Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urtarrilak 17

Unai Hualdek harrera egin dio Casa de las Naciones Federazioko lehendakariari

Lehendakariak Parlamentuaren borondatea agertu dio, Federazioa osatzen duten atzerritarren elkarteek gauzatzen dituzten lanaren eta jardueren zabalkundean laguntzeko

Nafarroak Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio Casa de las Naciones Federazioko lehendakari Evelyn Trujillo andreari, zeina Mabel Pérez andreaz lagunduta etorri baita. Mabel Pérez Nafarroako Atzerritarren Elkarteen Federazioari atxikitzen azkena izan den eta desgaitasuna duten emakumeak biltzen dituen Emaberdin elkartearen arduraduna da.

 

Bileran, Evelyn Trujillo lehendakariari azaldu dizkio Casa de las Naciones Federazioaren jatorria, lana eta beharrizanak. Erakundeak 2004an ekin zion bere jardunari 14 entitate atxikita, eta gaur egun Nafarroa osoko 70 etorkin-talde biltzen ditu.

 

“Guk eskaintzen dugun akonpainamenduak ez du zerikusirik Migrazio Politiketako Departamentutik ematen denarekin. Gurea lan zuzena da, berehalakoa, in situ, bertatik bertarakoa. Gertatzen dena da baditugula boluntarioak, baina ez daukagu baliabiderik, ezta lokalik ere, Barañainen alokatuta genuena utzi egin behar izan baitugu. Erakundeen laguntza behar dugu".

 

Hurrengo proiektuen artean, lehendakariari aurreratu diotenez, 2004 eta 2011 artean jada argitaratu zen Sin Fronteras egunkaria berriz bultzatzeko asmoa dute. “Hilabetekaria izanen da, doakoa, eta Foru Komunitate osoan banatuko diren 15.000 aleko tirada izanen du. Xedea da jatorri migranteko talde eta ekintzaileen jarduera nabarmentzea. Halaber, gaurtik aurrera Navarra en colores por el mundo telebista digitaleko zuzeneko saioa emititzen dugu, eta lehen gonbidatua Begoña Alfaro kontseilaria izanen da.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Parlamentuaren borondatea agertu die Casa de las Naciones Federazioko ordezkariei, hura osatzen duten atzerritarren elkarteek gauzatzen dituzten lanaren eta jardueren zabalkundean laguntzeko. Lehendakariak, halaber, Casa de las Naciones-en eskakizunak jasotzen dituen dokumentazioa talde parlamentarioei helarazteko konpromisoa hartu du.