Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 9

Uriz ahizpen historiari eta konpromiso politiko eta feministari buruzko erakusketa hasi da Parlamentuan

Hilaren 17ra arte iraunen duen erakusketan jaso dira bi emakume nafar horiek Berrezarkuntzan eta II. Errepublikan egindako berrikuntza pedagogikoak eta haien konpromiso politikoa eta feminista

Nafarroako Parlamentuko atarian egunotan dagoen erakusketan, Pepita eta Elisa Uriz Pi, Badoztaindik Berlin Ekialdera. Uriz ahizpen historia eta konpromisoa izenburupean, Manuel Martorell historialari eta kazetariak (Elizondo, 1953) egindako ikerketa jaso da, bi emakume nafar horiek Berrezarkuntzan eta II. Errepublikan egin zituzten berrikuntza pedagogikoen eta izan zuten konpromiso politiko eta feministaren ingurukoa.

 

Aurretik Madrilen, Donostian, Tafallan, Berlinen, Leipzigen eta Hanburgon izan da erakusketa, eta laster Lleida eta Gironara eramanen dute. Hilaren 17ra arte egonen da jendearentzat zabalik, astelehenetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00 bitartean eta larunbatetan 11:30 - 14:00 bitartean.

 

Nafarroako Parlamentuak Uriz ahizpenganako esker ona agertu zuen Eledunen Batzarrak 2015eko martxoaren 30ean onetsitako ebazpenean.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau zioen:

 

“Parlamentuak aintzatetsi egiten ditu Uriz Pi ahizpen jardunbidea, Berrezarkuntzan eta II. Errepublikan zehar berrikuntza pedagogikoaren arloan haiek egindako ekarpena eta emakumeen nahiz haurren eskubideekin eta askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren balioekin izandako konpromisoa.

 

Nafarroako Parlamentuak ontzat jotzen du eta babestu egiten du Sarrigurengo ikastetxe publikoari Pepita Uriz Pi izena eman dakion hemendik aurrera, Uriz Pi ahizpen jardunbidea aintzateste aldera –bereziki, Pepitak berrikuntza pedagogikoaren arloan egindako ekarpena–; izan ere, emakume berezi horrek Espainiak baino 50 urte lehenago besarkatu zituen abangoardia pedagogikoak, eta irakaskuntza eta moral tradizionalei desafioa jo. Europan XX. mendearen hasieran sortu ziren pedagogia-korronte berrien defendatzaile sutsua izan zen Pepita, zeinak Gironako Emakumeen Eskola Arruntean pedagogiako irakasle lanpostua lortu baitzuen 1914an eta Lleidako Emakumeen Eskola Arruntean sartu baitzen irakasle 1921ean, Pedagogia, Eskola Zuzenbide, Anatomia eta Higieneko irakasle moduan, kasuko eskola-lehiaketa irabazi zuenean”.