzeko, onartutako ondare-elementuak hirugarrenei eskualdatzen zitzaizkien egunera arte.

 

Tratamendua Europar Batasunaren araudian ezarritakoari egokitzeko, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordainketa geroratu ordez zerga bost urtetan zatikatuko da.

 

Aurreikusten da, gainera, aktiboen lekualdaketak irteerako zergapetzea izan badu Europar Batasuneko estatu kide batean, Espainian balio fiskaltzat onartuko dela estatu horrek zehaztutako balioa, salbu eta merkatuko balioa islatzen ez duenean.

 

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zinema ekoizpenei eta ikus-entzunezko serieei dagokienez, aldatu egiten da kenkariaren oinarria: ikus-entzunezko obraren kostua izanen da oinarria, Film baten kostuaren eta ekoizlearen inbertsioaren aitorpena arautzen duen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera zehaztuta.

 

Kenkariaren oinarrian sartuko dira, besteak beste, ekoizleak kopia estandarra edo master digitala lortu arte egindako gastuak, finantza gastu jakin batzuk eta publizitate eta sustapen gastuak, filma egitearen kostuaren % 40ko mugarekin.

 

Gainera, kenkariaren muga 5 milioi eurora igotzen da. Eta bi prozedura ezartzen dira, zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularrak garatuko dituenak: bata, kenkaria aplikatu ahal izateko baliozkotze prozedura, eta bestea, eragindako kostuak ondoren justifikatzekoa, kenkariaren oinarria zehazteko.

 

Filma amaitu eta gero, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ZIAI-ICAA) emandako kostuaren aintzatespenaren ebazpenean oinarritua, eta Nafarroan egin diren gastuetan oinarritua, Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du, zeinean zehaztuko baita kenkariaren oinarriaren zenbatekoa.

 

Aplikatutako kenkaria handiagoa bada ebazpenean ezartzen den kenkariaren oinarriaren arabera zegokiokeena baino, zergadunak kenkaria erregularizatu beharko du Kulturaren ebazpena jakinarazi zaion zergaldiari dagokion autolikidazioan.

 

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, kenkaria finkatzeko baldintzetako bat kentzen da, zehazki plantillei eusteko betebeharra, kenkaria errazteko asmoz.

 

Baldintza hori 2021eko hamabi hilabeteetarako ere kentzen da 2019an sortutako kenkarietarako.

 

EJZko kuotetako kenkariari dagokionez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ez dira konturako ordainketatzat hartuko 1.000.000 eurotik beherako negozio-zifraren zenbateko garbia duten zergadunek ekonomia jardueren gaineko zerga dela eta ordaindutako kuotak, zergadun horiek salbuetsita daudela deklaratu baita.

 

Nazioarteko zerga gardentasunaren alorrean, araubidea aldatu egiten da 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako; hala, nazioarteko zerga gardentasunaren eremuan sartzen dira atzerriko establezimendu iraunkorrek lortutako errentak eta finantza-errentamenduko eragiketetatik edo aseguru-jarduera, banka-jarduera nahiz beste finantza-jarduera batzuetatik ateratako errentak. Horrela Nafarroako foru araudi espezifikoa erabat egokitu ahal izanen zaio 2016/1164 (EB) Zuzentarauari, zenbait errenta egozteko metodoari dagokionez.

 

Argitzen da ezen partzialki salbuetsita dauden entitateek egiten dituzten inbertsioek kuotaren kenkaria izateko eskubidea emanen dutela bakarrik zergapeko eta salbuetsi gabeko jarduerekin lotuta badaude.

 

Automobilgintzako ekoizpen prozesuetan berrikuntzarako pizgarriak ematea helburu, 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan berrikuntza teknologikoagatiko kenkariaren ehunekoa % 25 izanen da, % 15 izan ordez.

 

TRIBUTUEI BURUZKO LEGE OROKORRA

 

2021era arte luzatzen dira zerga-zorra geroratzeko edo zatikatzeko egindako eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak, 2017tik 2020ra arte indarrean egon direnak.

 

Halaber, atzerrian kokatutako diru birtualei buruz 720 ereduan informazioa eman beharra ezartzen da, baita betebehar hori ez betetzeagatiko isuna ere: 5.000 euro diru birtual bakoitzari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko; gutxienez, 10.000 euroko isuna izanen da.

 

Subjektu arau-hausle gisa sartzen da balio erantsiaren gaineko zergaren entitate-taldearen araubide bereziko entitate nagusia.

 

Zerga-kontrolerako neurri gisa, ezartzen da kontabilitateko edo enpresa kudeaketako prozesuen euskarri diren sistema informatikoak edo elektronikoak egokitu behar direla erregistroen osotasuna, kontserbazioa, irisgarritasuna, irakurgarritasuna, trazabilitatea eta aldaezintasuna bermatzen dituzten baldintza jakin batzuetara, eta zehapen araubide espezifiko bat ezartzen da, sistema edo programa horiek ziurtapen egokirik izan gabe ekoizte hutsaren edo edukitzearen ondorioz.

 

BESTE TRIBUTU-ALDAKETA BATZUK

 

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzea ere aurreikusten da, bertan jasotzeko, beste neurri batzuen artean, milioi bat eurotik beherako negozio-zifra dutenak salbuetsita daudela ekonomia jardueren gaineko zerga (EJZ) ordaintzetik. Neurri horrek 31.000 langile autonomo eta 7.000 ETEri baino gehiagori eraginen liekeela kalkulatu da.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan 2 in voce zuzenketa eztabaidatu dira, izenburua eta zioen azalpena testuaren edukiari egokitze aldera Ekonomia eta Ogasun Batzordetik pasa ondoren. Batzordeak 20 zuzenketa onetsi zituen, guztiak ere PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ekimenez, konbinazio desberdinetan. Navarra Sumak aurkako botoa eman du.

 

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak onetsitako 20 zuzenketen zerrenda