Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Otsailak 4

UPNk demagogia egotzi dio Gobernuari defizit helburuak betetzearen inguruan

Ogasuneko kontseilari Mikel Aranburuk erantzun du Foru Komunitateak ez duela "egiazko negoziazio tarterik", Hitzarmen Ekonomikoaren bidez jardun arren

Nafarroako Parlamentuko UPNko eleduna, Javier Esparza, oso kritiko agertu da Foru Gobernuari eusten dioten lau alderdiekin, "ez dutelako ezer esan" orain, Gobernuak onartu dituenean Estatuak 2016-2018 aldirako markatutako defizit eta zorpetze helburuak.


Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran Esparzak Foru Gobernuari galdera egin dio, ea zer irizpide erabili dituen 2016rako defizit eta zorpetze mugak Estatuarekin sinatzeko. Gai horri buruz "alderdi batek ere" ez duela ezer esan gaineratu du. "Harrigarria iruditzen zait, zeren 2012an, UPNk gobernatzen zuela, uztaila gaitu egin baitzen kontseilaria gaitzesteko, entzun ere egin gabe", gai hori zela eta.


"Orduan onartezina omen zen Gobernuak otzan-otzan babestea Gobernu zentralaren politika, Nafarroaren interesen kontra zihoala esaten zenuten", adierazi du. "Beraz, orain zuek zarete otzanak? Ba ez, eta geu ere ez ginen orduan. Beraz, Gobernu hau orain PPri lotuta dago? Gezurra zen", baieztatu du.


Esparzak "lotsagabekeria" iritzi dio alderdiek 2012. urtean esaten zutenari. "Inor ez da lotsaz gorrituko orain? Inork ez du barkamenik eskatuko?", galdetu du. "Difamatu egin duzue. Gezurra esan duzue", leporatu die, eta lau alderdiko Gobernuari "demagogia eta inkoherentzia" egotzi dizkio.


Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk hau erantzun dio UPNri: "2016-2018 bitarteko urteetarako defizit eta zorpetze helburuen gaineko akordioa Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Organikoaren ondorio da".


Zehaztu duenez, "beste autonomia erkidego batzuekin dugun aldea da Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez dihardugula, baina ez dugu benetako negoziazio tarterik". Gogora ekarri du 2016., 2017. eta 2018. urteetarako defizit helburuak hurrenez hurren ehuneko 0,3koa, 0,1ekoa eta 0koa direla.


Erregionalistari erantzun dio bera lehen ez zebilela politikagintzan, eta adierazi du lau alderdiko Gobernuaren akordio programatikoa "Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen kontra" dagoela. "Beste gauza bat da lege hori ez betetzea ekar ditzakeen ondorioengatik", esan du, eta "laster lege hori Gorteetan aldatu" litekeela iragarri du.


Javier Esparzak aitortu du pozik dagoela "akordio hau lortu delako. Nahiago nuke beste kontseilari batzuek ere Estatuarekin akordioak lortuko balituzte. Guretzat ez du denak balio Gobernura iristeko; gezurrarekin ezin da jolastu".