Unai Hualde Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari berriarekin bildu da
Legebiltzarreko lehendakariaren ustez, “ezinbestekoa” da bi erakundeen arteko harremana arina eta trabagabea izatea “Nafarroako toki entitateen munduarentzat hil edo bizikoa izan daitekeen legegintzaldi honetan”
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Juan Carlos Castillorekin bildu da gaur Legebiltzarraren egoitzan. Harekin batera, Ander Oroz bigarren lehendakariordea eta Berta Enrique idazkari nagusia etorri dira.
Juan Carlos Castillok adierazi duenez, bilera protokolozkoa izan da, eta “alde batetik, toki entitateen interesekoak izan daitezkeen auzietan Parlamentuarekin lankidetzan aritzen jarraitzeko prest gaudela esateko baliatu dugu bilera; eta bestetik, hurrengo lau urteotarako dauzkagun helburuen berri emateko”.
Halatan, Castillok Parlamentuko lehendakariari adierazi dio zehazten hasi behar direla Toki Administrazioaren Erreformarako Legean oraindik ere garatu gabe dauden alderdiak, aurrerabidea egin dezagun “finantza-urritasuneko egoera konpondu, eskumenen banaketa argitu eta zerbitzuak hobeki ematea ahalbidetuko duen kudeaketa gaurkotu baterantz”. Bitartean, Toki Inbertsioen Plan berri bat taxutu beharko da, oraingoa (2017-2019) iraungitzear dagoelako”.
Bileran zehar bestelako gai batzuk ere jorratu dituzte; esate baterako, “Administrazio Elektronikoaren bultzada, klima-aldaketaren aurkako borroka eta lurralde kohesioaren sendotzea”.
Unai Hualdek, berriz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arduradunei azaldu die batzorde parlamentarioen osaera zein den, eta orobat adierazi die ona litzatekeela bi erakundeen arteko harremana arina eta trabagabea izatea, Nafarroako toki entitateen munduak “erronka handiak” izanen dituelako hemendik aitzina.
Hori dela-eta, Hualdek adierazi du “mugarri bat izan zela iragan legegintzaldian Toki Administrazioaren Erreformarako Legea onetsi izana. Legegintzaldi honetan agenda betea izanen dugu finantzaketaren eta eskumen-banaketaren gaia jorratzeko”.
Parlamentuko lehendakariak Federazioaren arduradunei orobat adierazi die zenbait gaitan ekimen bateratuak aurkezteko aukera dagoela; adibidez, lurralde-orekaren eta despopulazioaren aurkako borrokaren arloetan.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa foru erkidegoko toki entitateek –elkartean parte hartzea erabaki duten entitateek– osatutako elkartea da, bostehundik gora entitate horien guztien interesak babesteko eta sustatzeko eta, bereziki, toki autonomia aldezteko, Foru Hobekuntzarekin, Toki Araubidearen Oinarrien Legearekin eta subsidiariotasun-printzipioarekin bat.