Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 3

Toki Ogasunei buruzko Legea aldatzeko Foru Lege proiektuari Navarra Sumak egindako osoko zuzenketa baztertu egin du Parlamentuak

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzena eta solidarioa iritzi diote finantzaketa eredu berriari, eta Navarra Sumak, aldiz, interes politikoa eta zorroztasun tekniko eta juridikoaren falta egotzi dizkio

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak ezetsi egin du Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzeko proiektuari Navarra Sumak egindako osoko zuzenketa, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen ezezko botoekin. Testu horretan, bera arbuiatu duen taldearen esanetan, “presa eta interes politikoa” nagusitu dira zorroztasun teknikoaren eta zio juridikoen gainetik.

 

Toki ogasunen funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak, berriz (azpiegiturak, sareak berritu eta saneatzea, kaleak zolatzea…) Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira.

 

Lege proiektuaren helburua 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua aldatzea da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak ezarritakoarekin bat etor dadin, bertan ezartzen baita toki erakundeei finantzaketa egonkorra eman behar zaiela Nafarroako tributuetan duten urteko parte-hartzearen bidez, bai transferentzia arruntei bai kapital-transferentziei dagokienez, eta toki finantzaketarako eredu berria ezarriz, bat etorriko dena printzipio hauekin: finantza nahikotasuna, aurrekontu jasangarritasuna, elkartasuna eta toki autonomia eta lurralde oreka.

 

Helburu horrekin, toki finantzaketarako eredu berri bat ezartzen da, transferentzia arrunten funtsaren eta kapital-transferentzien funtsaren bidez egituratua, eta hauen kopuruak Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen legean jaso eta bermatuko baitira.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak osoko zuzenketa aurkeztu du ordezko testurik gabe. Sinetsita dago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektua atzera pausoa dela “bai muinean, ez baita bermatzen toki entitate batek ere ez duela gutxiago jasoko, bai formetan, ez baita inolako harremanik izan udalekin, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin eta Parlamentuko talde gehiengodunarekin”.

 

Testuinguru horretan, Navarra Suma ez dago ados Iruñaren hiriburutza agiria (26,1 milioi 2021ean) eta lurralde kohesioaren funtsa galdu izanarekin. Azken horretara 16 milioi bideratu dira “txosten tekniko baten bermerik gabe”, eta bi erabaki horiek “negoziazioaren baldintza politikoei” egozten dizkie. Uste du arrazoi beragatik uko egin zaiola Tuteraren hiriburutza agiria garatzeari –udalak 5,6 milioiko balioa kalkulatu dio, Erriberako gainerakoei ematen dizkien zerbitzuen arabera–.

 

Ez zaio “nahiko” iruditzen transferentzia arrunten funtsaren igoera ere (257,8 milioi, + % 7,6), oso urrun dagoelako Foru Ogasunaren bilketaren gehikuntzatik (+% 15), eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren guztizko zenbatekoaren 2022ko igoeraren pareraino (% 8,2) ere ez delako iritsi.

 

Argudiatzen du, era berean, gerta litekeela udalerri eta kontzejuek lehengo finantzaketa sistemarekin baino gutxiago jasotzea, ez baita bermatzen “abiapuntu izatea 2021ean jaso zuten esleipena gehi KPIa eta bi puntu gehiago”.

 

Azkenik, Navarra Sumak deitoratu egiten du “ez dela trantsizioko edo konturako ordainketa-sistemarik ezarri, jakin arren Gobernuak ez zuela beteko funtsaren lehenbiziko ordainketa. Arduragabekeria iruditzen zaigu oraindik ere toki erakundeek ez jakitea ez zenbat ez noiz jasoko duten. Lege honen funtsezko aldaketa guztiak txosten tekniko eta juridiko zorrotz eta sakonik gabe egin dira”.

 

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek lege proiektua mamitzen duten printzipioei eutsi diete eta, “lurralde elkartasunarekiko eta justiziarekiko konpromisotik”, proposatutako ereduaren alde egin dute, zeinak, “Europako Estrategiarekin bat, lagunduko baitu zerbitzu publikoak hobetzen eta despopulazioaren kontra borrokatzen, sistemarako sarbide baliokidea bermatuko baitu, bizilekua gorabehera”.

 

Horri dagokionez, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek uste dute eredu berriak indartu egiten duela “udalerri txikien finantzaketa, bai eta barreiadura ezaugarri duten udalerriena ere”. Zehaztu denez, 228 udalerrik (% 84k) aurreko ekitaldian baino finantzaketa hobea izanen dute, 43k berdin jarraituko dute eta bakar batek eginen du okerrera. Tuterak izanen du “igoera handiena” (+2,4 milioi).

 

Nabarmendu da, azkenik, egonkortasuna ekarri dutela, batetik, transferentzia arrunten funtsaren urteko eguneratze formulak (KPIa + 2), eta, bestetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformaren ondorioz galdutako bilketa-ahalmena konpentsatzen duen urteko ekarpenak. Ekarpen hori ezarri da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri gisa. Kontrapartida hori 13,9 milioikoa izanen da 2022an.

 

Udalen finantzaketa berria 310 milioikoa da, 2021ean baino 37 milioi gehiagokoa. Toki Ogasunei buruzko Legea da hura arautzen duten hiru arauetako bat, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa (308 milioi) eta Toki Inbertsioen Plana (8,5 milioi, 2017-2019 aldirako TIPeko erreserbako obrak barne) arautzen dituztenekin batera.

 

2/1995 Foru Legea aldatzeko proiektuan 123. artikuluari emandako testu berriaren arabera, hurrenez hurreneko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan jasoko da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren zenbatekoa.

 

Parte-hartze hori partaidetza funts baten bidez gauzatuko da, zeinak osagai izanen baititu transferentzia arrunten funtsa, 257.859.026 euroko zuzkidura izanen duena 2022rako, eta kapital-transferentziena, 30 milioikoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako. Bi funts horietan soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldietako kredituak handitzeko erabiltzen ahalko dira, baina ez dira kontuan hartuko urteko zenbatekoen igoerak kalkulatzeko.

 

Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa banatuko da dagokion foru lege arau-emaileak zehazten duen moduan. Kapital-transferentzietarako aurreikusitako zenbatekoaren banaketa, berriz, toki inbertsioen planak arautzen dituzten foru legeetan ezartzen den moduan eginen da, eta horien helburu nagusia izanen da Foru Komunitateko esparru osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea.

 

Lehen aipatu den bezala, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri, urtero ekarpena eginen da (13,9 milioi 2022an), jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformak eragindako bilketa-ahalmenaren galera konpentsatzeko.

 

Azkenik, hiru urteko epean, foru legeak indarra hartu eta biharamunetik hasita, Gobernuak toki erakundeen eskumen banaketa argitzeko proposamena igorriko du Nafarroako Parlamentura, bertan aurreikusirik, halaber, toki erakundeei esleitzen zaizkien eskumenetarako finantza nahikotasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen zuzkidura. Hori, Foru Komunitatearen eremu osoan nahitaezko udal zerbitzuen estaldura bermatzeko.

 

Lege-proiektua 2/1995 Foru Legearen aldaketarekin osatzen da, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespenei dagokienez. Salbuespen hori % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonei aplikatuko zaie, baldin eta, gainera, “funtzio mentaletan urritasuna badute eta, horren ondorioz, gutxienez, jardueraren % 25eko mugak onartzen badira”.

 

Lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu denez, Lurralde Kohesiorako Batzordera eramanen da. Bertan irizpena eratzeko lanak eginen dira, eta gero irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.