Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Abenduak 22

Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zergari buruzko Foru Legea

Osoko bilkurak onetsia. 2022ko abenduaren 22an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zergari buruzko Foru Legea. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak kontrakoa. Trantsizio-testu bat da, eta horren bidez finantza publikoak ekitatearen ikuspegitik finkatzen lagundu nahi da; ELGA, bitartean, karga horren ezarpen harmonizatua lortzeko lan egiten ari da. Karga “ekonomiaren digitalizazioak sortutako etekinak zergapetzera” bideratuta dago, “etekin horiek datuek eta erabiltzaileek sortutako balioari estu lotuta daudenean”.

 

Nafarroako Gobernuak sustatutako arauaren xedea zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga arautzea da, Estatuko 4/2020 Legearen arabera eta “nazioartean hartutako konponbidearen” antzera, erabiltzaileen partaidetza duten zerbitzu digitalak zergapetzeko, baldin eta partaidetza horrek balioa sortzen badu enpresa mailegu-hartzailearentzat. Enpresak, gainera, ekarpen horiek monetizatzen ditu. Beraz, zerbitzu horiek ez lirateke existituko erabiltzaileen inplikaziorik gabe. Google Tasa gisa ezagutzen da, eta milioi eta erdi euro inguruko eragina du Nafarroan.

                     

4/2020 Legearen azken xedapenetako bosgarrenak adierazten duenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, hura egokitzea erabakiko da.

 

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren arabera (hitzarmen horri idazpen berria eman zitzaion urriaren 19ko 22/2022 Legean), Nafarroako Foru Komunitateak, Estatuko Administrazioak edo bi administrazioek ordainaraziko dute zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga, likidazio-aldian lurralde bakoitzean egindako eragiketa-bolumenaren proportzioan.

 

Proportzio hori zehaztuko da zergari atxikita dauden eta Administrazio bakoitzaren lurraldean egindako zerbitzuen prestazioengatik lortutako sarrerek Espainian osotara lortutako sarrerekiko egiten duten ehunekoaren arabera.

 

Zerbitzu digitalen prestazioak lurralde erkidean edo foru lurraldean eginak direla ulertuko da, erabiltzaileak dauden tokiaren arabera, zergaren araudian jasotako lokalizazio-arauei jarraikiz zehaztuta.

 

Era berean, zerga ordainaraztean, Nafarroak Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

 

Emandako zerbitzuetan zentratzen denez, zerbitzu horiek ematen dituenaren ezaugarriak kontuan hartu gabe, besteak beste haren gaitasun ekonomikoa, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ez da errentaren edo ondarearen gaineko zerga bat, eta, beraz, ez da sartzen zergapetze bikoitzeko hitzarmenetan, digitalizazioaren ondoriozko erronka fiskalei buruz G20/ELGAk egindako bitarteko txostenak ezartzen duenaren arabera. Beraz, zeharkako tributu gisa eratzen da, eta, gainerakoan, bateragarria da balio erantsiaren gaineko zergarekin.

 

Zergak honako zerbitzu-prestazio hauek soilik zergapetzen ditu (foru legearen ondorioetarako “zerbitzu digital” gisa identifikatzen dira): interfaze digital batean, interfaze horien erabiltzaileei zuzendutako publizitatea sartzea (“onlineko publizitate-zerbitzuak”); interfaze digital multifazetikoak eskura jartzea, erabiltzaileek beste erabiltzaile batzuk aurkitzeko eta haiekin elkarreragiteko aukera izan dezaten, edo, are gehiago, azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak erraztea (“onlineko bitartekaritza-zerbitzuak”); eta interfaze digitaletan erabiltzaileek garatutako jardueretan bildu diren datuak eskualdatzea, baita saltzea eta lagatzea ere (“datuak eskualdatzeko zerbitzuak”). Inola ere ez da sartzen komunikazio-seinaleen garraioa, Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorrean aipatua.

 

Zergaren oinarritzearen ondorioz, zergari ez lotzeko kasuetan, argitu egiten da haren esparrutik salbuetsita gelditu direla, besteak beste, honako hauek: azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak, onlineko bitartekaritza-zerbitzu batean erabiltzaileen artean gertatzen direnak; eta online kontratatutako ondasun edo zerbitzuen salmentak, ondasun edo zerbitzu horiek hornitzailearen webgunearen bitartez (merkataritza elektronikoko txikizkako jarduerak), zeinetan hornitzailea ez baita bitartekari gisa aritzen, zeren eta txikizkariarendako balioa sortzen da hornitutako ondasun eta zerbitzuetan eta interfaze digitala komunikaziorako bide soil moduan erabiltzen da. Hornitzaile batek ondasunak edo zerbitzuak bere kontura online saltzen dituen edo bitartekaritza-zerbitzuak ematen dituen zehazteko, eragiketaren substantzia juridikoa eta ekonomikoa hartu beharko da kontuan.

 

Zerga honen zergadunak dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoak eta entitateak, baldin eta Espainian, Europar Batasuneko beste estatu batean edo Europar Batasunekoa ez den beste edozein estatu edo jurisdikziotan kokatuta badaude eta, likidazio-aldiaren hasieran, aurreko urte naturalean bi atalase hauek gainditzen badituzte: Negozio-zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa izatea; eta zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazioetatik eratorritako diru-sarreren zenbatekoa, osotara, 3 milioi euro, zerga-oinarria zehazteko aurreikusitako arauak aplikatu ondoren (Espainiako lurraldean kokatutako erabiltzaileei dagokien diru-sarrera horien zatia zehazten da horrela).

 

Lehen atalaseak aukera ematen du zergaren aplikazioa tamaina handiko enpresetara mugatzeko; izan ere, enpresa horiek gai dira datuetan eta erabiltzaileen ekarpenean oinarritutako zerbitzu digital horiek emateko, eta, neurri handi batean, oinarri dute erabiltzaile-sare zabalak, datu-trafiko handia eta merkatuan posizio sendoa izatea. Atalase horrek segurtasun juridikoa emanen du, enpresei eta zerga administrazioari aukera ematen baitie modu errazagoan zehazteko entitate bat zergari atxikita dagoen, izan ere, zehazteko modu hori bera agertzen da honakoetan: Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 (EB) Zuzentarauan (2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena, fiskalitatearen arloan informazioa nahitaez eta automatikoki trukatzeari dagokionez, eta herrialdez herrialdeko txostenari buruzko aitorpena ezartzen duena); nazioarteko arau baliokideetan, Zerga Oinarriaren Higadurari eta Etekinen Eskualdatzeari buruz ELGAk eta G-20ak egindako proiektuko 13. ekintza, transferentzia-prezioen eta herrialdez herrialdeko txostenaren gaineko dokumentazioari buruzkoa; eta Europako beste proiektu arauemaile batzuetan. Gainera, enpresa txiki eta ertainak eta garatzen ari diren enpresak zerga berritik kanpo uzteko aukera ematen du, zerga horri lotutako betetze-kostuek neurriz kanpoko eragina izan baitezakete haientzat.

 

Bigarren atalaseak aukera ematen du zergaren aplikazioa mugatzeko Espainian aztarna digital esanguratsu bat dagoen kasuetara, kargatutako zerbitzu digital motei dagokienez.

 

Hala ere, arau bereziak ezartzen dira talde bateko entitateentzat. Horrela, entitate batek atalaseak gainditzen dituen eta, beraz, zergaduntzat hartzen den zehazte aldera, atalaseak talde osoari aplikatu beharreko zenbatekoen arabera aplikatu behar dira.

 

Zergaren zerga-oinarria honako hau izanen da: zergadunak Espainian egindako eta zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazio bakoitzagatik lortutako diru-sarreren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga edo beste zerga baliokide batzuk alde batera utzita, hala badagokio. Oinarria kalkulatzeko, arau batzuk ezartzen dira Espainian kokatuta dauden erabiltzaileei dagozkien diru-sarreren zatia soilik zergapetzeko, erabiltzaile guztietatik bereizita.

 

Zergaren tasa % 3koa izanen da, eta zeharkako zerga izanen da. Zergapetutako zerbitzu-prestazio bakoitzeko sortuko da zerga, eta likidazio-aldia hiru hilekoa izanen da.

 

Artikulu honetan ezarritako xedapen bereziak alde batera utzi gabe, zerga honi buruzko arau-hausteak 13/2000 Foru Legean eta aplikazio orokorreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

 

Zerga honen ondorioetarako, zerga-arloko arau-hauste astuna izanen da 13.1.h) artikuluan aipatzen den betebeharra ez betetzea. Bertan, honako betebehar hau ezartzen da: “Erabiltzaileek zerga aplikatzen den lurraldean gailuak non dauden zehazteko sistemak, mekanismoak edo akordioak ezartzea, bai eta Nafarroan kokatutako erabiltzaileen gailuak identifikatzea ere”.

 

Zehapena aurreko urte naturaleko negozio-zifraren zenbateko garbiaren % 0,5eko diruzko isuna izanen da, 8. artikuluan (Zergadunak) ezartzen den bezala, eta gutxienez 15.000 eurokoa eta gehienez 400.000 eurokoa izanen da, aurreko paragrafoan aipatzen den ez-betetzea gertatu den urte natural bakoitzeko. Zehapenaren zenbatekoa murriztu ahalko da, 13/2000 Foru Legearen 71.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

Gobernuak igorritako Finantza-transakzioen gaineko zergari buruzko Foru Lege proiektua zuzenean aurkeztu zaio Osoko Bilkurari, Ekonomia eta Ogasun Batzordeak irizpena eman beharrik gabe, ez baita zuzenketarik aurkeztu horretarako ezarritako epean.