Saharako Osasun Publikoko Ministerioak egindako “2018-2020 aldirako Genero eta Osasun Plana” izeneko txostena aurkeztu dute
Munduko Medikuak erakundearen ustez, genero ikuspegia oinarrian jarri behar da kanpamentuetako errefuxiatu sahararren osasunerako eskubidea aitortzeko, bermatzeko eta gauzatzeko garaian
Nafarroako Parlamentuan 2018-2020 aldirako Genero eta Osasun Plana izeneko txostena aurkeztu dute gaur. Saharako Osasun Publikoko Ministerioak egin du, Munduko Medikuak erakundearekin elkarlanean, eta SAEDeko bizitza politikoan berdintasunaren ikuspegia bai egitura mailan zein antolaketaren kulturan txertatzea xede duten ekintza eta estrategia batzuk planteatzen ditu.
Kanpamentuetan emakumeek sexu- eta ugalketa-osasuneko kalitatezko zerbitzuak eskuratu ahal izateko bideak hobetuz, genero-ikuspegia kontuan harturik proiektuaren barnean egindako txosten horrek dioenez, badago borondate politikoa parte hartzen eta erabakitzen den postuetan emakumeak jartzeko eta haiei hitza emateko, baita errefuxiatu sahararren kokaguneetako aplikazio praktikoari dagokionez ere.
Hala ere, “itxuraz irekia den jarrera hori, emakumeak erantzukizun eta ikusgarritasun handiagoko postuetara erakartzea ere sustatzen duena”, kontraesanean dago —ez osasunaren arloan hain justu, baizik eta gizonezkoak nagusi diren beste batzuetan— “emakumearen egitekoa bere ugalketa-rolera” mugatzen duten zenbait adierazpenekin.
Ildo horretan, genero berdintasunaren bidean aurrera egiteko apustu politikoan 2016-2020 aldirako Osasun Plan Estrategikoak norabide aldaketa ekarri du, hainbesteraino non “aukera leiho” bat sortu baita, zeina, hala ere, jaso gabe baitago Osasun Ministerioaren programak planifikatzeko agiri gehienetan. Ugalketa-osasuneko Plan Nazionala soilik har daiteke “esperientzia arrakastatsuaren adibidetzat, genero ikuspegiaren eta osasun programen kalitatearen hobekuntzaren arteko loturari dagokionez”.
Hala, bada, azpimarratzen da emaitza zehatzak lortu direla: emakumeak ahalduntzea baliabide eta onuretarako irispide zuzena izateari begira, gehiago parte hartzea beren osasunari eta osasun arloko politikari buruzko erabakietan, eta generoaren erakundetze progresiboa Osasun Publikoko Ministerioan. Horrekin batera, ikusgaitasun eta aintzatespen handiagoa lortu dute beren komunitatearen osasuna mantentzeko lanetan.
Emaitza izan da, oro har, “aurrerapen nabari bat, osasunaren kudeaketan parte hartzearen eta informatuta egotearen aldetik”, eta horretan lagundu du, halaber, medikuntza eta osasun arloko langileen eta OPMko goi-kargudunen arteko komunikaziorako, trukerako eta koordinaziorako gune instituzionalizatuen sorrerak.
Egitura mailan, txostenak nabarmentzen duenez, emakumeek osasun sistemako lanpostuen erdiak baino gehiago (% 59,8) betetzen dituzte, eta proportzio hori % 70era igotzen da medikuntza eta osasun arloko langileen kasuan, baina % 9,8 baizik ez dira iristen zuzendaritzako postuetara. Beraz, aintzatespen soziala eta profesionala jasotzen badute ere, emakumeak nagusi dira osasun sistemaren oinarrian eta azpiordezkatuta daude tontorrean, erabaki politikoak hartzen eta baliabideak planifikatu eta banatzen diren mailetan, hain zuzen ere.
Genero ikuspegitik nabarmentzen diren ahulezien artean aipatzekoak dira zereginen eta erantzukizunen gainkarga, bateratzeko zailtasunak, lanbide-birziklapenerako pizgarrien eta bideen urritasuna eta motibazio galera. Akats horien guztien zuzeneko ondorioak dira batetik lanbidea goiz uztea eta bestetik trabak egotea emakumeak osasun arloko hezkuntza sisteman sartzeko, bereziki Erizaintza Eskolan.
Hurbilketa diagnostiko hori ikusirik, 2018-2020 aldirako Genero eta Osasun Planak helburutzat ezartzen du “aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza lortzea saharar errefuxiatuen osasunerako eskubidea aitortzean, bermatzean eta gauzatzean”. Horretarako, ekitatearen printzipioa aldezten da “balio estrategiko eta giltzarri gisara, antolaketa-kulturaren eta -politikaren kudeaketaren eraginkortasuna, kalitatea eta modernizazioa sustatzeko garaian” osasun arlo instituzionalean.
Errefuxiatuen kanpalekuetan Médicos del Mundo erakundeak duen genero-koordinatzaile Noelia Coboren esanetan, “lehendabiziko aldiz egin da genero-plan bat Saharako erakunde publiko batean; hori da, hain zuzen ere, dokumentu horren balio nagusia. Genero-planak, bestalde, osasun-zerbitzuen kalitatea eta bere profesionalen lan-baldintzak hobetzen ditu”.
Meya Ali erizain eta kontsultategiko arduradunak, genero- eta osasun-planari buruz mintzatzean dio ezen “etsenplu eta gizarte-eredu direla gainerako erakundeentzat; izan ere, emakumeak beren kontziliazio-baldintzak hobetuz erabakiguneetara hel daitezkeela frogatzen den momentuan, logikoena izanen da eredu hori hedatzea, imitatzea”.
2018tik 2020ra bitarteko Genero- eta Osasun-planaren aurkezpena egin dute Noelia Cobo Errefuxiatuen kanpalekuetan Médicos del Mundo erakundeak duen genero-koordinatzaileak, Meya Ali Auserd-eko wilayako eraizain eta Agueinid anbulatorioko arduradunak eta Doumaha Aylene osasun mentalaren programako koordinatzaile nazionalak.
Txosten hori Sí, ¿saharaui? Bai: Mujeres, cultura y salud programaren parte da. Mugarik gabeko Medikuak erakundeak finantzatu du programa hori, Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Iruñeko Udalarekin batera.
Gaur arratsaldeko aurkezpen-solasaldia Parlamentu Irekia ekimenaren barnean antolatu da. Programa horren bidez gizarte intereseko herri ekimenak eztabaidatzeko bidea eman nahi da.
Aurkezpenean egon dira, besteak beste, Maiorga Ramírez Mahaiko bigarren idazkaria (berak egin du hitzaldiaren aurkezpena), Carlos Mena Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren koordinatzailea, Ainhoa Unzu (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Patricia Perales (EH Bildu).
Archivos adjuntos