Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) betetzen ote den kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko Batzorde berezia eratu da
Nafarroako Parlamentuak gaur eratu du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) betetzen ote den kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko Batzorde berezia. Batzordea eratzeko ekimena UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa taldeena izan da, eta azaroaren 11n onetsi zuen Legebiltzarraren Osoko Bilkurak.
Batzorde bereziak, Legebiltzarreko Erregelamenduaren 50. artikuluaren arabera, lan zehatz baterako sor daitezke, bai eta erakunde edo entitate publiko jakin batzuekin harremanak izateko ere.
Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek gidatu du batzordea eratzeko bilkura, zeinean Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa) hautatu baitute lehendakari. Lehendakariordea Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa) izanen da, eta idazkaria, berriz, Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioa).
Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) betetzen ote den kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko Batzorde bereziak boto haztatuaren bidez hartuko ditu erabakiak, eta honako hauek ere osatuko dute: Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Maite Nosti (A.P.F Vox).
Batzorde berezia formalki eratu aitzin, Unai Hualdek adierazi du nahiko lukeela "batzorde hau eratzen denean eta Gizarte Entitateen Plataformaren parte-hartzeari esker betetzen joatea iragan legegintzaldian sinatu genuen Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Aurkako Nafarroako Ituna. Sinadura hori mugarria izan zen iragan legegintzaldian, eta orain dagokiguna da lan horri bultzada bat ematea, ituna betetzen dela ahalbidetzeko Parlamentuko alderdien eta gizarte-entitateen parte-hartzearekin".
Izan ere, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna 2021eko otsailaren 20an sinatu zuten Parlamentuko lehendakariak eta X. Legegintzaldiko Eskubide Sozialetako Batzordeko eledunek eta Gizarte Entitateen Plataformak, zeinak 150 organizazio baino gehiago biltzen baititu eta honako hauek osatzen baitute: Nafarroako GGKE-en Koordinakundea, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarea eta Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordea (CERMIN).