Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Martxoak 21

Unai Hualdek azpimarratu du garrantzitsua dela “lortzea gazteriak politikan parte hartzea, eta, beraz, guztioi eragiten diguten kontuetan”

Lehendakariak erakundearen izaera “irekia” nabarmendu du, eta amaiera eman dio Nuevo Futuro elkarteak antolatutako jardunaldiari, zeinaren xedea baita ordezkari publiko eta gazteen arteko zuzeneko harremanei bide ematea
 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek itxiera eman dio, gaur eguerdian, gazteen eta legegintza-ordezkarien arteko topaketa bati. Kargu publikoaren lanbideari eta figurari buruz eztabaidatu ostean, Hualdek azpimarratu du garrantzitsua dela “lortzea gazteriak politikan parte hartzea, eta, beraz, guztioi eragiten diguten kontuetan”.


Nuevo Futuro elkarteak antolatu du jardunaldia, Kreando Mundos 2024-2025. Trabajando para cambiar el mundo proiektua erreferentzia gisa hartuta, eta, bertan, Unai Hualdek adierazi du talde parlamentarioak “arduratzen” direla “etorkizunarekin, enpleguarekin, hezkuntzarekin, osasunarekin eta fiskalitatearekin”, eta horiek guztiak “eguneroko gogoetarako eta analisirako” gai izaten direla Parlamentuan. 


“Erronka handiak ditugu: gizartearen ongizatea hobetzeko lan egiten dugu, eta kolektibo sozialen lankidetzarekin eta autogobernuak ematen dizkigun tresnen bidez egiten dugu hori”, zehaztu du lehendakariak.


Unai Hualde gazteen arreta erakartzen ahalegindu da, “gerrek, migrazio-krisiek, pobretzeak eta teknologia berrien aurrerapenek” markatutako testuinguru batean garatzen hastera behartuta dagoen kolektibo baten “kezkak, iritziak eta aldarrikapenak hurbiletik” ezagutu nahian.

 

Bestalde, Unai Hualdek eskerrak eman ditu Nuevo Futuro elkarteak “jarduera honi bidea eman dionaren gisako gizarte- eta hezkuntza-proiektuen aldeko apustua egiten duelako. Espero dut Parlamentu honetan, Estatuan jarduera oparoena duenetako bat den honetan, eztabaidatzen diren gaiei buruzko erantzun gehiago izanen dituzuela zalantzak baino jardunaldiaren amaieran”, opa izan die gazteei.


Bukatzeko, lehendakariak azpimarratu du ordezkaritza-erakundeak izaera “irekia” duela, eta aniztasun politikoaren eta ideien eztabaida ordenatuaren erabilera zuzena egiten tematzen dela. Azken xedea da, hain zuzen ere, interes heterogeneoak “konpromisoetan” bateratzea, eta hori “eztabaida”-ren bidez baino ezin da egin. Gazteak ere gonbidatu ditu eztabaida horretara, eta dei egin die “zuen ikastetxeak, auzoak, hiriak eta herriak hobetzen parte hartzera eta laguntzera. Guztion artean etorkizun berri eta ona lortuko dugu gure komunitatearentzat. Mila esker”.


Hori baino lehen, Ángel Ansa (UPN), Kevin Lucero (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin) parlamentariek lan parlamentarioaren nondik norakoak xehatu dituzte, eta azaldu dute gai asko eta askotarikoak lantzen direla, denak “zilegi” direnak eta asko oso “konplexuak”. Gero, entzuleen galderei erantzun diete, zeinak politikak esparru kolektiboan zein pertsonalean dituen inplikazioei buruzkoak izan diren gehienak.


Jardunaldiari amaiera emateko, bateratze-lana egin dute taldeka (erabilera anitzeko aretoan eta atalondoan banatuta), eta gaurkotasunezko gaien inguruko laburbilduma bat egin dute, gazteen ikuspegitik betiere.