Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Irailak 15

Sozietateen gaineko Zergaren aldaketa onetsi da

Lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol arlo guztietako klub eta entitateek kirol sozietate anonimoek bezala ordainduko dute zerga

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du Sozietateen gaineko Zergari buruzko 24/1996 Foru Legea hein batean aldatzea, zenbait kirol klubek izan duten pribilejio fiskala kentzeko, Europako Batzordearen agindua betez. Klub horiek, Osasunak tartean, kirol sozietate anonimoei aplikatzen zaiena baino tratamendu onuragarriagoa jaso izan dute.

Europako Batzordearen 2016ko uztailaren 4ko Erabakia bete baino ez du egiten foru legeak. Erabaki horren arabera, “barne merkatuarekin bateragarria ez den estatu-laguntza” eman zitzaien lau kirol klubi, Kirolari buruzko 10/1990 Legeak kirol sozietate anonimo bihurtu beharretik salbuetsi zituenean, araubide berezi bat aplikatuta, kaudimenari eta kudeaketa onari zegozkien zenbait baldintza betetzen zituztela eta.

Horregatik, zenbait klubek zerga-tasa txikiagoa (% 25) izan ordez pareko beste enpresa batzuei aplikatzen zaien tasa orokor bera (% 30) izan dezaten, hein batean salbuetsita dauden entitateen araubidea “ez zaie aplikatuko kirol lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeei”. Kirol Kontseilu Nagusiak erabaki behar du lehiaketa horien kalifikazioa.

Aldaketak barnean hartzen du araubide horren babesean emandako laguntzen berreskurapena, eta ez die futbol klubei bakarrik eragiten, lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol arlo guztietako klub eta entitateei baizik. Europako Batzordeak dioenez, klubei irabazi-asmorik gabeko entitateei dagokien tratamendu fiskala ematea, kirol profesionalaren arloko beste klub batzuei aplikatu beharrekoa baino apalagoa den zerga-tasa barne, “ez da logikoa eta, gainera, zenbait klubentzat abantaila fiskal selektibo baten ondorioak ditu”.

Lege aldaketak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak. Irakurraldi bakarra eginda onetsi da, eta NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (99. NPAO, 2016-09-06koa)