Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Martxoak 11

Unai Hualde Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna oroitzeko Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldian izan da

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eko ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, eta minutu bateko isilunea eta lore eskaintzaren ondoren adierazpen instituzionala irakurri dute

Martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak antolatu duen ekitaldian parte hartu du Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek.

 

Baluarte plazan egin da ospakizuna (terrorismoaren biktimentzako momumentuaren ondoan) eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeetako ordezkariak, Gobernuko kideak, Vicente Pigueiras Nafarroako AVT elkartearen ordezkaria eta Komunitateko agintari nagusiak izan dira bertan.

 

Terrorismoaren biktima guztien omenezko minutu bateko isilunearekin amaitu aurretik, María Chivitek eta Ana Ollok (euskaraz) Nafarroako Gobernuak onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri dute, eta, ondoren, lore-eskaintza egin dute.

 

Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Egunaren karietara onetsitako Adierazpen Instituzionalak hala dio:

 

“1. Adieraztea ETAk eta beste erakunde terrorista batzuek (GALek eta eskuin muturrari, ezker muturrari edo jihadismoari lotutakoek, esaterako) hainbat hamarkadatan jasanarazitako indarkeria terrorista, bidegabea eta legez kontrakoa izateaz gain, giza eskubideen urraketa handia dela, eta demokraziaren eta bizikidetzaren aurkako mehatxu larria.

 

2. Erakundeok terrorismoaren biktimei babesa eta elkartasuna ematen jarraitzea, eta haiekin eta haiek ordezkatzen dituzten elkarte eta erakundeekin lan egitea egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea izateko duten eskubideak gauzatzeko.

 

3. Adieraztea Nafarroak urte askoan eta bizi-bizi pairatu duela ETAren terrorismoa, eta errealitate hori aitortzeko egiten ari diren urrats positiboak balioetsi arren, gaur egun oraindik ere guztiz beharrezkoa dela indarkeria erabili zutenek edo indarkeriari babes sozial eta politikoa eman ziotenek hausnarketa etiko integral bat plazaratzea.

 

4. Arbuiatzea terrorismoaren biktimen eta horien senideen duintasuna eta memoria urratzen dituzten ekintza guztiak.

 

5. Indarkeriaren kulturaren aurrean, estrategia integral bat garatzea, desberdinen arteko elkarrizketa, bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua bultzatuko dituena.

 

6. Belaunaldi berriek terrorismoaren izuaren berri izan dezaten bultzatzea, biktimenganako enpatia sustatuz, abian jarritako hezkuntza-programen esparruan, hala nola Memoria duten Eskolak Bakea eta Bizikidetza Lantzen, De la mano/Eskutik eta Nafarroako hezkuntza-curriculumean txertatutako unitate didaktikoak”.

 

Amaitzeko, terrorismoaren biktimentzako monumentuaren aurrean lore-eskaintza egin dute, zeinetan Unai Hualde, María Chivite eta gainerako kargu publiko eta agintarien ondotik, hala nahi izan duten pertsona guztiek parte hartu baitute.

 

Ekitaldira bertaratutakoen artean, Mahaiko kide diren Inma Jurío lehen lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkariaz gain, egon dira: Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).