Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Urtarrilak 15

Parlamentuko lehendakariak Osasun Departamentuari buruzko txosten berezi bat jaso du Arartekoarengandik.

Txostena Parlamentuko Eledunen Batzarrak eskatu du, eta Osasunari buruzko Foru Lege berri baten proiektua izapidetzeko lanen urratsetako bat da

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean Foru Komunitateko Ararteko Patxi Verari, zeinak txosten berezi bat eskuratu baitio, Osasun Departamentuari eginiko gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren oroitarazpen nagusiei buruzkoa.

 

Aipatu txostena Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak harturiko erabaki baten bitartez eskatu zen joan den urrian, Osasunari buruzko Foru Lege berri baten proiektua izapidetzearen testuinguruan eta erakunde horrek Osasun Departamentua dela-eta dituen aburu nagusiak ezagutzearren, horiek lege-proiektuaren izapidetzean aintzat hartu ahal izate aldera.

 

Gaur ekarritako txostenean ebazpen-sorta bat jasotzen da, non bildurik baitaude, alde batetik, arauei buruzko iradokizunak (zentzurik hertsi, zorrotz edo zehatzenean legeriako "akatsak" zuzen-zuzenean seinalatzen bide dituztenak), bai eta, bestalde, beste ebazpen, oroitarazpen, gomendio edo iradokizun batzuk ere, oharmenera zenbait afera orokor ekartzen dituztenak, legegileak neurri edo sakontasun handiago edo txikiagoan heltzeko modukoak direnak.

 

Nolanahi dela ere, unean uneko kexak aurkeztu zituzten pertsonen kasu zehatzak aldez edo guztiz gainditurik erakunde horrek jaulkitako eleak dira, eta agerian jartzen dituzte legegintzazko neurrien bitartez jorratzeko modukoak liratekeen interes publiko edo orokorreko problematika zenbait.

 

Txostenaren egiturari dagokionez, lehenik eta behin aurkezten dira pertsona eta kolektibo zaurgarrienak direnen eskubideak bermatze aldera adieraziak izan diren aburuak, bai eta osasun-sistemarako irispidea gobernatzen duen ekitate-printzipioa bermatzekoak ere, horien garrantzi kualitatibo nahiz kuantitatiboa erakunde horren zereginean berezia izaki; ondoren, orokortasunez herritarren eskubideak bermatzeko lanean adierazi diren jarrera-hartzeen azalpena egiten da.

 

Erabaki da txostenean ez jasotzea Covid-19aren pandemiaren inguruko gai zehatzei buruzko jarrera-hartzeak, ohiz kanpoko koiuntura batean jaulkiak izan zirenez eta funtsean administrazio-kudeaketari eta egoera zehatz horretan herritarren eskubideetan izan zuen eraginari buruzkoak direlako, jo baita ezen balio apalagoa dutela txostena eskatzeak zeukan xede zehatzari begira.

 

Dokumentuaren bukaera-partean osasunaren alorreko bi lan monografikori ere egiten zaie erreferentzia, zeinak Estatuaren nahiz autonomia-erkidegoen mailetako ararteko-erakunde guztiekin partekatuak izan baitira, haietan Nafarroako erakunde horrek parte-hartze aktiboa izan duela: bata, ospitale-larrialdiei buruzkoa, eta bestea, landa-inguruneko osasungintzari buruzkoa.

 

"Espero dut txostenaren edukia talde parlamentarioei lagungarri gerta dakiela herritarrek osasungintzaren alorrean egunez egun aurre egin behar izaten dioten problematikari buruzko informazio osoagoa edukitzeko, eta legeria egokitu ahalko zaiela pertsonek gaur egun dituzten premia errealei", adierazi du Patxi Verak.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, nabarmendu du espero duela "txosten hau tresna erabilgarria izan dadin, Gobernuak 2025erako duen araugintza-planean aurreikusita dagoen Osasunari buruzko Foru Lege berriaren izapidetzean zehar talde parlamentarioen lana aberasteko”.

 

Txostena Parlamentuan sartu ondoren, Arartekoak agerraldia eskatuko du, dokumentuaren nondik norako nagusiak esplikatzeko.