urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez tributu-neurriak onesten baitira koronabirusaren osasun-krisiaren inpaktuari erantzuteko.
Osoko Bilkuran baliozkotua. 2021eko urtarrilaren 28an
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaurkoan onetsi egin du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez tributu-neurriak onesten baitira koronabirusaren osasun-krisiaren inpaktuari erantzuteko.
1/2021 Foru Lege-dekretuak zerga-alorreko zenbait neurri aurreikusten ditu, enpresa txiki eta ertainen nahiz autonomoen problema finantzarioak samurtzera bideratuak, COVID-19ak jardun ekonomikoaren alorrean izandako eraginari erantzutearren, ezen haien diru-sarrerek izandako beherakadak zailtasun asko ekartzen dizkie gastu eta ordainketa arruntei erregulartasunez erantzuteko.
Hori horrela, tributu-zorrak salbuespen gisa geroratuko direla ezartzen du, baldin eta eratorriak badira halako autolikidazioetatik non borondatez aurkeztu eta ordaintzeko epea 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko apirilaren 30era bitartean amaitzen zaien. Geroratzeak gehienez ere 7 hilabete iraunen du, eta lehenbiziko hirurak interesik gabekoak izanen dira. Baldintzak dira apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legeak arautzen dituen berak.
Halaber, jardun ekonomikoetan diharduten zergadunak salbuetsiak gertatzen dira 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion PFEZ-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ordainketa zatikatua egitearen betebeharretik.
Halaber, Foru Lege-dekretuak 6 hilabetetik 3 hilabetera bitarteko murrizketa ezartzen du Sozietateen gaineko Zergan eta PFEZean, balizko kaudimengabeziengatik galera jakin batzuen kenkaria egiteko epeetan. Halaber, errentarien zorrak kobrantza zalantzagarriko saldotzat jotzeko epea hiru hilabetera murrizten da.
Azkenik, zerga-pizgarri bat ezartzen da turismo, ostalaritza eta merkataritzaren sektorearekin lotura duten jarduera ekonomiko batzuk egiten direneko lokalak alokatzen dituzten pertsona fisikoentzat, baldin beren borondatez adostu badute 2021eko urtarril, otsail eta martxoari dagokien errenta jaistea. Kasu horretan, zilegi izanen da errenta-jaitsiera hori gastu kengarri bezala aintzat hartzea kapital higiezinaren errendimenduaren kalkulurako.
1/2021 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Ez da onetsi lege proiektu gisa izapidetua izatea. Navarra Sumak egindako eskaera ez da onartu.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege Dekretua (7. NPAO, 2021-01-22koa)