Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 23

Parlamentuko Lehendakariak Unicefek Nafarroan duen Batzordeko arduradunei harrera egin die

Nafarroan haur eta gazteen eskubideak bermatze bidean beharrezkoak diren neurriak egokitzeko Legebiltzarraren konpromisoa helarazi die Hualdek

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Mikel Aguirre eta Maider Gabilondori harrera egin die gaur, Nafarroan Unicefek duen batzordeko lehendakari eta koordinatzaileari, hurrenez hurren.

 

Bilkura honetan, Legebiltzarreko Lehendakariak eta haurren eskubideak defendatzen dituen erakundearen ordezkariek orain arte elkarrekin garatutako jarduerei jarraipena emateko akordioa egin dute.

 

Zehazki, gosari tematikoekin jarraitzeko borondatea adierazi dute, baita azaroaren 20arekin ospatzen den Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren (1989) urteurrenaren harira, 2009 urteaz geroztik Parlamentuan egiten den Haurren Osoko Bilkurarekin jarraitzeko ere.

 

Testuinguru horretan, aurten Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrena ospatuko dela eta, Lehendakaritzari ospakizun honetarako ekintzen proposamenak helarazi dizkio baita Unicefek datozen lau urteetan aurkeztuko dituen ekimen legegileak ere. Egun indarrean dagoen eta 2005 urtean onetsi zen araudia aldatzeko beharra adieraziz, Haurtzaroaren Lege Integrala onesteko ibilbidea has dadin eskatu dute, Gobernua babesten duten lau taldeek sinatutako Programa Akordioan islatutako konpromisoa baita.

 

Horrez gain, Adierazpen Instituzional bat onets dadin planteatu da, Nafarroan Haurtzaroaren Eskubideen aldeko aliantzarekiko “konpromisoa berritzea” eskatuz. Helburua da “haur eta gazte guztien euren eskubideak aitortzeko beharrezko neurriak har daitezen”.

 

Unai Hualdek Nafarroan haur eta gazteen eskubideak bermatze bidean beharrezkoak diren neurriak egokitzeko Legebiltzarraren konpromisoa helarazi die, eta horretarako “lankidetza bide desberdinak” ikertu direla adierazi du.

 

1946an sortu zenetik, UNICEF munduan haurren eskubideak defendatzen dituen erakunde nagusia da, eta 159 herrialdetan dihardu. Hurrengo lehentasunetan oinarritzen da erakundearen lana: haurren heziketa, haurtzaroaren garapen integrala, gaixotasunekiko prebentzioa, GIB/HIESaren aurkako borroka eta haurren babesa indarkeriaren, esplotazioaren, tratu txarren eta diskriminazioaren aurrean. UNICEFek Nafarroan duen batzordeak programa desberdinak kudeatzen ditu, besteak beste: Haiti, Pakistan, Nikaragua, Ekuador, Dominikar Errepublika, Niger, Myanmar, Mauritania, Guinea Bissau, Senegal, Guinea Ekuatoriala, Burundi, Ertafrikako Errepublika, Sudan, Irak, Palestina L.O., Etiopia eta Bangladesh. Helburu nagusia da munduko 7.000 milioi biztanleek haurtzaroaren eskubideak ezagutu eta defendatzea da, eta horretarako lehen pausua, diotenez, “munduko haurren egoerak ezagutaraztea” da.