Presidenteak ongi etorria eman dio Saharako haur talde bati
Oporrak Nafarroan pasako dituzte Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak (ANAS) antolatzen duen Oporrak Bakean programari esker
Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Alberto Catalánek, 20 laguneko talde sahararrari ongi etorria eman dio. Haurrek oporrak Nafarroan pasako dituzte, Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak (ANAS) antolatzen duen Oporrak Bakean programari esker.
Osoko bilkuren aretoan egin den ongietorrian, Alberto Catalánek haur sahararrak eta harrera-familiak agurtu ditu. Haurrei nafar gizarteak Tinduf-eko kanpamenduetan finkatuta dagoen herri sahararrarekiko duen estimua transmititu die. Gainera, haien oporrak Nafarroan disfrutatzeko aukeraz pozten dela adierazi du. Halaber, Parlamentuko presidenteak Foru Komunitateko organo legegileak eta Parlamentuko kideen taldeak Saharako auziari eta sahararren aldarrikapen politiko eta instituzionalei ematen dieten babesa gogorarazi du.
“Beste urte batez, eta dagoeneko ia-ia 20 urtez, atsegin handia da guretzat herri sahararren talde hau hartzea. Ez da laguntza humanitarioko kontua soilik, Nafarroako Parlamentuak herri sahararraren auziari ematen dion laguntza erakusteko modu bat da, bere herrian bizitzeko eta hazteko asmo legitimoei eskaintzen dion laguntza. Espero dugu egonaldi honek haur hauen aurpegian beste irribarre bat marrazten laguntzea", adierazi du Catalánek.
Foru Komunitateko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkariak, Badadi Benamar-ek, ongietorria eskertu du eta Nafarroako Parlamentuko indar politikoek herri sahararraren borroka zuzena eta haren instituzioak aho batez onartu izana azpimarratu du.
“Beste uda batez, haur hauek Nafarroako Parlamentura itzuli dira senidetasun eta elkartasun mezu batekin, hots, bakean eta aske existitzeko eskubidea defendatzen duen mezuarekin. Nafarroako lagunen elkartasunak beharrezkoa izaten jarraitzen duela gogorarazten digute. Ez gara eskaleak, gurea eskubide politikoen aldeko auzia da, alderdi humanitario bat duena. Berriz ere, eskerrik asko”.
Haur sahararrek Parlamentura egin duten bisita Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak (ANAS) udan hartzen diren haurrentzat programatu dituen jardueren barne dago. Jarduerek, gazteenei instituzioen babesa eskaintzen diete, eta gainera, herri sahararraren egoeraren inguruan sentsibilizazio soziala bultzatzeko mezua zabaltzen dute.
Ongietorrian, Mahaiaren idazkari nagusia, Maite Esporrín, eta hainbat parlamentari izan dira, besteak beste María Victoria Arraiza (Nafarroako Sozialisten Taldekoa), Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa (Bildu Taldekoak), Nekane Pérez (Aralar-Nabai Taldekoa) eta Marisa Simón (Izquierda-Ezkerra Taldekoa).