Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 14

PSNren eta Navarra Sumaren ebazpen bana onetsi da Nafarroako Gobernua premiatuz urgentziaz egin dezan Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilurako deialdia

Urtebeteko epean Enplegu Plan bat onets dezan Foru Erkidegoan ordezkaritza handiena duten eragile ekonomiko eta sozialen parte-hartzearekin

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta I-Ere aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “urgentziaz egin dezan Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilurako deialdia”.

 

Bigarren atalean, onetsitako ebazpenak Gobernuari eskatzen dio “etorkizuneko Nafarroako enplegu plana erakunde sindikalekin eta enpresa-erakundeekin adostu dezan”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “etorkizuneko Nafarroako enplegu plana gehienez ere urtebeteko epean onets dezan, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren baitan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak bere ekimena Europa 2020 estrategiaren barnean kokatzen du, “gobernuen eta ordezkaritza handieneko solaskide sozialen arteko elkarrizketa eta akordio esparruak sortzeak Europar Batasunean gobernantza publikoa eta erreforma ekonomikoak eta sozialak hobetzea ekarriko baitu”.

 

Ildo horretan, oroitarazten dute 2014ko abenduan Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortu zela, gizarte-eragileekiko aitorpen formal gisa eta behar dituzten eremu instituzionalak emateko, berezkoak dituzten interes ekonomiko eta sozialen defentsaren eta sustapenaren zeregina bete ahal izan dezaten. “Defentsa horren adierazpen gorena da, hain zuzen, enplegu planak prestatzea, dokumentu horiek irudikatzen baitute enplegu eta garapen arloko politika osoa”.

 

Eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarrizketaren eta adostasunen garrantzia azpimarratu ostean, sustatzaileak langabezia-tasaren eta lan-prekarietatearen erronkak aipatzen ditu Nafarroarako Enplegu Plan bat prestatzeko deia egiteko.

 

Hilabeteko epea, Navarra Sumak eskatuta

 

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bairen eta I-Eren abstentzioekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko lehendakaria premiatzen baita “Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilurako deialdia egin dezan hilabeteko epean, berriro heltzearren, berrikusiz, Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsitako ibilbide-orriari, zeina enplegu-plan bat prestatzekoa baita”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “Nafarroan eta Europako eskualderik aurreratuenetan hamarkada askotan zehar ohiko jokamoldea izan dena” berreskuratzeko deia luzatzen du, eta oroitarazten du “Gobernuen eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko adostasunek aurrerapauso sozial aipagarriak ekarri dituztela”, tresna baliagarriak baitira “erronka sozioekonomiko handiei heltzeko edo ziurgabetasunez beteriko koiunturei aurre egiteko”.

 

Ildo horretan, 2017ko urtarrilaren 25ean Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko Batzorde iraunkorrean ordezkaritza handiena zuten ergaile ekonomiko eta sozialen eta Foru Gobernuaren arteko akordioa goraipatzen da, “PSNk adierazpen instituzional baten bidez sustatutako akordioa eta Parlamentuak babestua, baina aurreko Gobernuak bete ez zuena”.

 

Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten du “enplegu-plan baten faltak enplegu arloan konpetentziak galtzea ekarri duela”, eta horregatik, garapen ekonomiko eta sozialaren oinarrian Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren ibilbide-orria berreskuratzeko deia luzatzen da.