Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abenduak 21

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2017ko abenduaren 21ean

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkakoa.

 

Arau horrek hein batean aldatzen ditu honako karga eta lege hauek: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, ondarearen gainekoa, sozietateen gainekoa, oinordetza eta dohaintzen gainekoa, Tributuei buruzko Lege Orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoa.

 

Gobernuak bultzatutako neurri multzo horrek PFEZaren 2018ko atxikipenetan eta 2019ko aitorpenetan sortuko ditu ondorioak. Helburua da “zerga-kontsolidazioa finkatzea, zerbitzu publikoen etengabeko bultzada ahalbidetuko duten zerga-politikak ezarriz”.

 

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aldaketa jaso da 1. artikuluan; 3 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko kenkaria 100 euro handiagoa izatea du berrikuntza nagusia, betiere errenta gehienez ere 30.000 eurokoa bada, edo, baterako aitorpenen kasuan, gehienez 60.000 eurokoa.

 

Era berean aldaketak egin dira pentsio planetan, kapital eran berreskuratzen diren prestazioei % 40ko murrizketa kenduz, duela jada 10 urtetik araubide erkidean egiten den bezala. Aldaketa horrek, ordea, 2018ko otsailaren 1etik aurrera egiten diren ekarpenei bakarrik eraginen die, trantsizio-araubide bat ezarri delako lehendik badiren pentsio planetarako.

 

Aurrezpenari dagokionez, Legeak berrikuntzak sartu ditu oinarri bereziaren tributazioan, tarteetako bakoitzean puntu bat gehitu baitzaio.

 

Halaber, desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetzeko neurriak ezarri dira; esaterako, enpresek aseguruen kontrataziorako ordaindutako kuotak gauzazko ordainketatzat ez hartzea, betiere 1.500 eurotik gorakoak ez badira. Gainera, mendekotasuna duten pertsonak desgaitasuna duten pertsonekin zerga kontuetan parekatzeko bideari eutsiz, helburu horretarako zenbait aldaketa tekniko sartu dira.

 

Batzordean egindako eztabaidan gehitu diren berrikuntzen artean, % 40ko zerga-arinketa berreskuratu da etxebizitza Nasuvinsaren bidez alokatzen ez duten errentatzaileentzat, betiere “araudian ezarritako baldintzekin pareka daitekeen moduan alokatzen badute higiezina, eta Ogasunaren aurrean konpromisoa hartzen badute, indarrean dagoen errentamendua amaitzen denean beren etxebizitza bitartekotza-programan sartzeko”. Goian aipatzen den araudi hori Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluak eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 77. artikuluak osatzen dute.

 

Nolanahi ere, “alokatzeko aukeratutako bitartekoaren araberako bereizkeria saihestea” da helburua. Argudiatzen da, gainera, murrizketa horrek ezkutuko ekonomia gutxitzen lagunduko duela, eta administrazioei higiezin parke bat jarriko diela eskura kostu izugarri txikiarekin, etxebizitzak eraikitzeak edo funts publikoekin erosteak izanen lukeen kostuaren aldean.

 

Halaber,PFEZari dagokionez, aurreikusten da PFEZetik salbuestea zenbait diru-laguntza publiko, etxe jabeen erkidegoei ematen zaizkienak zaharberritze babestuko obrengatik (batez ere, inguratzaile termikoa eta energia instalazioak hobetzeko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko obrengatik). Neurri horrek traba ekonomikoak edota obra egin ahal izateko gehiengoa lortzeko zailtasunak deuseztatzen dituela argudiatzen da; gainera, “ongi egokitzen da Gobernuaren energia politikan, klima-aldaketaren aurkako borrokaren ibilbide-orriarekin lerrokatuta baitago”.

 

Autokontsumorako diren energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteagatik % 15eko kenkaria ere egonen da. Kenkari handiagoa ere aplikatu ahalko da, % 30eko muga inoiz gainditu gabe, zenbait kasutan: autokontsumo partekatuko proiektuak, auzokideen erkidegoak, energia berriztagarrien bi iturri desberdin dituen mikrosarea (5 puntu gehiago), edo litio ioiaren teknologia edo antzekoa erabiltzea (10 puntu).

 

Testuinguru horretan, urtarrilaren 1etik aurrera % 30eko kenkaria egonen da inbertsioak egiteagatik ibilgailu elektrikoetan (baita bizikletetan ere) edo entxufa daitezkeen hibridoetan (% 5), baldin eta Europako 2007/46/EE Zuzentarauan eta 168/2013 (EB) Erregelamenduan definitutako kategorietako ibilgailuak badira.

 

Kargatzeko sistemetarako ere % 15eko kenkaria egonen da, eta potentziaren arabera 2 puntu edo 5 puntu gehitu ahalko zaizkio. Potentzia arrunteko kargaguneetarako murrizketa 5.000 eurokoa izanen da gehienez, eta potentzia handikoetarako murrizketa, 25.000 eurokoa gehienez.

 

Beste alde batetik, ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkariari jarraipena emanen zaio, alegia, etxebizitza erosteak jarraituko du eskubidea ematen kasuan kasuko araubide iragankorrak aplikatzeko, egungo legeriarekin bat etorriz, inolako denbora-mugarik gabe.

 

Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Lege proiektuak, zeina lege proiektuaren 2. artikuluan txertatuta baitago, funtsezko bi berrikuntza ekarri ditu. Alde batetik, enpresa-ondasunen tributazioa leundu egin da: dagokien kenkaria % 80tik % 95era igo da, milioi bat eurotik aurrera. Bestetik, % 65etik % 55era murriztu da ezkutu fiskala delakoa.

 

Sozietateen gaineko Zerga aldatzen duen Lege proiektua 3. artikuluan dago jasota. Zerga horren bidez enpresen mozkinak zergapetzen dira.

 

Onura fiskaletan edo kargaren kenkarietan egin dira aldaketa nagusiak. Hala, bada, kalitatezko enplegua sor dadin eta emakumeak lan-merkatuan sar daitezen sustatzeko, enplegua sortzeagatiko kenkariaren baldintzak zorroztu egin dira: kenkari hori jaso ahal izateko sortu beharreko lanpostu mugagabeetako soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 izan behar du (orain arte LAGS halako 1,7 izatea eskatzen zen). Kenkaria 5.000 eurokoa izanen da emakume bat kontratatzen denean eta 2.500ekoa gizon bat kontratatzen denean.

 

Aktibo finko berrietan inbertitzeagatiko kenkaria ere aldatu egin da: jarduerari atxikita ez dauden higiezinetako inbertsioek elementu kengarri izateari utzi diote. Bestalde, berrinbertsioagatiko salbuespena eskualdaketan lortutako errenten % 50era mugatu da. Likidazio oinarri negatiboen konpentsazioari dagokionez, berriz, orain arteko % 70eko mugari eutsi zaio ETE-entzat, baina % 50ekoa edo % 25ekoa izatera igaro da negozio-zifraren arabera, Estatuak ezarritako bideari jarraituz.

 

Tributazio zoruari dagokionez, mikroenpresek jarraitu beharko dute zerga % 13ko tasarekin ordaintzen, gutxienez; ETE-en zorua % 16ra igo da, eta enpresa handiek gutxienez % 18ko tasarekin ordaindu beharko dute zerga, beren onura fiskalek kuota txikiagoa ematen badiete ere.

 

Iruzur fiskalaren aurkako borrokari ere ekiten dio arauak. Alor horretan zehapen larrien gehikuntza nabarmentzen da, agerian jarritako kuotaren % 75etik % 90ra igo baitira.

 

Gainera, 2018tik aurrera aldatu eginen dira Nafarroako Ogasunak urtero argitaratzen duen zordunen zerrendaren baldintzak, halako moldez non zerrendan sartzea dakarren gutxieneko zorra 250.000 eurotik 120.000 eurora jaitsiko baita. Zenbateko hori bera jotzen da delitu fiskaltzat. Zordunari jakinarazten zaionean bera zerrendan sartzea proposatu dela, eten eginen da zorraren preskripzio epea.

 

Zehapenak errazago betearazte aldera, goiz ordaintzen dutenentzako murrizketak ezarri dira lehen aldiz: % 20ko murrizketa zehapen larrien kasuan eta % 30ekoa zehapen arrunten kasuan.

 

Europako Batzordeak ezarritako irizpideak aintzat hartuz, patent box deitzen zaion onura fiskalari buruzko arau berriak ezarri dira. Arau horiek kanpoan uzten dituzte industriako, merkataritzako edo zientziako esperientziei dagozkien informazioak eta industria diseinuak, baldin eta ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuen emaitza gisa lortuak badira. Azken batean, Patenteei buruzko Legearen aplikazio-eremuan sartutako aktiboek emanen dute murrizketarako eskubidea.

 

Horregatik, kontuan izanik erregistratutako aktiboak soilik sartzen direla aplikazio-eremuan, eskatu ahalko da baloraziorako aldez aurreko erabakia har dadila, koefiziente bat aplikatzearen ondoriozko murrizketa portzentajea zehazteari dagokionez, ez ordea aktiboak seinalatutako kategorietako batean sailkatzeari dagokionez.

 

Horrez gain, diskriminazio positibo gisa, proiektatzen da % 40ko zerga-arinketa aplikatzea emakumeek soilik parte hartzen duten kirol lehiaketen eta jardueren babesletzari.

 

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan egindako aldaketak, 4. artikuluan jasoak, erreforma fiskalaren berrikuntza nagusietakoak dira. Lerro zuzeneko ondorengo edo aurreko ahaideen kasuan, lehenbiziko 250.000 euroetan % 0,8ko tributazioa kendu da heriotza kasuan, eta diru-zenbateko horretatik aurrera tributazio progresiboa ezarri da, % 2tik (gehienez 500.000 eurokoak diren ondasunetarako) % 16ra (3 milioitik gorako ondasunetarako) bitartekoa.

 

“Zuzentasunagatik, eta aurrekoarekin bat etorriz”, honako hau erabaki da: mortis causa eskurapenetan, % 0,8ko zerga-tasa likidazio-oinarri osoari aplikatu ordez, lehenbiziko 250.000 euroetatik aurrera aplikatuko da, eta lehenbiziko 250.000 euro horiek ez dira zergapetuko.

 

Progresibotasun elementu bera ezarri zaie bizien arteko dohaintzei. Hala, tributazioa % 0,8koa da lehenbiziko 250.000 euroetarako eta % 8koa hiru milioitik gorako balioetarako. Ezkontideen edo bikotekide egonkorren arteko eskualdaketa % 0,8an mantendu da, balioa gorabehera.

 

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren eremuan, salbuespen-kasua hedatu egin da eta barnean hartuko du Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aplikatuta emandako epaien ondorioz ondasunen jabetza edo gozamen-eskubidea eskualdatzea.

 

Azkenik, idazleak kultur mezenasgoaren onuraduntzat jo daitezkeela ezarri da.

 

Hauek guztiak, Batzordean onartutako irizpenean txertatutako aldaketak dira, izan ere, Osoko Bilkuran gauzatutako eztabaidan 6 in voce zuzenketa onetsi dira, alokairuko etxebizitza, patent box-a, iruzur fiskalaren aurkako borroka eta likidazio oinarri negatiboen murrizketari mugak jartzearen inguruko aferak zehazteko.

 

www.parlamentodenavarra.es

  • Foru Lege Proiektuaren Argitaratzea (NPAO, 138. zk, 2017-11-07koa)

  • Zuzenketen argitaratzea (NPAO,  144.zk, 2017-11-14koa)

  • Zuzenketen argitaratzea (NPAO, 150.zk, 2017-12-07koa)

  • Irizpenaren argitaratzea (NPAO, 154.zk, 2017-12-18koa)

  • www.parlamentodenavarra.es

  • Foru Lege Proiektuaren Argitaratzea (NPAO, 152.zk, 2017-12-14)