Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Benecke-Kaliko enpresaren Greba Batzordearekin bildu da
Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Benecke-Kaliko enpresa-batzordearen ordezkaritza bati harrera egin dio gaur Legebiltzarraren egoitzan. 1953tik Landaben industriagunean kokatutako autogintza enpresa bat da, eta 2014tik Continental taldearen parte da.
Bilkuran, Greba Batzordeko eledunek Parlamentuko lehendakariari proposatu diote Legebiltzarrak "enpresaren zuzendaritzaren aurrean esku har dezan, babesgabetasun egoera iraultzen saiatzeko", azaldu dutenez, "Gerentziaren inposaketa politikoak itxierara eraman gaitzake".
Greba Batzordeak astebeteko lanuztearen ostean bizi duten egoeraren berri eman du, zehapenen erregimena errefusatu eta azken lau urteetan aurrera eramandako 16 kaleratzeak deitoratu ditu, eta Parlamentuak "giza eta sozietate potentziala duen enpresa esanguratsu batean kalte handiagoak saihesteko bitartekari lanak" egin ditzala eskatu du.
Unai Hualdek, bere aldetik, adierazi duenez, "horrelako gatazketan bitartekaritza lanak lan arloko autoritateek egiten dituzte, baina Legebiltzarrak, Gobernua kontrolatzeko eginkizunean, kasu honetan edo beste batzuetan egiten ari diren kudeaketen jarraipena egin dezake".
Ildo horretan, Hualdek gogorarazi du astearte honetan bertan Batzordeko ordezkariek lan-bilkura batean parte hartuko dutela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordean, eta bertan "bizi duten egoeraren nondik norakoak talde parlamentario guztien aurrean azaltzeko aukera izango dute. Espero dezagun konpontzen lagundu ahal izatea".