Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Urriak 3

Sozialistek, Bilduk, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haustenkunde aurreratuak deitzea eskatu dute

PPNk Gobernuaren aktibitate ezarekin amaitzeko eskatu du, García Adanerok (UPN) gehiengoa duen taldea gabe beste aukera posiblerik ez dagoela errepikatu du

Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak egin duen ordu eta erdiko parte-hartzea bukatutakoan, hura aztertze aldera, ordu erdiko etenaldia egon da. Jarraian, parlamentu-taldeen bozeramaileen txanda hasi da, ordezkaritza handienetik txikienerako ordenan; UPN salbu, saioa ixtearen arduraduna izan baita. Alderdi bakoitzak 30 minutu izan ditu; atxiki gabekoek denbora erdia.

 

Beranduago, arratsaldean, Barcinak bozeramaile guztiei batera erantzungo die, denbora mugarik gabe, eta gero haiek hamar minutu izango dituzte ihardesteko, lehendakariak eztabaida itxi baino lehen, hori ere denbora mugarik gabe.

 

Jarraian, ordu beteko epea emango da parlamentu-talde bakoitzak ebazpen proposamenak aurkeztu ahal izan ditzan; talde bakoitzak bost gehienez ere (atxiki gabekoek 2). Proposamen guztiak bihar eztabaidatu eta bozkatuko dira, 09:30etik aurrera.

PSN, KRISI HIRUKOITZA ETA SINESGARRITASUNA GALTZEA

PSNren bozeramaileak, Roberto Jiménezek, baieztatu duenez Nafarroako Gobernuko lehendakari Yolanda Barcinak “ez du sinesgarritasunik” Nafarroaren egonkortasuna lortze aldera sozialistei itunik proposatzeko eta hauteskundeak dei ditzan eskatu dio.

Nafarroaren Egoerari buruzko Eztabaidan egin duen parte-hartzean, Jiménezek esan du Barcinak adostasunak eskatzen dituela “era zinikoan eta bete behar ez duena salduz”. Gainera, azpimarratu du PSN “Nafarroarekin konprometituta” dagoela, baina horrek “ez duela zertan esan nahi UPNrekin itunak egitea, eta are gutxiago Barcinarekin, ez baitu sinesgarritasun fitsik ere”.

Sozialisten buruaren ustez, gobernuko nagusiak du “nafarrei gertatzen ari zaienaren errua. Duintasun politiko minimo bat izango balu, joan eta herriari hitza eman beharko lioke, ni bere lekuan lotsa-lotsa eginda egongo nintzatekeen. Ez dakit nola jarraitzen duen eserlekuari lotuta milaka familia pairatzen ari diren sufrimendua ikusita”, baieztatu du.

Ildo horretan, esan du ostiral honetako saioan ebazpen proposamen bat aurkeztuko duela hauteskundeak “berehala” dei daitezen. “Hauteskundeak dei ditzan eskatuko diogu egin duen arte”, ziurtatu du; ondoren, lehendakariari dimisioa eskatu dio. Jiménezen aburuz, “Nafarroako lehendakari okerrena izateagatik izango da gogoangarria”.

Roberto Jiménezen hitzetan “langabezia handiagoranzko, gizarte-haustura handiagoranzko, ezberdintasun gehiagoranzko eta aukera gutxiagoranzko bidean gaude. Egunak igaro ahala suspertzeko erabilgarria izan zitekeen denbora galtzen ari da”.

PSNren bozeramaileak baieztatu du Nafarroa aurre egiten ari zaion krisia “krisi hirukoitza” dela, hau da, “ekonomikoa, soziala eta instituzionala” eta esan du “gobernua koma egoeran” dugula, “arazoentzako erantzunik gabe, gutxiengoan lehendakariak hala nahi izan duelako”.

Roberto Jiménezek aitortu du “Parlamentuak orain duen osaerak ezinezko” egiten duela “egungo gobernuan beste aukerarik izatea”, baina argi utzi du “horrexegatik, gobernua gutxiengoan dagoelako eta une honetan beste aukera posiblerik ez dagoelako, Barcinak hauteskundeak deitu behar ditu beste gobernu bat osa dadin”.

Bozeramaile sozialistaren ustez, “Barcinak porrot egin du eta badaki, baina bozei beldur izugarria die.Bere gobernua jada historia da eta bada garaia aro berri bati ekiteko, gizartearen gehiengoak hala nahi du eta. UPNk denbora gehiegi darama gobernuan eta jada ez du ez proiektu ez ilusiorik”, errepikatu du.

Jiménezek azpimarratu du badagoela Barcinak “bereziki ongi egiten duen zerbait, guraize kolpeka aritzea” eta osasunaren, kulturaren eta funtzionarioen egoera kritikatu du.
Gainera, esan duenez “horrenbeste murrizteak diru-sarrera gutxiago izatea dakar eta bukaerarik gabeko kiribil bat da, diru-sarrera gehiago ez badago murrizketa gehiago egin behar baitira”.

Roberto Jiménezek aurreratu du “alderdi sozialistak gobernatzen duenean” bizitzeko gutxienekoa bermatzeaz kezkatuko direla, nola eta gizarte-politikei lehentasuna emanez eta “farmazia-koordainketari aurre eginez”. Horretarako, “erretiratuek, pentsiodunek eta diru-sarrera gutxi dituzten kolektiboek egin beharreko ekarpenak orekatzea” aurreikusi dute.

BILDU-K “HERRITARREZ BARRE EZ EGITERA” PREMIATZEN DU

Nafarroako Parlamentuko Bildu-ren bozeramaile Maiorga Ramirezek eskatu dio Yolanda Barcinari “ez diezaien herritarrei aurpegira barre egin”, “zinismoa alde batera utz dezan” eta “hauteskundeak dei ditzan. Nafarroagatik egin ezazu”, eskatu dio.

Nafarroako Egoerari buruzko Eztabaidan egin duen parte-hartzean azaldu duenaren arabera, “Nafarroa ez dago itxurakerietarako. Krisi instituzional bat bizitzen ari gara eta zuk egunetik egunera larriagotzen duzu”, iritzi du. Jarraian, azpimarratu du “Nafarroako gizarteak ezin du jasan zuk 2015 arte gobernatzea”.

Ramírezek errepikatu du “osasun publikoak ezin ditu zure berrantolaketa etengabeak jasan, murrizketak baizik ez direnak” eta “zor publikoa handitzen” ari dela ukatu du, bai eta langabeziaren aurkako politikak burutzen ari direla ere. “Administrazio publikoan 1.600 lan postu baino gehiago desegin dituzue”, esan du.

Ramirezek Herrira plataformaren kartel bat erakutsi du bere parte-hartzean eta lehendakaria “erdipurdiko demokrata” dela esan du. Gainera, babestu du “demokraziak berekin duela gobernuaren erabakiek gizartearen gehiengoaren bermea dutela zaintzea” eta horrek “parlamentuaren eskakizunak aintzat hartzea” eta bertan onesten diren “legeak betetzea” dakarrela.

Bozeramaile abertzaleak kritikatu du Foru Komunitateko gobernuaren buruak “Nafarroak berezko dituen eskumenak saltzea estatuaren estalduraren truke, zertarako eta Nafarroako herritarren kontra botereari lotuta jarraitzeko”.

Gainera, Nafarroako Gobernua “behin eta berriro Nafarroaren nortasuna desagerrarazten saiatzea” gaitzetsi du. Horrez gain, esan du “Nafarroan xedatzen diren legeak babestea da egin behar duzuna, gustatu ala ez”.

Maiorga Ramirezek baieztatu duenez, Barcinak “interesatzen zaizkion alderaketak erabili ditu bizi dugun egoeraren larritasunetik besteratzeko”. Era berean, gobernua Nafarroa “suntsitzen” ari dela aipatu ondoren, Bildu-ren bozeramaileak lehendakariari egotzi dio “errealitate birtualean jarraitzea, AHT trenbide-irlaren tarteak eraikitzen tematuta”.

Bere ustez, UPNren gobernuak “ezin du jarraitu 2015eko maiatza arte Nafarroako ekonomiaren bideragarritasuna erorarazten. Ez ezazu horrelako arduragabekeria itzelaz gehiago jokatu, gehiengo parlamentarioa galdu duzu”.

Ramírezen hitzetan, Barcina “ez da gai Aurrekontu Orokorrei buruzko lege bat aurrera ateratzeko, Nafarroa desforalizatzen ari da. Hezkuntza publikoarentzako dirurik ez dagoela dio, baina bai Opus Deirentzako; ez dago errepideen plan bat finantzatzeko dirurik, baina bai AHTaren astakeriarekin jarraitzeko”.

Parlamentari abertzaleak Yolanda Barcinaren kudeaketa eredua “herdoilduta” dagoela esan du eta “gehiengo sozial berrien” alde egin du. “Gobernu eredu berri bat beharrezkoa da. Etorkizuna adostasun zabalek eraikiko dute. Eta espero dugu aldaketa gauzatzera deitutako guztien artean egingo dela”, ohartarazi du.

Esandakoan sakonduz, Ramírezek “gizartearen benetako arazoei irtenbide errealak bilatzearen” alde egin du. “Zergen erreforma sakon bat egitea beharrezkoa da. Gobernuaren jarduera ezaren aurrean, adostasunetara iristea beharrezkoa da”, amaitu du.

ARALAR-NABAI “USTELKERIAZ, ONGIZATEAZ ETA BIZIKIDETZAZ” MINTZATU DA

Nafarroako Parlamentuan Aralar-NaBairen bozeramailea den Patxi Zabaletak gobernuko lehendakari Yolanda Barcinari “berehala” konfiantzazko mozio aurkezteko edo parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzeko eskatu dio.

Patxi Zabaletak baieztatu du Barcina lehendakari hautatua izan zela “PSNren botoekin, baina orain egoera bestelakoa da eta ezin da horrela jarraitu. Nafarroako herriak ez du honek horrela jarrai dezan nahi, ezin da legegintzaldiko programa bat aurkeztu ere egiten ez duen gobernu bat onartu”, defendatu du.

Bozeramaile nazionalistak ohartarazi du Barcinak ez badu konfiantzazko mozio bat aurkezten edo ez baditu hauteskundeak deitzen, “zentsura mozio berri bat premiatu beharko da eta espero dugu PSNk ez duela berriz ere huts egingo eta egoerak agintzen duen moduan jokatuko duela”.

Patxi Zabaletaren hitzetan, bizi dugun krisi testuinguru honetako “aktibo positibo bakarrak” “ez datoz jardute publikoaren ildotik, Europako lurraldeen industriaren susperralditik baizik” eta ohartarazi du “austeritateak politika bakar gisa langabezia eta jardueraren murriztea eragiten” duela. “Hala ere, UPNren gobernua betiko politikarekin tematuta jarraitzen du”.

Aldi berean, Zabaletak kritikatu du Nafarroako Gobernuak “Madriletik datozen kontuak itsu-itsuan onartzea, bai defizitaren helburuari dagokionez bai gainerakoari dagokionez, ongizatearen estatua arriskuan jarriz”.

Gainera, lanpostu publikoak suntsitzea gaitzetsi du, horren ondorioz “Nafarroako sektore publikoa desegin baita. Eredu horren kostua langileak ordaintzen ari dira, ustelkeriatik eta enpresa publikoetan egin diren astakerietatik eratorria den kostua”.

Bestalde, Patxi Zabaletak “Nafarroako obra handi guztietan izan den ustelkeria” gaitzetsi du, “alor publikora” hedatu den ustelkeria “Nafarroako Kutxaren suntsitzea adibide duena”.

Horrez gain, bozeramaile abertzaleak Barcinak bere parte-hartzean “bizikidetza” aipatu ez izana gaitzetsi du eta jarrera hori “salagarria” dela iritzi du. “Bizikidetzaren oinarria aniztasuna onartzean datza eta hori ez da UPNren jarrera, bazterkeria baitu oinarri”, deitoratu du.

Amaitzeko, Aralar-Nabairen bozeramaileak Herrira kolektiboaren, ETAko presoak babesteko kolektiboaren, aurkako operazio poliziala arbuiatzen duela adierazi du. Esan duenez, “giza-eskubideen alde era baketsuan lan egiten duen” talde bat da, “horregatik atxilotuen askatasuna aldarrikatzea beharrezkoa da”.

PPN-K EZ DU SOZIALISTEN JARRERA SINESGARRITZAT JOTZEN

 

Nafarroako Parlamentuan PPNren bozeramailea den Enrique Martín de Marcosek baieztatu duenez, Foru Komunitateak egoera ekonomiko honetatik ateratzeko “programa eta neurriak behar ditu” eta “ez hauteskundeak aurreratzea. Hauteskundeek herritarren nahitik urrunduko gintuzkete, egoera honetatik atera nahi dute-eta”.

Martín de Marcosek adierazi du lehendakariak “ez duela beste talde batzuekin hitz egin eta buruzagi izan beste erremediorik. Arazo politiko honi amaiera ematea beharrezkoa da, gobernatu ezin duen gobernu bat eta gobernua dela uste duen parlamentu bat. Taldeei jarrera alderdikoietatik urrun daitezen eskatuko nieke”.

Bere aburuz, “Nafarroaren aldeko itun” bat beharrezkoa da, non PPN “Komunitatea krisitik ateratzen laguntzeko” prest egongo zatekeen.

 

PPNren bozeramaileak oposizioak hauteskundeak deitzean eta aurrekontuak luzatzean arreta guztia jartzea deitoratu du, era horretan “Nafarroako gizarteak benetan espero duen eztabaida ordezkatzen” baitute, “zeinak krisitik ateratzeko estaldura soziala ardatz izango duen eta ekonomia eta enplegua piztuko dituzten neurriak ezartzea eskatzen duen. Hori ez da ez hauteskundeekin ez luzatutako aurrekontuekin lortzen”.

Martín de Marcosen ustez, Nafarroan “arazo larria dugu”, izan ere, Foru Komunitateak “ez du krisitik ateratzeko gobernu egonkorrik. Erakundeen egonkortasuna berreskuratzea beharrezkoa da, gehiegi baitugu jokoan”.

Ildo berean, parlamentari popularrak errepikatu du hauteskunde aurreratuak “ez dira onak, ez eta ezinbestekoak, ez lukete egoera hobetuko”, agian okertu baizik. “Hauteskundeek sei edo zazpi hilabetez jarduerarik ez egotea eta erakundeak geldiaraztea eskatzen dute”, esan du. Jarraian, oroitarazi du tarte horretan gobernuak eta parlamentuak ez luketela haien funtzio exekutiboa burutuko.

Horrez gainera, Martín de Marcosek azpimarratu duenez, hauteskundeen ondoren “ez litzakete bermerik egongo Nafarroa gobernagarria izango dela esateko. Zalantzan jartzen dugu PSNk une hauetan hauteskunderik nahi duen, seguruenik ez bailiokete onurarik ekarriko. PSNk UPNtik at adostasunetara iristeko egin duten eskaintza ez da sinesgarria, zenbakiak ez baitzaizkio ateratzen”.

 

2014rako aurrekontuak luzatzearen karietara, Martín de Marcosek Nafarroarentzat ez litzatekeela ona izango esan du. “Komunitateak ez du behar adina aurrera egingo bigarren urte batez luzatzen badira. Nafarroak aurrekontuak behar ditu bere ekonomia berpizteko. Nire ustez, Foru Komunitateko gobernuak proposatzen duen gastuaren muga arrazoizkoa da”.

PPNren bozeramaileak parlamentuko oposizioaren jarrera arbuiatu du, izan ere, “parlamentutik gobernatzen saiatzen ari da. Ez zaie axola edozein arau onestea haren ondorioak aztertu gabe. Hori bada oposizioan eskaintzen dutena, zer egingo dute elkarrekin eta gainera nahasita gobernatu nahi dutenean”, amaitu du.

I-E BESTE ZENTSURA MOZIO BATERAKO PREST

Nafarroako Parlementuko Izquierda-Ezkerraren bozeramaile José Miguel Nuinek esan du Nafarroako Gobernuaren “esku” dagoela “Nafarroako Gobernuari amaiera ematea” eta zentsura mozio bat aurkeztera eta hauteskundeak deitzera “prest” dagoela adierazi du.

Alabaina, Jóse Miguel Nuinek Barcinari eskatu dio parlamentua desegin dezan eta hauteskundeak dei ditzan, “herriari eman diezaion hitza, ez dezan gobernua Nafarroako gizartearen eskakizunei aurre egiten dien bunker batean bihurtu. Dagoeneko legegintzaldiaren erdia igaro dugu eta gobernuaren balantzea ezin baino negatiboagoa da”.

José Miguel Nuinek baieztatu du “Nafarroan ia guztian guztiz ohiz kanpoko egoera bat bizi” dugula eta “gobernuak demokraziaren arau oinarrizkoenak urratzea” kritikatu du, “koalizioko gobernua hautsi zenetik 16 hilabete baitaramatza gutxiengoan eta ez baita gai izan parlamentu honetan konfiantzazko mozio bat aurkezteko”.

Halaber, aipatu du “bizi dugun krisi ekonomia ohiz kanpokoa” dela, “austerizidioa eta zerbitzu publikoenganako erasoarekin; horrez gainera, aldaketa eta beste gobernu bat eskatzen dutenen gehiengoa ere ohiz kanpokoa da”.

Bestalde, Nuin Nafarroako alderdi bikotasunaren hausturaz mintzatu da, bai eta UPN eta PSNren hitzarmen sistemaren hondamendiaz ere. Egun Nafarroako gizartearen gehiengoak ez du hitzarmen horretan sinesten.

Ondoren, José Miguel Nuinek baieztatu du “ziurrenik, Nafarroak azken 30 urteetan izan duen gobernurik ez gaiena jasatea egokitu zaigu, zerbaitengatik da egoera hau eragin duten politika neoliberalen eta austeriziden gaizkidea”.

Izquierda-Ezkerraren bozeramaileak azken aldian sortutako “gizartearen txirotze prozesu luzea” deitoratu du eta, ildo horretan, ziurtatu du “bost hiruhileko dira ordainsariak eta langileen erosahalmena gainbehera doala”.

Halaber, Nuinek “Nafarroako Gobernua burutzen ari den zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioen politika” kritikatu du. “Ez ditu ez langileak, ez administrazioko bertako langile adituak, ez sindikatuen ordezkariak kontuan hartzen. Aski da, ez jarraitu publikoa krimininalizatzen”, aldarrikatu du.

Azkenik, Nuinek Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua “langabeziaren aurka borrokatzeko garaian ados egotea kritikatu du. Edukirik gabeko deklarazioez gain, krisiaren biktimak laguntzarik gabe utzi dituzte. Langabeziaren aurka borrokatzeko politikak ez dira ez Nafarroako Gobernuan ez gobernu zentralean existitzen”.

ATXIKI GABEKOEN USTEZ, EZEGONKORTASUN JASANEZINA

Nafarroako Parlamentuko Geroa Bai-ren bozeramailea den Manu Ayerdik “ezegonkortasun politikoa jasanezina” dela adierazi du eta, beraz, Yolanda Barcina lehendakariari dimisio aurkezteko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.


Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan egin duen parte-hartzean, Ayerdik esan du UPNren gobernua “arazoaren parte” dela eta, hortaz, “ezin da irtenbidea izan. Ez du parlamentuaren konfiantza ez eta herritarrena ere, eta dimititu dezan eta hauteskunde aurreratuak dei ditzan eskatzen dugu”, errepikatu du.

Parlamentariak “Nafarroako herritarrak orainarekin eta etorkizun hurbilarekin kezkatuta” gaudela adierazi du. Ondoren, esan duenez gobernua “ez da inola ere nahikoa egiten ari. Herritarrak frustratuta gaude, horrez gain, zerbitzu sozialak okerrera doazela ikusten dugu-eta”.

Ayerdik baieztatu du “herritar asko haserre” daudela lehendakariarekin, haren gobernuarekin eta UPNrekin eta, gaineratu du, “kudeaketari dagokionez, ez dugu zuengan konfiantzarik”. Ildo horretan, besteak beste, Nafarroako Kutxa aipatu du “zer gertatu den jakin gabe jarraitzen dugu”.

Atxiki gabeko parlamentariak, halaber, azpimarratu du “krisia gure autogobernuaren murrizketa larria ekartzen ari dela, eta UPNk etsituta onartzen duela. Ez gatoz horrekin bat”, esan du Ayerdik. Gainera, oinarrizko legislazioaren “erabilera eta abusua” gaitzetsi ditu.

Bere ustez, “hitzarmenaren aldebikotasuna desegiten da eta badirudi ez dela ezer gertatzen. Madrilen haurtxoak bagina bezala tratatzen gaituzte, baina Nafarroa subjektu politiko heldua da, herritarrentzat onena denari buruz hausnartzeko gai da”.

Barcinari oroitarazi ondoren Jiménez (PSN) ez dela “zutaz, ez zure alderdiaz fido”, Manu Ayerdik ziurtatu du “beste edozein lekutan dagoeneko hauteskundeak egin izanen ziratekeen. Ez ohikotasun politiko honek ez du zentzurik, ez da ona inorentzat. Herritarrak izan daitezen nor bere lekuan jartzen dutenak”.

UPN-K EZ DU BILDU GABEKO AUKERARIK IKUSTEN

Nafarroako Parlamentuan UPNren bozeramailea den Carlos García Adanerok ohartarazi du “Bildu gabe” oposizioak oraingo foru gobernua izango ez den beste aukera bat aurrera atera dezan beharrezko dituen “zenbakiak ez dira ateratzen”.

Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan parlamentu-taldeek parte hartzeko izan duten azkeneko txandan, García Adanerok esan du “UPNren kontra joatea da oposizioko talde guztiak lotzen dituena, zehaztasunetara joaten direnean sortzen dira ezberdintasunak”.

Bozeramaile erregionalistak oroitarazi duenez, nahiz eta UPNk “ez izan PSNk, Bildu-k eta Aralar-ek elkarrekin dituztenak baino boto gehiago, badauzka PSNk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Bai-k baino gehiago, bai eta Bildu-k, Aralar-NaBaik, Geroa Bai-k eta Izquierda-Ezkerrak elkarrekin dituztenak baino gehiago ere”.

Hortaz, “esanak esan, ateratzen dugun lehenengo ondorioa da Bildu gabe zenbakiak ez direla ateratzen”.

Gainera, García Adanerok baieztatu duenez, iruditu zaio parlamentu-taldeen bozeramaileen lehenengo parte-hartzean “ezetzaren koordinatzailean burua nor izango ote zen ikusteko borroka eta guzti zegoela, eta hori da batzen dituena”.

Halaber, bozeramaile erregionalistak esan du zenbait bozeramaileri “zentsura mozio bat aurkeztu zutela eta porrot egin zuela esatea ahaztu zaio. Egia da gehiago aurkez daitezkeela, baina hura nahikoa izan zen gehiengo bat eraikitzeko gai ez direla argi uzteko”.

Bestalde, García Adanerok aipatu duenez, UPNk ezin die hauteskundeei beldurrik izan, 1989az geroztik hauteskunde prozesu guztiak irabazi baititu. Argi dago, beraz, erantzukizunez jarduten ari garela”.

UPNren bozeramaileak PSNrekin eta PPrekin Enpleguaren aldeko Mahaian lortutako hitzarmena baliogarria izan zela azpimarratu du “horra jo behar dugu. Zazpi hilabete izan dira jarraian langabezia igo gabe eta beti izango da hobe hori eta ez Gipuzkoan gertatzen ari dena, oraintxe bertan Euskal Komunitate Autonomoan langabeziari dagokionez buruan dagoen probintzia baita”.

Ildo horretan, taldeak legegintzaldia bukatu arte langabeziaren aurka borrokatzera bultzatu ditu, izan ere, kontua “une honetan herritarren arazoak konpontzeko lan egitea baita. Hor adostasunak sor litezke, hauteskunde prozesuan eta ondoren gerta litekeena gorabehera”.

Edonola ere, bozeramaile erregionalistak adierazi du Yolanda Barcinak “UPNren babesa duela, alegia, Nafarroako alderdi handienarena, Nafarroan erabakiak hartzen dituen bakarrarena, Nafarroa babesten duenarena”.

Beste gai batzuei dagokienez, García Adanero ETAko presoak babesten dituen Herrira kolektiboaren kontra egindako operazio poliziala gaitzetsi duten taldeekin kritiko agertu da. Horren karietara, arbuiatu du “lortu nahi dena ez dela soilik hiltzaileak eta erailak altuera berean jartzea, hiltzaileak gainetik jartzea baizik. Heroiak bailiran tratatzen dira, omenaldiak egiten zaizkie, kalean goraipatzen dira … Eta behin bitartean biktimei haien etxeetan pintadak egiten zaizkie”.

Horri dagokionez, García Adanerok “terrorismoaren biktimei errespeturik eta elkartasunik handiena” adierazi die.

BARCINAREN ERANTZUNA

Arratsaldean, Yolanda Barcinak parlamentu-taldeen bozeramaileei erantzuteko izan zuen txandan behin eta berriz esan zuen UPN-PSN hitzarmena “posiblea” dela oraindik, bozeramaile sozialistak, Roberto Jiménezek, uko egin arren. Barcinaren hitzetan “hauteskundeak deitzea beste erremediorik ez du”.

"Zu PPrekin zaude eta sozialistekin itun bat izatea eta aldi berean PPrekin egotea ezinezkoa da”, amaitutzat eman du Jiménezek Barcinak behin eta berriro itunaren gaia atera ondoren.

Gobernuaren lehendakariak azpimarratu du ezberdintasunak alde batera uzteko garaia dela eta baikor agertu da hitzarmena lortzeko aukerari dagokionez. “Jakin badakit esfortzu pertsonal handiak, sakrifizioak, egitea beharrezkoa dela, baina itun bat sina daiteke”, esan du.

Aurretik, lehendakariak “ezker abertzaleko erradikalek hurbiletik begiratutako alderdi anitzeko gobernu bat” eraikitzen saiatu izana leporatu dio Jiménezi. Horrez gain, Jiménez “mundu irreal batean” kokatu du, izan ere, parte-hartzean erabili duen tonua ikusita, “badirudi boto pila duen, herritarren babesa duen, alderdi bat ordezkatzen duela”.

Bildu-ri erantzutean, Barcinak esan dio Maiorga Ramirezi ez dagoela “zinismo handiagorik” nafarrei haien ahotsa itzul dakiekeen eskatzea baino eta ohartarazi dio UPN “Bildu-rentzat beti amesgaiztoa izango dela, zuek defendatzen ez duzuen askatasun bat defendatzen dugula argi baitago”.

Aralar-NaBaik salatu duen Nafarroako obra publikoetako ustelkeriari buruz, Barcinak baieztatu du Patxi Zabaleta “guztiz zentzugabea” izan dela. “(Ustelkeria) arrastorik ikusten baduzu, zoaz auzitegietara”, esan du. Jarraian, Donapeari buruzko kritikak ukatu ditu “dena gardentasunez, argi eta takigrafoekin” egin baitzen.

Hitzarmen ekonomikoaren harira, negoziatzearen alde agertu da, Zabaletari haiek Euskal Autonomia Erkidegoko kontzertu ekonomikoarekin batera egin nahi izana leporatu dion arren, nazionalistek haien erabakiak “ondoko erkidegoan” hartzen baitituzte eta UPNn aldiz, “Nafarroan hartzen dira erabakiak eta gurea, hitzarmena, defendatzen dugu”.

Geroa Bai-ko atxiki gabeko parlamentari eta EAJko lehendakari Manu Ayerdik Madrileko legei buruz egin dituen kritikei erantzutean, Barcinak aipatu du “Espainia soberan dutenez, ulertzen dut Auzitegi Konstituzionala soberan izatea. Zuek ez duzue inoiz Nafarroa nortasun propioa duen ente politiko gisa hartu, inoiz existitu ez den Euskal Herria baten barruan baizik”.

Terrorismoaren kontrako politikaren karietara eta Herrirako kideen atxiloketak direla-eta egindako kritiken karietara, Barcinak argi utzi du bere gobernuak ez duela “inoiz Estatuko segurtasun-indar eta -gorputzek indarrean dagoen legediari jarraiki egiten duten jarduerarik kritikatuko”.

Barcinak bere mintzaldia beste autonomia erkidego batzuetan alderdi politikoen jarduerei buruzko aipamenez josi du Nafarroan egindakoa defendatzeko. Gainera, “guztiaren aurka joateko ados jartzea oso erraza” delako kexatu da.

Hauteskundeei beldurrik ez diela adierazi ondoren, lehendakariak azpimarratu du “hauteskundeak zergatik deitu nahi dituzten era arrazionalean aztertzea ez deitzeko argudiorik handiena” dela.

“Ez gaitezen zinikoak izan. Nafarroak gobernu sendo bat behar du eta zuek ez zarete gai ez duzuelako gehiengorik lortu behar. Horregatik behar ditugu hauteskundeak”, erantzun du PSNren bozeramaileak.