Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Abenduak 18

Tarazonatik eta Corellatik Tuterarako sarbideak aztertu ditu Lurralde Kohesiorako Batzordeak

Taldeak bat etorri dira esatean bi errepideak bikoiztu beharra dagoela, baina Navarra Sumak berehala egin nahi du, eta PSNk, Geroa Baik eta Bilduk lehentasunen ordenaren arabera

Lurralde Kohesiorako Batzordea gaur bisitan joan da Tuterara, Navarra Sumak eskaturik, N-160 errepidetik (Corella-Tutera) eta N-121-C errepidetik (Tarazona-Tutera) Tuterak dituen sarbideen egoera ikusteko. Bietan ere zailtasunak daude, eta Erriberako hiriburuko Udalak arazoak konpontzen laguntzeko eskatu die Parlamentuan ordezkaritza duten taldeei.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Javier García, Pedro González, Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Nafarroako Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Alejandro Toquero Tuterako alkateak, Zeus Pérez Lurralde Antolamenduko zinegotziak eta Eduardo Erro Hirigintza Arloko zuzendariak.

 

Javier Garcíak azaldu duenez, bisitaren helburua izan da “egiaztatzea Tuterara sartzeko bi errepide garrantzitsu horiek ez direla egokiak, kontuan hartuz batean (N-121-C) hezkuntza-ekipamendu ugari metatzen direla eta bestean (N-160) industrialdea dagoela, eta, ondorioz, bi sarbide horiek lehenbailehen bikoizteko premia dagoela nabarmentzea”.

 

Jarraian, parlamentariek bertatik bertara ikusi dituzte bi errepide tarteak eta, Udaleko arduradunek lagundurik, bi adarretan trafiko arina eta segurua lortzeko hobekuntzak egin beharra dagoela esan dute guztiek.

 

Aldez aurretik Eduardo Errok adierazi du Udalak dagoeneko baduela hiru milioiko proiektu bat Tuterako sarbidean eta A-68rako irteeran eta lotunean hobekuntza orokorrak egiteko. Plan horren barnean dago Corellako errepide aldeko sarrera ere (950.000 euro), beste gune arriskutsu bat, bertan baitago industrialdea.

 

Hirigintza Arloko zuzendariak Tarazonako etorbideko trafikoa arintzeko premia azpimarratu du. Errepide horren inguruetan Valle del Ebro ikastetxea, ETI ikastetxea eta NUPen campusa daude. “Batez ere eskola ordutegian izaten dira arazoak, 08:00 eta 14:00 aldera ilara izugarriak sortzen baitira. Corellako errepidean, industrialdeak trafiko astuna ere eragiten du eta eragozpenez baino gehiago arriskuaz mintzatu behar dugu, saihestu beharko liratekeen arrisku egoerez”.

 

Alejandro Toquero poztu egin da “inork ez duelako zalantzan jarri arazoak daudela. Galdera da ea hemengo jarduketa lehentasunezkoa izanen den Nafarroako Gobernuarentzat. 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ikusiko dugu. Hau larrialdia da, hala adierazi diet kontseilariari eta Gobernuko lehendakariari. Berriro diot Tutera maila guztietan eguneratu nahi badugu ezinbestekoa dugula Hiriburutza Agiria, 36.000 pertsonarentzako aurrekontuarekin 100.000 pertsonako biztanleria mugikorrari ematen ari zaizkiolako zerbitzuak”.

 

Hitz egiteko txandetan, eledun guztiek esan dute erantzuna eman behar zaiola “aspalditik” datorren arazoari, baina epeei buruz ez dira ados jarri. Navarra Sumak “berehala” jarduteko eskatu du, eta PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk Departamentuaren ardura den “lehentasunen definizioaren” menpean utzi dute.

 

Javier Garcíak (Navarra Suma) “lehentasunezko jarduketa bat” aipatu du, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren “konpromisoa” eskatu du “eguneko zenbait unetan sortzen den trafikoa segurtasunez xurgatzeko gai ez diren bi errepide horien egoera konpontzeko. Zuzenketak aurkeztuko ditugu, horretarako partida egon dadin 2020rako Aurrekontuetan”.

 

Virginia Magdalenok (PSN) ohartarazi duenez, Tarazonako etorbidean, ikastetxe multzoa dagoen aldean, “udal eskumeneko eremu batez ari gara. Bistan da bi guneetan inguruko udalerrietatik datorren trafikoa ere jasotzen dela, eta horrek garrantzizko zailtasuna sortzen du. Errepideen arloko inbertsioen lehentasunak zehazteko Departamentuak deitu duen lan-mahaira eramanen dugu”.

 

Ildo beretik, Ana Ansak (Geroa Bai) adierazi du beharrezkoa dela Tuterako bi sarbideak hobetzea, eskola eremuaren kasuan baita “segurtasun” arrazoiengatik ere, baina ohartarazi du eskakizunak pilatu direla arlo horretan, non “inbertsiorik eza nabarmena baita duela urte askotatik. Gauza guztietan bezala, lehentasunak jarri beharko dira”.

 

Txomin Gonzálezek (EH Bildu) “iraganeko plangintzarik eza” aipatu du bi sarbideen oraingo egoera azaltzeko, non herrietatik datozen autobus eta autoek “bi sarrerak butxatzen baitituzte ordu jakin batzuetan. Bi errepideak bikoiztea komenigarria litzateke; epeak, ordea, lehentasunei ematen zaien hurrenkeraren mende egonen dira”.