Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urriak 22

Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren 2023ko oroitidazkia jaso du

Administrazioaren isiltasunean oinarritzen dira oraindik ere Gobernuaren betebeharrak betetzen direla zaintzearen ardura duen organoari zuzendutako eskaera gehienak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari Juan Luis Beltrán jaunari, zeinak formalki entregatu baitio 2023ko jarduera-oroitidazkia, aurki Batzordean aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltranek azaldu duenez, erreklamazio-kopurua, 46, nabarmen murriztu da 2022koaren aldean, nahiz eta diferentzia hori orekatu egin duten gardentasun-alorrean Arartekoari aurkezturiko kexek; izan ere, bide batetik gehi bestetik, berriro ere iristen gara urteko 80ko batez bestekora".

 

Bestalde, eta erreklamazioen titulartasunari dagokionez, pertsona fisikoek aurkezturiko errekerimenduen goranzko joerak bereari eusten dio: halatan, bi ekitaldian, % 56tik % 73ra pasa dira, iaz baino puntu bat gutxiago. Generoka, gizonezkoen eskaerek nagusi izaten segitzen dute (% 41) emakumezkoenen aldean (% 32), nahiz eta alde hori % 5 murriztu  den. Gainerako % 27a pertsona juridikoen eskaerek osatzen dute.

 

Erreklamaziorik gehienen (zehazki, % 56,8ren) zergatia izan da "Administrazioaren isiltasuna eta erantzunik eza", eta subjektu pasibo gisa dute Foru Komunitateko Administrazioa (kasuen % 20) edo toki-administrazio bat (% 80).

 

Juan Luis Beltranen esanetan, administrazioen estrategia hori, informazioaren eskuratzea ez erraztu eta "herritarrari ezikusia" egitearena, "gardentasunaren minbizia, antitesia, da". Erreklamaziorik gehienek erantzuten diete interes partikularrei eta zuzeneko eragina pertsonarengan, haren ondarean edo egoera juridikoan duten gaiei.  Horien % 80k eskatzen dute interesdun gisa agertzen diren espedienteetarako zuzeneko irispidea izatea. Gainerakoek, ozta-ozta % 20k, jarduera publikoan parte hartu edo laguntzea dute helburu. Interes gisa hartzen dute nola egiten diren gauzak edo nolako ekarpena egin daitekeen hobeto egin daitezen. Fundazio, elkarte, kazetari edo ikerlarien kontuak dira", esan du NGKko lehendakariak.

 

Etorkizunari begira, Juan Luis Beltranek, jarduneko eginkizunean jada hiru urte eramanik eta egoera horretan legegintzaldiaren amaierara bitartean iraunen duela uste baitu, Gardentasun Legearen hemendik gutxirako aldaketari heltzen dio. Berak espero du urte-amaiera baino lehenago jasoko duela proiektua Parlamentuak, eta azpimarratzen du beharrezkoa dela alor honetan Gobernuaren betebeharrak betetzen direla begiratzen duen organoari berari aldaketak egitea. "Gardentasunaren Kontseiluak entitate ez hain politikoa eta teknikoagoa behar du izan. Gure proposamena Gobernuari bidali diogu, eta aurreproiektua jada prestatzen ari dira", amaitu du.

 

Unai Hualdek, bestalde, Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariarekin batera errepasatu du Parlamentuak gaur egungo legegintzaldiaren hasieran berritutako organo horren funtzionamendua.

 

Halaber aztertu dira gardentasunak Nafarroan gaur den egunean bizi duen egoera, eta indarreko foru legea hobetze aldera Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza Departamentua aztertzen ari den aldaketak, zeinak gero behar bezala izapidetuak izanen baitira Parlamentuan.

 

Beltranek, ildo horretan, toki-entitateen erreklamazioei erantzun hobea ematen zaiela bermatzeko mekanismoak taxutu beharra aztertu dute. Horretarako bideak lirateke udalbatzen kideei eta bertako langileei prestakuntza emateko ikastaroak, azken hilabeteetan egindakoak.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktore den Juan Luis Beltrán 2018ko martxoaren 22az geroztik dago Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren lehendakaritzan.

 

2016ko apirilaren 21eko Osoko Bilkurak onetsitako 11/2012 Foru Legearen aldaketa zela-eta eratua, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua organo independente gisa dago tankeratua, eta eginkizun du publizitate aktiboaren alorrean Gobernuaren betebeharrak betetzen direla begiratzea, eta halaber errespetatzen dela herritarrek Exekutiboaren eskuetan dagoen informazio publikorako irispidea izateko eskubidea.