Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Abenduak 19

Unai Hualdek Gizakia Helburu elkarteari harrera egin dio

Erakundeak premiazkotzat jo du Gizarte Zerbitzuen Itunak arautzen dituen legean prezioak eguneratzeko mekanismo bat sartzea, eta Zabaldikan egoitza berri baterako kudeaketak berriz has ditzaten eskatu du

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gizakia Helburu elkarteko ordezkaritza bati harrera egin dio gaur goizean. Bertan izan dira Alfonso Arana, zuzendaria, Cristina Illescas, zuzendari teknikoa, José Antonio Arrieta, Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioko lehendakaria era Clara Lucía, Fundazioko patronatukidea.

 

Bilkuran zehar, Alfonso Aranak Lehendakariari eskatu dio Legebiltzarrak beharrezko kudeaketak egin ditzan Gizakia Helburu Fundazioari Zabaldikan egoitza berri bat emateko konpromisoari berriro ekiteko, 2014ko maiatzean aho batez onartutako ebazpenean zehaztu zen bezala.

 

Era berean, Gizakia Helburu elkarteak lehendakariari jakinarazi dio Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Legea aldatu behar dela, plaza-prezioaren kostua eguneratzeko mekanismo bat sartzeko, desfaseak saihesteko, gaur egun % 20koa dena, urteko 200.000 eurokoa”.

 

"Legea aterki bat eta berme bat izan zen urte anitzeko itunak sinatzeko, baina ez du formularik prezioak eguneratzeko edo hitzarmena kostu errealean berritzeko. Gizakia Helburu 2019-27 hitzarmen batek arautzen du oraintxe bertan, 2017ko prezioekin, eta horrek urteko 0,2 milioiko defizita dakar. Uste dugu premiazkoa dela arau-hutsune garrantzitsu hori konpontzea", berretsi du Alfonso Aranak.

 

Unai Hualdek, bestalde, Nafarroan 25 urte bete berri dituen entitateari jakinarazi dio prest dagoela talde parlamentarioen eledunei jorratutako gaiak helarazteko, Ganberan lan-saio batean sakonki landu ditzaten.

 

Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, interes sozialekoa, eta 1990ean eratu zen Iruñeko Artzapezpikutzaren bultzadaz eta Caritasen bitartez.

 

Adikzioari buruzko arazoen eta hauei lotutako ondorioen prebentzioa, gizarte-sentsibilizazioa, arreta, tratamendu integrala eta ikerketa ditu helburu.

 

Garatzen duen misioari eta lanari eusteko, hainbat organismo eta erakunderen finantzaketa publiko eta pribatua eta artatutako pertsonen ekarpenak egiten dira.